Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Treba Gurasoak: Gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu

Saio honetan "Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote?" gaia landuko da. Hitzaldia, euskaraz, Eider Goibururen eskutik, otsailaren 21ean izango da 18:00etan, Kultur Etxeko hitzaldi aretoan. Izena emateko: kultura@lasarte-oria.eus

2024·02·05

Treba Gurasoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimena da, eta, gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. Tresna arina eta efikaza izan nahi du, hainbat eragileren lankidetzaren bidez, guraso izateari dagokion ezagutza lurralde osoan transmititzeko. Hazieraren eremu hori hain aldakorra izanik, gainera, bizia eta malgua izan nahi du, unean uneko errealitatera eta eskaerara egokitu ahal izateko.

Haurren eta nerabeen guraso guztiek, uneren batean, orientazioa behar dute hezkuntza-prozesuan beren funtzioak behar bezala garatzeko. Hala ere, laguntza edo babes horren helburuak ez du erreparatzaile edo terapeutiko hutsa izan behar; aitzitik, prebentziozkoa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu behar du.

Gurasotasuna gauzatzeko modua nabarmen aldatu da gure gizartean. Beste arlo askotan gertatutakoarekin batera (familia-forma ezberdinak, genero-rolen aldaketa, kultura-aniztasuna...), hemen ere kontzeptu-aldaketa bat egon da. Izan ere, seme-alaben aldetik obedientzia eta diziplina lortzen oinarrituta zegoen guraso-autoritatearen ordez, konplexuagoa den eta lan gehiago eskatzen duen kontzeptu bat gailentzen ari da: gurasotasun arduratsuaren edo gurasoen erantzukizunaren kontzeptua, hain zuzen ere.

Horren arabera, gakoa jada ez da gurasoek seme-alaben obedientzia lortzeko autoritateaz baliatzea, aginte hori arduraz erabiltzea baizik; hau da, seme-alaben eskubideak zaindu daitezen erantzukizunez jokatzea, baina gurasoenak kaltetu gabe. Horrek barnean hartzen ditu haurrak eta nerabeak beren sozializazio-prozesuan parte hartzera bultzatzea, beren gaitasun kritikoak sustatzea eta, aldi berean, pixkanaka, beren autonomia eta herritartasun aktiboa sustatzea.

Horiek horrela, gaur egungo aitei eta amei gurasotasun positiboaren ikuspegiak lagundu diezaieke beren seme-alaben heziketako eta hezierako jardunean.

Gakoa ez da gurasoek beren seme-alaben obedientzia lortzeko autoritateaz baliatzea, baizik eta aginte hori arretaz betetzea; hau da, arduraz jokatzea seme-alaben eskubideak babesteko, baina gurasoen eskubideak urratu gabe. Horren barruan sartzen da haurrek eta nerabeek sozializazio-prozesuan parte har dezaten bultzatzea, haien gaitasun kritikoak sustatzea eta, aldi berean, haien autonomia pixkanaka sustatzea eta herritartasun aktiboa gauzatzea.

Helburu orokorra:

Pornografiak nerabeen sexualitatean izan dezakeen eragina aztertu eta familiek nerabeen sexu-heziketan duten funtzioa indartzea.

Helburuak:

  • Gaur egungo eredu pornografikoa aztertzea.
  • Nerabeen artean gailentzen den eredu pornografikoak iruditegian duen eragina azalaraztea, ikuspegi hezkidetzaile batetik.
  • Nerabeen hezkuntza-prozesuan sexualitate aske eta osasuntsu baterako gakoak eskaintzea.
  • Gurasoak sexualitate-eremuko heziketa-lanetan ahalduntzea.
  • Familiek dituzten bizipen, kezka, galdera, eta abarrak beste familiekin partekatzeko espazio bat sortzea.

Metodologia:

Hitzaldia: Eduki teorikoak landuko ditugu betiere parte-hartzaileei galdera, kezka, hausnarketa eta ekarpenetarako espazioa eskainiz. Aldi berean, taldean hausnartzeko ariketak proposatuko dira familiek beren bizipen, ardura eta baliabideak partekatzeko aukera izan dezaten.

Tailerra: Metodologia aktiboa eta parte-hartzailea izango da. Bakarka nahiz taldean hausnartzeko ariketak proposatuko dira gurasoek beren bizipen, ardura eta baliabideak partekatzeko aukera izan dezaten. Aldi berean, guztien beharrak kontuan izango dira taldekide bakoitzaren zaintza eta erosotasuna bermatuz.