Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Lasarte

Aplikazio habiaratuak

Menu prensa

Aplikazio habiaratuak

Aktualitatea

Atzealdea San Sebastian Circuit Spirit - Michelin Fundazioa aurkeztu da

2025-09-18

Lasarteko zirkuituko lasterketa historikoak oroituko ditu ekitaldiak, eta 130 ibilgailu klasiko eta balio handiko kirol-ibilgailu ekarriko ditu herrira.

San Sebastian Circuit Spirit – Michelin Fundazioaren edizio berri bat aurkeztu da prentsaurrekoan. Goizalde Pildain Lasarte-Oriako Udaleko Kirol zinegotziak eta Agustin Garcia ekitaldiko antolatzaileen ordezkariak hitz egin dute ekitaldian.

Lasarte-Oria automobilismoaren nazioarteko mapan kokatu zuten lehiaketa haien memoria bizirik mantentzearen garrantzia azpimarratu zuen zinegotziak:

"Lasarteko zirkuitua gure identitate kolektiboaren parte da. Europako proba garrantzitsuenetako batzuen agertoki izan zen, eta motor-kiroleko izen handiak erakarri zituen. Ekitaldi honi esker, gure udalerriak historia horri omenaldia egiten dio berriro eta, aldi berean, erakusleiho bihurtzen da bisitari eta zaleentzat", nabarmendu zuen Goizalde Pildainek.

Bestalde, Garciak azaldu zuen San Sebastian Circuit Spirit 1923 eta 1935 arteko ibilbide historikoan egindako lasterketak gogora ekartzeko asmoz sortu zela. Zortzigarren edizioa izango da aurtengoa, turismoa, kultura, motorra eta gastronomia uztartzen dituen erreferentziazko hitzordu gisa finkatua, babesle nagusia den Michelin Fundazioaren babesarekin. Enpresak Lasarte-Oriarekin duen loturaren jatorria, hain zuzen ere, proba haietan dago, Michelinek herrian duen fabrika zirkuituarekin lotura zuzenean sortu baitzen.

136 ibilgailu izena emanda

2025eko edizioan 136 autok hartuko dute parte, eta horietatik 50 inguru balio historiko eta ekonomiko handiko klasikoak izango dira, askotan errepide irekian ibiltzen ez diren benetako bitxiak. Gainera, modelo moderno erakargarriak ere izango dira, Ferrari, Aston Martin, Chevrolet Corvette, Lotus eta Porsche, besteak beste.

15 ferrari elkarrekin desfilatuko dute lehen aldiz ekitaldi honetan, Modena Sport Biarritz kontzesionarioaren laguntzari esker. "Gutxitan gozatu daiteke gure kaleetan halako hedaduraz. Benetako ikuskizuna izango da, bai motorraren zaleentzat, bai ikustera hurbiltzen den edozein herritarrentzat", esan zuen Garciak.

Geldialdi enblematikoak dituen ibilbidea

Larunbatean 10:30tan Donostiako Gipuzkoa Plazatik, Michelingo lantegira abiatuko dira parte-hartzaileak, Donostiako hainbat auzotan ibili ostean, 11:30etik 11:45era bitartean iritsiko dira Lasarte-Oriara.

Udalerriko pasabideak Geltoki kalea, Hipodromo etorbidea, Kale Nagusia eta Zirkuituaren hiribidea zeharkatuko ditu, ibilbide historikoaren zati bat sinbolikoki berreskuratuz. Ondoren, Ibarra, Lekunberri eta Leiza aldera abiatuko da karabana, eta bertan izango da bazkari ofiziala.

Arratsaldean, 17:00ak aldera, ibilgailuek geldialdia egingo dute Donostiako Hipodromoan, 40 bat minutuz. Azkenik, Donostiara itzuliko dira, Kontxako pasealekuan, Urbieta kalean eta Argentinako Errepublikan desfilatzeko, Nazioarteko Zinema Jaialdiarekin bat eginez. Gipuzkoa Plazan itxiko dute eguna, 18:30etik 19:00etara, eta bertan bilduko dira ibilgailu guztiak.

Lasarte-Oriarako aukera bat

Kiroletako zinegotziak ekimenak udalerriarentzat duen eragina nabarmendu zuen:

"Lasarte-Oriarentzat gure kanpo proiekzioa indartzea eta Euskal Herriko eta Europako kirol ondarearen parte den zirkuitu baten memoria berreskuratzea suposatzen du. Aldi berean, jarduera irekia eta doakoa da, eta gure auzokideek ikuskizun paregabe batez gozatzeko aukera dute herriko kaleetan".

Sebastian Circuit Spirit-Michelin Fundazioak antolakuntza zabala du, segurtasuna, ibilbideak eta geltokiak koordinatzen dituena, 160 ibilgailutik gorako karabana kudeatuz parte-hartzaileen, laguntza logistikoaren eta antolakuntzaren artean.

Edizio berri honekin, Lasarte-Oria berriro ere dardaratuko da automobilismoaren urrezko garai bat gogora ekartzen duten eta, gaur egun, grina eta miresmena pizten jarraitzen duten motorren orroaz.