Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Stock Azoka Lasarte-Oriara itzuliko da irailaren 3tik 5era
2026-09-01

Irailaren 3tik 5era ospatuko da Lasarte-Orian Stock Azokaren edizio berri bat. Ekimen horri esker, merkealdia amaitu ondoren, establezimenduek beren izakinei irteera eman ahal izango diete, eta herritarrei produktuak prezio lehiakorretan erosteko aukera eskainiko zaie.
Nuria Fernandez Castrillo Sozioekonomia zinegotziak aurkeztu du kanpaina prentsaurrekoan, Mabel Pedreira ATERPEAko presidentearekin batera. Ekimenak Lasarte-Oriako Udaleko Sozioekonomia arloaren babesa du, udalerrian merkataritza sustatu eta bultzatzeko urtero ATERPEArekin sinatzen duen hitzarmenaren bidez. Biek ala biek nabarmendu dute establezimenduei zuzeneko laguntza ematea eta Lasarte-Oriako merkataritza-jarduera dinamizatzea uztartzen dituen ekimena.
Stock Azokaren ezaugarrietako bat, hain zuzen ere, formatua da. Produktuak ez dira esparru komun batean kontzentratuko; saltoki bakoitzak bere establezimenduan garatuko du kanpaina. Horrela, azokak iraungo duen hiru egunetan oinezkoen joan-etorriak erraztea eta herriko kaleetan giroa sortzea bilatzen da.
Fernandez Castrillok nabarmendu du horrelako kanpainek «arrazoi bat gehiago» eskaintzen dutela «gure saltokietan sartzeko, eskaintzen dutena ezagutzeko eta erosketak Lasarte-Orian egiteko». Sozio-ekonomiako zinegotziak, gainera, Udalak ATERPEArekin duen lankidetza egonkorraren garrantzia azpimarratu du, urteko hitzarmenaren bidez: «Aukera ematen digu Stock Azoka hau bezalako ekimen zehatzak babesteko, baina baita urte osoan zehar Lasarte-Oriako merkataritza sustatu, indartu eta ikusgarritasuna ematera bideratutako lan-ildoari eusteko ere».
Bestalde, Mabel Pedreirak, ATERPEAko presidenteak, herritarrak animatu ditu azokaren hiru egunak aprobetxatzera eta parte hartzen duten establezimenduetan ibiltzera. «Merkealdien ondoren oso prezio interesgarrietan produktuak aurkitzeko aukera da, eta, aldi berean, hurbileko merkataritzaren aldeko apustua egiten jarraitzeko», adierazi du.
Edizio honetan sektore ezberdinetako 14 establezimenduk hartuko dute parte: Urruzola Mertzeria, Mabel Moda, Mercería Olmi, Amali Jolasdenda, Imagine Jantzi Denda, Lilura Liburudenda, Deco 75 Textil Hogar, Bideo Lagunak, Pinturas Pintamil, Calzados Leder, Nogues Moda, Electricidad Arregui, Zapatería Iturbe eta Multiópticas Lasarte.
Horrela, Stock Azokak berriro ere saltokiak kanpainako protagonista bihurtuko ditu. Hiru egunetan zehar, herritarrek aukera izango dute saltokiak bisitatzeko, haien eskaintzak ezagutzeko eta hainbat sektoretan aukerak aurkitzeko, hala nola, moda, mertzeria, oinetakoak, jostailugintza, liburu-denda, etxea, ikus-entzunezkoak, pintura, elektrizitatea edo optika.
Udalak eta ATERPEAk herritarrak animatu nahi dituzte ekimenean parte hartzera eta azoka aprobetxatzera Lasarte-Orian erosteko eta tokiko merkataritzari babesa emateko, sektore horrek zuzenean laguntzen baitu udalerriko kaleetako jarduera eta eguneroko bizitza mantentzen.

