Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea TrukeLandiaren edizio berri bat martxan jarri da
2026-01-21

Bihar, urtarrilak 22, osteguna, Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak TrukeLandia izeneko programaren edizio berri bat aurkeztuko dute. Programa hau GurasoLeku egitasmoaren adarretako bat den GurasoLandian parte hartzen duten 0 eta 5 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei zuzenduta dago. Ekitaldia arratsaldeko 17:30tan hasiko da Ttakun Kultur Elkartearen egoitzan.
Izenak dioen bezala, TrukeLandiaren helburua familien arteko esperientzia trukea erraztea da, jolasaren, ipuinen, abestien edo bizipen partekatuen bidez, eta hori guztia euskaraz. Programak seme-alabei euskara transmititzeko konpromisoa duten familien arteko loturak sendotzea du helburu, hizkuntza modu naturalean eta egunerokoan presente egongo den harreman-guneak sortuz.
Aurkezpena GurasoLandian izena eman duten familiei zuzenduta dago soilik, hauek baitira TrukeLandiako hileroko saioetan parte hartu ahal izango dutenak. Ekitaldirako gonbidapenak programaren antolatzaileekin harremanetan jartzeko ohiko bideak erabiliz eskatu behar dira.
GurasoLeku proiektua Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatzen du, Ttakun Kultur Elkartearekin, Andre Joakina Haur Eskolarekin, Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeekin, Burunzpe eta Landaberri guraso elkarteekin eta Muntteri euskaltegiarekin elkarlanean. Sare honen baitan GurasoTegi, GurasoLagun eta GurasoLandia bezalako ekimenak garatzen dira, guztiak helburu berarekin: familiei lehen urteetatik beren seme-alaben euskarazko sozializazio prozesuan laguntzea.
Edozein zalantza izanez gero, interesdunek Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Sailera jo dezakete, mezu elektroniko bat bidali ttakun@ttakun.eus helbidera edo 943 366 858 telefonora deitu.
Argazkia: Ttakun Kultur Elkartea


