Treba Gurasoak: Gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu
2022·03·14
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimena da, Lasarte-Oriako Udalarekin lankidetzan eta non herriko ikastetxeetako gurasoen hiru elkarteek parte hartzen duten. Gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu. Tresna arina eta eraginkorra izan nahi du, hainbat eragileren lankidetzaren bidez, guraso izateari dagokion ezagutza lurralde osoan transmititzeko. Hazieraren eremu hori hain aldakorra izanik, gainera, bizia eta malgua izan nahi du, unean uneko errealitatera eta eskaerara egokitu ahal izateko. Haur eta nerabeen heziketa-prozesuan, guraso guztiek behar dute momenturen batean laguntza, guraso bezala dituzten funtzioak era egokian garatzeko. Laguntza edo sostengu horrek, ordea, ez du izan behar konpontzailea edo terapeutikoa bakarrik; aitzitik, helburu prebentiboa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu.
Gurasotasuna gauzatzeko modua nabarmen aldatu da gure gizartean. Beste arlo askotan gertatutakoarekin batera (familia-forma ezberdinak, genero-rolen aldaketa, kultura-aniztasuna...), hemen ere kontzeptu-aldaketa bat egon da. Izan ere, seme-alaben aldetik obedientzia eta diziplina lortzen oinarrituta zegoen guraso-autoritatearen ordez, konplexuagoa den eta lan gehiago eskatzen duen kontzeptu bat gailentzen ari da: gurasotasun arduratsuaren edo gurasoen erantzukizunaren kontzeptua, hain zuzen ere.
Horren arabera, gakoa jada ez da gurasoek seme-alaben obedientzia lortzeko autoritateaz baliatzea, aginte hori arduraz erabiltzea baizik; hau da, seme-alaben eskubideak zaindu daitezen erantzukizunez jokatzea, baina gurasoenak kaltetu gabe. Horrek barnean hartzen ditu haurrak eta nerabeak beren sozializazio-prozesuan parte hartzera bultzatzea, beren gaitasun kritikoak sustatzea eta, aldi berean, pixkanaka, beren autonomia eta herritartasun aktiboa sustatzea.
Gauzak horrela, gaur egungo aitei eta amei gurasotasun positiboaren ikuspegiak lagundu diezaieke beren seme-alaben heziketako eta hezierako jardunean.
Gakoa ez da gurasoek beren seme-alaben obedientzia lortzeko autoritateaz baliatzea, baizik eta aginte hori arretaz betetzea; hau da, arduraz jokatzea seme-alaben eskubideak babesteko, baina gurasoen eskubideak urratu gabe. Horren barruan sartzen da haurrek eta nerabeek sozializazio-prozesuan parte har dezaten bultzatzea, haien gaitasun kritikoak sustatzea eta, aldi berean, haien autonomia pixkanaka sustatzea eta herritartasun aktiboa gauzatzea.
Zehazki, sentsibilizaziorako eta hausnarketarako lau hitzaldi izango ditugu. Inspiratzaile eta motibazio-iturri izan nahi dute hurrengo urratsak emateko. Seme-alabekin jarduteko moduari buruzko gako txikiak eskainiko dira (saioak ordu eta erdikoak izango dira).
EMOZIOEN GARRANTZIA FAMILIAN. NOLA ZAINDU SEME-ALABEN EMOZIOAK.
Helburu orokorra
Hitzaldi honetan seme-alaben emozioek egunerokoan duten garrantzia azpimarratu, eta horiek kudeatzeko eta zaintzeko lehen urratsak azalduko dira.
Helburuak
- Adimen emozionalari buruzko ezagutzak eskuratzea.
- Emozioak zer diren jakitea.
- Emozioen funtzioak ezagutzea.
- Emozioak kudeatzen ikastea.
- Emozioen atzean dauden beharrak ezagutzea.
- Bidelagun emozionalak izateko beharrezkoak diren tresnak ezagutzea.
- Familian adimen emozionala garatzeko baliabideen berri izatea.
- Egoera emozional ezberdinetan moldatzen jakitea.
- Gatazka emozionalak era onuragarri batean konpontzen ikastea.
- Nerabeei beren emozioetan laguntzeko tresnak eskuratzea.
- Landuko diren edukiak eta gaitasunak
- Zer dira emozioak?
- Emozioen funtzioak
- Nondik datoz emozioak? (emozioen zgatia)
- Beharrak: zertara bultzatzen gaituzte emozioek?
- Kudeaketa emozionala
- Nerabeen emozioak: nola bizitzen dituzte?
- Bidelaguntza emozionala: nola izan haurren bidelagun emozionala?
- Metodologia
- Hau guztia lantzeko metodologia dinamikoa erabiliko da (teoriko-praktikoa).
- Teorian oinarrituta, egunerokoan bizitzen diren egoerak landuko dira, esperientziarekin konektatzeko eta lanketa sakonagoa egin ahal izateko.