Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Lasarte

Aplikazio habiaratuak

Menu prensa

Aplikazio habiaratuak

Aktualitatea

Atzealdea Udal igerilekua betetzen hasi da, obretan detektatutako matxura gainditu ondoren

2026-02-17

Agustin Valdivia alkateak eta Goizalde Pildain zinegotziak lanen eboluzioa azaldu eta diru-itzultze eta ordainketa sistema zehaztu dute

Lasarte-Oriako alkate Agustín Valdiviak eta Kiroletako zinegotzi Goizalde Pildainek prentsaurrekoa egin dute pasa den azaroaren amaieratik itxita dagoen udal igerilekuaren egungo egoeraren berri emateko eta denboraldi berrirako abonuen aktibazioa eta itzulketen prozedura azaltzeko.

Sabai aizunean arazoak antzeman zituzten, eta, ondorioz, kendu egin behar izan zuten, segurtasun arrazoiengatik. Horretarako, igerilekua hustu, aldamioak jarri eta egitura desmuntatu behar izan zuten. Esku-hartzea aprobetxatuz, estalkiaren isolamendua hobetu zen.

Lanak bukatuta, igerileku nagusia bete zen. Hala ere, ura berotzeko prozesuan intentsitate handiko ihesa antzeman zuten, eta igerilekua berriro hustu behar izan zuten.

Alkateak azaldu zuenez, igerilekuaren jatorrizko iragazkaiztasunaren akatsa izan zen arrazoia, 35 urte baino gehiago baitzituen. Igerilekua zenbait astez erabat lehor egon zenez —horretarako ez dago diseinatuta material mota hori—, estaldura husteko hustubidearen eremuan pitzatu zen, eta galera eragin zuen.

“Iragazgaiztasuna igerilekua inoiz erabat lehor ez egoteko pentsatuta dago. Obrengatik hilabete baino gehiago hutsik zegoenez, materiala puntu zehatz batean pitzatu zen. Zorionez, arazoa lokalizatuta zegoen eta konponbidea bazuen”, adierazi zuen Agustin Valdiviak.

Iragazkaiztasunetan espezializatutako enpresa bati eskatu zitzaion konponketa. Enpresa horrek eragindako puntuan esku hartu du, eta pixkanakako betetze-proba egin du, estankotasuna egiaztatzeko. Ihesaldi berririk ez dagoela egiaztatu ondoren, gaurtik aurrera igerileku handia behin betiko betetzen hasiko dira. Igerileku txikia beteta eta tratatuta dago dagoeneko.

Prozesuak aurrez ikusitakoaren arabera eboluzionatzen badu —bi edo hiru egunez bete, eta astebetez, gutxi gorabehera, ura berotzeko eta tratatzeko—, hilabete honen amaieran ireki daiteke berriro. Alkateak nahiago izan du data zehatzik ez zehaztu, “zuhurtziagatik”, aurreko esperientziaren ostean.

Itzulketak eta ordainketak

Kudeaketa ekonomikoari dagokionez, Goizalde Pildáin Kiroletako zinegotziak itzulketen prozedura eta abonuen aktibazioa zehaztu ditu.

  • Ikastaroak: egin ezin izan direnean eta gozatu ez direnean, diruaren %100 itzuliko da.
  • Abonuak: itzulketa gozatu gabeko denboraren proportziozkoa izango da, kontuan izanik igerilekua kirol instalazioen abonuan sartzen diren zerbitzu guztien %30 inguru dela.

“Lasaitasuna helarazi nahi diegu herritarrei. Itzulketak tramitatzen ari dira dagoeneko, eta lanean ari gara prozesua ahalik eta arinena izan dadin. Jaso dugun pazientzia eta babesa eskertzen dugu”, esan zuen Goizalde Pildainek.

Gainera, igerilekua itxita zegoen bitartean 2026ko abonua ez kobratzea erabaki zuen Udalak. Instalazioa berriro ireki ondoren, benetako erabilera-hilabeteak bakarrik kobratuko dira, hau da, ez da urte osoa ordainduko, baizik eta ekitaldiaren amaierara arte geratzen den denbora.

Helbideratutako ordainketak dituztenek automatikoki jasoko dute itzulketa. Banku-helbideratzea ez dutenek kiroldegian edo udal erregistroan eman beharko dute beren kontu-zenbakia, itzulketa kudeatu ahal izateko.

Hilabete hauetan, erabiltzaile askok beste herri batzuetako kirol instalazioak erabili dituzte, eta horrek unean uneko gorabehera administratibo batzuk sortu ditu. Udalak inguruko beste kiroldegi batzuen laguntza eskertu du haien prestutasunagatik eta babesagatik.

Bai alkateak eta bai zinegotziak Hirigintza eta Kirol arloen arteko koordinazioa eta udal langileen ahalegina azpimarratu dute gorabehera hori konpontzeko. Gainera, ekitaldia ixtearekin eta urte berriarekin batera gertatu da, administrazioaren aldetik garai zailena baita.

“Egoera konplikatua izan da, baina erabaki orekatuak hartzen saiatu gara, bai herritarrengan bai udal langileengan pentsatuz. Orain azken txanpan gaude eta berme guztiekin berriro ireki ahal izatea espero dugu”, amaitu zuen alkateak.

Behin betiko betetze lanak hastearekin batera, Udala prozesu tekniko eta administratibo konplexu baten azken faseari aurre egiten ari da, udal igerilekuaren zerbitzu osoa laster berreskuratzea ahalbidetuko duena.