Gazteria

2026·07·17

Erakustaldia  2026-07-17tik  2026-08-10era

2026-07-17

Hitzordua datorren igandean, uztailak 19, izango da Okendo plazan eta Mercero gunean. Artisautza, elikagaiak, zuzeneko erakustaldiak eta familia osoarentzako jarduerak izango dira.

Lasarte-Oriako Udaleko Kultura Sailak herritarrak gonbidatzen ditu datorren igandean, uztailak 19, Santa Anako Artisautza Azokaren edizio berri batez gozatzera. Azoka 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, Okendo plazan.

XLI. edizio honek Gipuzkoa eta Bizkaiko 18 artisau-postu bilduko ditu, egur, ehun, larru edo bitxigintzako lanekin. Plazako arkupeen azpian herriko hainbat talde ere izango dira, besteak beste, bolillera taldea, Emakumeen Etxeko eskulan taldea, egur tailuen tailerra, Patxi Altuna taldea, Biyak Bateko eskulan taldea, Lasarte-Oriako ehozirien taldea, Hiritar Gunea eskulan taldea, Zurlanketa taldea eta Altura Maketak.

Mercero gunean, gainera, gazta, eztia, hestebeteak, taloak, txokolateak, kontserbak edo euskal pastela bezalako produktuekin egindako 13 saltoki izango dira. Horrez gain, haurrentzako gune bat egongo da, eta bertan, joko tradizionalak eta artisautzako lanbideen zuzeneko erakustaldiak egingo dira egun osoan zehar.

Kultura Sailak herritarrak eta asteburuan Lasarte-Oria bisitatuko dutenak animatu nahi ditu ondarea, artisautza, gastronomia eta familia-giroa uztartzen dituen azoka batera hurbiltzera.

2026-07-16

Gurutze Gorriak Venezuelako Gurutze Gorriarekin eta Gurutze Gorriaren eta Ilargi Erdi Gorriaren Nazioarteko Federazioarekin batera garatzen duen erantzun humanitarioa finantzatzeko, 6.000 euroko aparteko ekarpena egingo du Udalak.

Lasarte-Oriako Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du gaur goizean Espainiako Gurutze Gorriarekin, joan den ekainaren 24an Venezuela astindu zuten lurrikara larrien ondoren abian jarritako erantzun humanitarioan laguntzeko. Sinadura ekitaldian Agustin Valdivia Calvo alkateak, Lourdes Acevedo Beldarrain Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eta Jose Luis Martin Mallo Lasarte-Oriako Gurutze Gorriko presidenteordeak parte hartu dute.

Lankidetza hori Udalak nazioarteko lankidetza- eta elkartasun-politikekin duen konpromisoaren barruan sartzen da. Politika horiek 2030 Agendaren printzipioekin eta Garapen Jasangarriko Helburuekin bat egiten dute, eta hondamendi naturalei erakunde espezializatuen bidez erantzuten laguntzen dute.

Hitzarmen horren bidez, Udalak 6.000 euro emango ditu "Venezuelako lurrikarek kaltetutako herritarren premiazko beharrei erantzun humanitarioa" izeneko proiektua finantzatzeko. Espainiako Gurutze Gorriak bultzatutako operazioa da, eta 1,5 milioi euroko aurrekontua du guztira. Esku-hartzea Venezuelako Gurutze Gorriarekin eta Gurutze Gorriaren eta Ilargi Erdi Gorriaren Nazioarteko Federazioarekin batera egingo da, kaltetutako herritarren behar larrienei erantzuteko. Operazioak 300.000 pertsona ingururentzako laguntza humanitarioa aurreikusten du, hasiera batean La Guaira eta Gran Caracas zonaldeetan, hondamendiak gehien zigortzen dituen zonaldeetan, indarrak bilduz.

7,2 eta 7,5 graduko lurrikarak izan dira, eta larrialdi izugarria eragin dute. Eskuragarri dauden datuen arabera, 9,7 milioi pertsona inguru kaltetu dira, gutxienez 589 hildako, 4.000 zauritu baino gehiago eta ehunka eraikin kolapsatuta edo larriki kaltetuta.

Agustin Valdivia Calvo alkateak adierazi duenez, "Lasarte-Oriak beti erakutsi du badakiela erantzuten tragedia batek munduko edozein leku kolpatzen duenean. 6.000 euroko aparteko ekarpen honekin dena galdu dutenen ondoan egon nahi dugu, eta Gurutze Gorria tokian bertan egiten ari den lana azkartasunez, profesionaltasunez eta berme guztiekin babestu".

Valdiviak gaineratu duenez, "tokiko administrazioek ere ardura bat dugu nazioarteko larrialdi handietan. Ekarpen bat bera ere ez da txikia bizitzak salbatu edo milaka pertsonen sufrimendua arindu behar denean. Erakunde askoren konpromisoaren baturari esker, laguntza gehien behar den lekura eta behar handiena dagoen momentuan iristen da".

Udalaren finantzaketak kaltetutako biztanleentzat funtsezkoak diren jarduerak lagunduko ditu, hala nola, senideen arteko kontaktua berrezartzea, osasun-arreta eta arreta psikosoziala, anbulantzia-zerbitzuak eta kanpainako ospitaleak, larrialdietan espezializatutako langileak hedatzea eta pertsona zaurgarrienentzako premiazko artikuluak hornitzea.

Gipuzkoako Gurutze Gorriko Lasarte-Oriako ordezkaria den José Luis Martín Mallo-ren hitzetan, Gipuzkoako Gurutze Gorriko ordezkariak zera nabarmendu du “horrelako ekimenek agerian uzten dute gizartearen inplikazioa eta elkartasuna. Oso eskertuta gaude Lasarte-Oriako Udalari Venezuelari egindako dohaintza ekonomiko honengatik, zalantzarik gabe, Gurutze Gorria laguntza humanitarioa arintzeko eta tokiko eta herrialdeko ekonomia suspertzeko egiten ari den lanetan jarraitzeko aukera ematen digulako”.

Ekarpen horrekin, Lasarte-Oriako Udalak berretsi egiten du nazioarteko lankidetzarekiko eta ekintza humanitarioarekiko duen konpromisoa, eta ibilbide ezaguna duten erakundeekin lankidetzan aritzen da, larrialdi handiei erantzun azkarra, koordinatua eta eraginkorra emateko eta behar handiena duten pertsonen bizi-baldintzak hobetzen laguntzeko.

Nola lagundu larrialdiari

Lasarte-Oriako Udalak herritarrak, enpresak, elkarteak, erakundeak eta gainerako gizarte eragileak animatu nahi ditu Gurutze Gorriak Venezuelako lurrikarek kaltetutako pertsonei arreta emateko bultzatutako elkartasun kanpaina honekin bat egitera.

Diru-ekarpena egin nahi dutenek Gurutze Gorriak gaitutako edozein kanalen bidez egin dezakete:

  • Web: www.cruzroja.es/colabora
  • Telefonoa: 900 104 971
  •  Bizum:
    • SANTANDER: 33512
    • BBVA: 33467
    • CAIXABANK: 04057
    • SABADELL: 04048
    • BANKINTER: 00087
    • B. COOPERATIVO: 02727
  • SMS solidarioa:
    • Bidali VENEZUELA 28092 zenbakira 1,20 € emateko.
    • Bidali VENEZUELA 38088 zenbakira 3 € emateko.
    • Bidali VENEZUELA 38092 zenbakira 6 € emateko.
  • Banku-kontuak:
    • SANTANDER: ES44 0049 0001 5321 1002 2225
    • BBVA: ES92 0181 2370 4600 1002 2227
    • CAIXABANK: ES28 2100 0600 8502 0196 0066
    • SABADELL: ES31 0081 5232 2800 0108 4716
    • BANKINTER: ES75 0128 0010 9701 0012 1395
    • B. COOPERATIVO: ES86 0198 0500 8020 2205 3421

2026-07-16

Kultura arloak Oriako eta Lasarte-Oria osoko herritarrak bilduko dituen jardunaldiaren egitaraua eman du ezagutzera.

Lasarte-Oriako Udalak, kultura arloaren bidez, uztailaren 16an Oria auzoan ospatuko diren Karmengo Jaietako egitarauaren berri eman du. Udalerriko jaien egutegian finkatuta dagoen hitzordua da, eta Plazido Mujika plaza eta Karmengo Amaren kapera izango ditu agertoki nagusi.

Eguna 09:30ean hasiko da, auzoko kaleetan zehar ibiliko diren txistulari eta trikitilarien ohiko dianarekin. 12:00etan meza nagusia izango da kaperan eta, behin bukatuta, Xumela abesbatzak girotutako lunch herrikoiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, festa giroak eta elkarbizitzak markatutako goizari amaiera emanez.

Kultura sailetik herritarrak animatu dituzte ospakizun horretan parte hartzera: "Karmengo jaiak aukera paregabea dira elkar ezagutzeko, partekatzeko eta gure auzoetako bateko tradizioak bizirik mantentzeko. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu Oriara hurbiltzera eta giro hurbil eta familiarrean goiza jai giroan pasatzera."

Egitaraua – Uztailak 16, osteguna

  • 09:30 txistularien eta trikitilarien diana.
  • 12:00 meza Nagusia Karmengo Amaren kaperan.
  • 13:00 h. Lunch herrikoia Xumela abesbatzak alaituta.
2026-07-15
Udal honetako Udalbatzak, 2026ko uztailaren 17an, goizeko 11:00etan Udaletxe honetan egingo duen ez ohiko eta urjentziazko bilkurarako deia zabaltzen du.
  1. Gai Zerrenda 2026-07-15
2026·07·15

2026ko ekainaren 11koa

2026·07·14

2026ko maiatzaren 14koa

2026-07-15
Tokiko Gobernu Batzarrari dei egiten zaio datorren uztailaren 16an, 9:00tan.
  1. Deialdia 2026-07-15

2026-07-15

Trafiko oharra

Uztailak 15 (gaua)

  • Buenos Aires Aldapa itxita asfaltatze lanak direla eta.
  • Sasoetako biribilgunea moztea, prestatzeko eta fresatzeko.

Uztailak 16 (gaua)

  • Sasoetako errotondaren mozketa asfaltatze lanak direla eta.

Uztailak 17 (goizez)

  • Buenos Aires Aldapa kalea moztuko da, seinale horizontalak margotzeko. Ondoren, Sasoetako biribilgunea seinaleztatuko dute. Kasu horretan, ez da erabat itxiko pasabidea, baina zirkulazioan eragina izango du.

2026-07-15

Osoko bilkurak proiektuaren aldaketa onartu du, obren azken txanpari bermez aurre egitea ahalbidetuko duena

Lasarte-Oriako Udalak urrats erabakigarria eman du Michelin Kiroldegi berria eraikitzeko. Udalbatzak joan den ostegunean onartu zuen proiektua aldatzea. Dokumentu horrek teknikoki eta ekonomikoki eguneratzen du jarduketa, eta, Agustín Valdivia Calvo alkateak gaur goizean azaldu duenez, aukera emango du obren azken zatiari bermeekin aurre egiteko, obrak egin bitartean sortutako gorabeheren ondoren. Berarekin batera agertu zen Goizalde Pildain Narvarte Kiroletako zinegotzia, eta instalazioaren etorkizuneko funtzionamendua zehazteko dagoeneko egiten ari diren lanaren berri eman zuen.

Hitzaldian zehar, Valdiviak proiektuaren ibilbidea errepasatu nahi izan zuen, jatorritik, egungo egoera testuinguruan jartzeko. Gogorarazi zuen kiroldegi berriaren diseinua lehiaketa publiko bidez aukeratu zela eta, ondoren, parte-hartze prozesu baten bidez babestu zela. Horren ondoren, Udalak lan egin zuen udalerriarentzako inbertsio estrategiko baten finantzaketa bermatzeko, bere egonkortasun ekonomikoa arriskuan jarri gabe.

Alkateak azaldu zuenez, behin obrak hasita, hainbat gorabehera tekniko eta eraikuntzazko agertu ziren, proiektua berrikustera behartu zutenak. Besteak beste, neurketetan akatsak zeudela, hasierako proiektuan agertzen ez ziren elementuak sartu behar zirela, eraikuntza-sistema jakin batzuk aldatu behar zirela eta arau-eskakizun berrietara egokitu behar zela aipatu zuen. Horren guztiaren ondorioz, zuzendaritza fakultatiboak aldaketa bat egin du, lanean hilabeteak eman ondoren, eta 2.000 orrialde baino gehiagoko dokumentu batean jaso da.

Berrikuspen horren ondorioz, egikaritze-aurrekontua hasieran aurreikusitako 17,95 milioi eurotik 22,08 milioi eurora pasatu da. Igoera, nagusiki, bi bloke desberdinei dagokie: alde batetik, obra gauzatzean detektatutako bat-bateko kausak, eta, bestetik, jatorrizko proiektuan nahikoak izan ez ziren neurketen ondoriozko gehikuntzak. Alkateak azpimarratu zuen onartutako aldaketa gerora sortutako arrazoiengatik egindako aldaketei dagokien % 20ko legezko mugaren azpitik mantentzen dela, eta horrek kontratuaren jarraipena bermatzen duela eta obran aurrera egiten jarraitzen uzten duela.

Valdiviak onartu zuen egikaritze-erritmoa aurreikusitakoaren azpitik egon dela, eta obraren amaiera 2027. urtearen amaierara arte doala. Hala ere, aldaketa onartzea inflexio puntua izango delakoan agertu zen. "Hemendik aurrera lanak abiadura hartzea espero dugu. Oso lan sakona egin da egindako guztia ordenatzeko eta eraikitzeko dagoena argi eta garbi definitzeko", adierazi zuen.

Alkateak azaldu zuen, halaber, behin obra bukatuta, Udalak sakon aztertuko dituela obrak iraun bitartean izandako atzerapena eragin duten arrazoiak. Gogorarazi zuen horrelako balorazioak obra amaitutakoan egiten direla, eta orduan aztertzen direla gauzatze-epeetan eragina izan ahal izan duten inguruabarrak eta, hala badagokio, kontratuan ezarritakoaren arabera erator litezkeen erantzukizunak.

Alkateak azken hilabeteetan udal zerbitzu teknikoek, zuzendaritza fakultatiboak eta inplikatutako eragile ezberdinek egoera konplexu bat konpontzeko egindako lana nabarmendu nahi izan zuen. Haren iritziz, onartutako aldaketak aukera ematen du eraikina osatzeko eta eraikuntzaren azken faseari segurtasun handiagoz aurre egiteko ibilbide-orri argi bat izateko.

Valdiviak aldatutakoa babestu aurretik gobernu taldeak ardura handienarekin jokatu duela defendatu zuen. Zentzu horretan, erabakia zuzendaritza fakultatiboaren txostenak, udal txosten teknikoak eta dagozkien txosten juridikoak jaso ondoren hartu zela azaldu zuen, bai Udalaren zerbitzu juridikoen aldetik, bai horretarako kontratatutako kanpoko aholkularitza juridiko espezializatuaren aldetik. Behin horiek guztiak aldeko zentzuan emanda eta espedientearen bideragarritasun juridiko osoa egiaztatuta, gobernu taldeak aldatuari bere babesa eman zion, tamaina horretako erabaki bat berme tekniko eta juridiko guztiekin baino ezin dela hartu azpimarratuz.

Alkateak, gainera, argi utzi nahi izan zuen aldaketa onartzeak ez dituela inolaz ere hurrengo legealdiko aurrekontuak baldintzatzen. Azaldu zuen urtekoen birbanaketak 2027ko ekitaldiari bakarrik eragiten diola, eta haren aurrekontua egungo gobernu-taldeari dagokiola egitea eta onartzea, 2028ko aurrekontuetako eta ondorengo ekitaldietako baliabide ekonomikoak arriskuan jarri gabe. "Ez gara hurrengo legegintzaldia hipotekatzen ari; inbertsio bat kudeatzen ari gara, egungo agintaldiaren barruan", azpimarratu du.

Etorkizunerako pentsatutako kiroldegia

Goizalde Pildain Narvarte Lasarte-Oriako Kirol zinegotziak Michelin Kiroldegi berriaren etorkizuneko funtzionamendua zehazteko dagoeneko garatzen ari den lanean jarri du fokua, obren aurrerapenarekin batera. Azaldu duenez, Kirol Saila kudeaketa eredua planifikatzen, zerbitzuak antolatzen eta udalerriko benetako beharrei erantzungo dien ekipamendua zehazten ari da. Horretarako, Udalak kirol-kudeaketako eta irisgarritasuneko adituen laguntza du, eta, horrez gain, elkarrizketa-prozesu bat du kirol-klub eta -elkarteekin, haien ekarpenak txertatuz eta udal-taldeen artean ahalik eta adostasunik handiena bilatuz.

Pildainek azpimarratu du helburua instalazio modernoak eraikitzetik haratago doala, herritar guztientzako espazio bizi, irisgarri eta inklusibo gisa sortutako kiroldegiaren aldeko apustua eginez. Ildo horretan, nabarmendu du proiektuaren arrakasta bere kudeaketa ereduaren araberakoa izango dela, baita auzokideek eta kirol erakundeek egiten duten erabileraren araberakoa ere, Michelin Kiroldegi berria erreferente bihurtzeko borondatearekin, Lasarte-Oriarako kirol jarduera, elkarbizitza eta aukera berrien sorrera bultzatuko duena.

Ildo berean, alkateak azaldu zuen Udalak obrak amaitu arte geratzen den denbora aprobetxatuko duela paraleloan aurrera egiteko ekipamenduaren eta instalazioaren zerbitzuen etorkizuneko lizitazioan, martxan jartzea ahalik eta baldintzarik onenetan egin ahal izateko. Era berean, irisgarritasun unibertsalaren aldeko apustua nabarmendu zuen, araudia betetzetik harago doazen eta Michelin Kiroldegi berria herritar guztientzako erreferentziazko instalazio bilakatuko duten irtenbideak txertatuz.

2026·07·15

Erakustaldia  2026-07-15etik  2026-08-06ra

2026-07-14

Normaltasun osoz eta istilurik gabe burutu da ekintza, Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren eta Udaleko Gizarte Zerbitzuen laguntzarekin.

Lasarte-Oriako Udalak gaur, uztailak 14, amaitu du Oztarango ikastetxe zaharra husteko prozesua, jarduera baimentzen zuen aldeko ebazpen judiziala lortu ostean. Normaltasun osoz eta modu baketsuan egin da esku-hartzea.

Eraikinaren barruan zeuden pertsonak beren borondatez atera dira instalazioetatik. Gehienek atzo egin zuten, eta oraindik eraikinean zeuden lau pertsonek gaur goizean egin dute, indarrezko jardunik behar izan gabe.

Eraikina husteko antolaturiko dispositiboan Ertzaintzak eta Udaltzaingoak parte hartu dute, bai eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek ere. Azken horiek bertan egon dira, hala eskatuz gero, Udalak hustutako pertsonei arreta eta gizarte-laguntzako baliabideak eskaintzeko.

Jarduera honekin, Udalak hasitako prozedura amaitzen da, egitura eta osasungarritasun arazoak dituen eraikin batean sortutako egoera dela eta. Egoera horren ondorioz, pertsonen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu ziren.

Udalak operazioaren garapenean parte hartu duten alde guztien laguntza eta jarrera eskertu nahi ditu, egoera istilurik gabe konpontzea ahalbidetu baitute.

2026-07-13

Udalbatzak onartutako kreditu aldaketak aukera emango du datozen hilabeteetan udal azpiegitura, espazio publiko, ekipamendu eta zerbitzuetan jarduera estrategikoak gauzatzeko

Lasarte-Oriako Udalak 8,7 milioi eurotik gorako inbertsio sorta jarriko du martxan datozen hilabeteetan. Aurreko ostegunean, Udalbatzak kreditu aldaketarako espedientea onartu zuen kreditu gehigarrien modalitatean. Eragiketa horri esker, Udalaren gerakinaren zati bat sartu ahal izango da aurreikusitako jarduerak finantzatzeko eta udalerriarentzat estrategikoak diren proiektuak garatzen jarraitzeko.

Agustin Valdivia Calvo alkateak eta David Mateos Jimenez Zerbitzu Publikoetako zinegotziak gaur goizean eman dute aldaketa honetan sartutako inbertsio nagusien berri. Biek ala biek, gainera, lasaitasun mezua helarazi nahi izan diete herritarrei, Udalaren egoera ekonomikoaren inguruan.
"Lasarte-Oriak kontu publiko oso saneatuak dituela herritarrek jakitea nahi dugu. Gihar ekonomiko oso indartsua dugu, eta inbertsio handiei aurre egiteko aukera ematen digu, Udalaren finantza-egonkortasuna arriskuan jarri gabe", azaldu du Valdiviak.

Alkateak gogorarazi du geldikina aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa egin ondoren erabil daitekeela, eta erantzukizun ekonomikoa ahaztu gabe proiektuak bizkortzeko aukera ematen duen tresna dela. "Gastu araua eta Plan Ekonomiko Finantzarioa betetzen jarraitzen dugu. Inbertsio hauek aspaldi hasitako plangintzaren ondorio dira, eta orain Udalaren osasun ekonomiko onari esker gauzatu ditzakegu", adierazi du.

Jarduera garrantzitsuenen artean, 2026ko asfaltatze-kanpaina nabarmentzen da; 750.000 euro izango ditu, kale askoren egoera hobetzeko eta bide-segurtasuna indartzeko. Halaber, haurrentzako parke handi berri bat eraikiko da Askatasuna Parkean, eta Oztarango parkea berrituko da. Jarduketa horretarako 685.000 euroko inbertsioa egingo da, eta udalerriko parke nagusietako bateko jolasgunea nabarmen handituko da.

Beste inbertsio nabarmenetako bat Euskaltegi zaharrean coworking gune berria sortzea izango da, eta 680.000 euro gordeko dira horretarako. Proiektuari esker, eraikinak gune berriak izango ditu, tokiko elkarteek bilerak, jarduerak eta erabilera partekatuak egin ditzaten.

Eraginkortasun energetikoari dagokionez, Udalak 548.701 euro bideratuko ditu argiteria publikoa berritzeko hirugarren fasera. Jarduera horri esker, udalerriko argiztapen-sistema ordezten jarraituko da, eta, hala, elektrizitate-kontsumoa murriztuko da eta argiztapena hobetuko da oraindik nahikoa ez den tokietan, urte honen amaieran laugarren eta azken faseari ekitea falta baita.

Aldaketak 477.327 euro izango ditu Landaberri ikastetxearen fatxada erabat berritzeko, eta 640.000 euro baino gehiago Juan XXIII, Erribera Kalea, Buenos Aires Aldapa eta Zumaburu Kaleko hornidura- eta saneamendu-sareetako jarduketetarako. Horretaz gain, udalerriko hornikuntza-sarearen egoerari buruzko azterketa integrala egingo da.

"Jarduera horietako asko ez dira beti agerikoak, baina ezinbestekoak dira kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko. Herritarrek egunero ikusten duten horretan inbertitzen dugu, baita udalerriak behar bezala funtzionatzea ahalbidetzen duten azpiegituretan ere", azaldu du David Mateos Jimenezek.

Era berean, zinegotziak nabarmendu du aldaketak udal eraikinak eta instalazioak hobetzen jarraitzea ahalbidetuko duela, Kultur Etxeko altzariak berrituz, legionelari aurre egiteko prebentzio jarduerak eginez, udal instalazioen auditoria elektrikoa eginez, negutegia egokituz eta ekipamendu publikoetan hainbat esku-hartze eginez.

Horrez gain, inbertsio berriak egingo dira hiri-altzarietan, seinale horizontalak berrituko dira, ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak jarriko dira eta makineria eta udal-ibilgailu berriak erosiko dira, zerbitzu publiko eraginkorragoak eta egungo beharretara egokituagoak eskaintzeko.

Hirigintzaren alorrean, Atsobakarreko etorkizuneko harmailak garatzeko behar den lursaila erosten hasteko partida bat ere sartu du Udalak. Eragiketa hori Usurbilgo udalerriak dagokion hirigintza-izapideak hurrengo hilabeteetan amaitzen dituenean osatu ahal izango da. Era berean, 200.000 euro bideratuko dira datozen urteetan jarduera berriak prestatzeko balioko duten azterketa eta proiektu teknikoak idaztera.

Agerraldian zehar, Valdiviak berretsi egin du inbertsio sorta hori ez dela bat-bateko erabakien ondorio, baizik eta agintaldia hasi zenetik zehaztutako ibilbide orri baten ondorio. "Jarduera horietako asko gure gobernu-programan jasota zeuden. Aurreikuspenekin lan egin dugu, aurrekontuaren likidazioa egin ondoren, berehala martxan jarri ahal izateko", esan du.

Amaitzeko, alkateak azpimarratu du Udalaren inbertsio ahalmena udalerriaren etorkizunerako bermea dela gaur egun. "Lasaitasuna transmititu nahi dugu. Lasarte-Oria ekonomikoki oso udal indartsua da eta erabat saneatua. Sendotasun horrek aukera ematen digu inbertitzen jarraitzeko, zerbitzu publikoak hobetzeko eta gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuak garatzen jarraitzeko. Bide horri jarraituko diogu datozen hilabeteetan ere".

2026-07-10

Gobernu taldeak gizalegearen aldeko deia egin du, eta ohartarazi du halako ekintzek behartu dezaketela instalazioa astez edo hilabetez ixtera

Lasarte-Oriako Udalak bere gaitzespenik irmoena adierazi nahi du bart Atsobakarreko Ur Txorroten Parkean gertatutako ekintza bandalikoagatik. Instalazio hau familien gozamenerako sortu zen eta, batez ere udako hilabeteetan, egunero dozenaka haur eta erabiltzaile biltzen ditu.

Goizeko lehen ordutik, Udaleko zerbitzu teknikoak lanean ari dira kalteen norainokoa ebaluatzeko eta kalte horiek instalazioaren funtzionamendu egokian eraginik izan duten egiaztatzeko.

David Mateos Jimenez Zerbitzu Publikoetako zinegotzia haserre agertu da gertatutakoarekin. "Zaila da ulertzea hainbeste familiak erabiltzen eta gozatzen duten espazio bat suntsitu dezakeenik norbaitek. Guztionak diren instalazio publikoei buruz ari gara, eta herritar guztien ahaleginarekin mantentzen ditugu. Horrelako jokabideak guztiz onartezinak dira".

Mateosek gogorarazi du horrelako ekintzen ondorioak kalteak konpontzeak dakarren kostu ekonomikotik askoz harago doazela. "Horrelako ekintza batek arriskuan jar dezake erabiltzaileen segurtasuna, eta konplexutasun tekniko handiko matxurak eragin ditzake. Atsobakar bezalako instalazio batean, ponpatze-, iragazte- edo kontrol-sistemetan edozein kalte izanez gero, baliteke parkea asteetan edo hilabeteetan ixtea, ekipoak ordezten eta beharrezko egiaztapenak egiten diren bitartean. Azkenean, ondorioak ordaintzen dituztenak espazio honetaz normaltasunez gozatu nahi duten auzotarrak dira".

Udalak erantzukizun kolektiborako eta ondasun komunekiko errespeturako deia egiten du. Udal-instalazioak herritar guztien ondarea dira, eta baliabide publikoekin mantentzen dira, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko. Horien kontserbazioa ere erabiltzen dituztenen konpromisoaren araberakoa da.

"Espazio publikoez gozatzeak horiek zaintzea ere badakar. Gizalegea, errespetua eta lankidetza eskatzen dugu, horrelako gertakariak berriro gerta ez daitezen. Ekintza bandaliko bakoitzaren atzean herri osoarentzako kaltea dago", gaineratu du zinegotziak.

Gainera, Udalak gogorarazi du ondare publikoari eragindako kalteek erantzukizun administratiboak eta penalak eragin ditzaketela, baita eragindako kalte ekonomikoak konpontzeko betebeharra ere. Udalak kalteak norainokoak diren aztertuko du, eta informazio guztia bilduko du, gertatutakoa argitzen saiatzeko. Erantzuleak identifikatuz gero, dagozkion ekintzak gauzatuko ditu, dagozkion erantzukizunak eskatzeko eta eragindako kalteak erreklamatzeko.