Merkataritzan Euskaraz kanpaina “Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” lelopean
2021·11·19
Kanpainaren lelo orokorra salerosketan ematen den harremanarekin lotu da. Izan ere, "jarri betikoa" da denda edo taberna batean konfiantza handiena ematen duen esaldia. Hala, euskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide gisa aurkezten du kanpainak, eta euskararen erabileraren inguruan hausnartzea eta sentsibilizatzea bultzatu nahi du.
Merkataritza eta ostalaritza Euskararen normalizazioan sektore estrategikoa da. Izan ere, herritarren egunerokotasunean garrantzia handia du eta era askotako harremanak sortzen dira (aisialdiarekin lotutako harremanak, salerosketak .). Horregatik, Lasarte-Oriako Udalak garrantzitsutzat jotzen du sektorean eragitea.
2020. urtean abiatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kanpaina. Iaz, sare sozialen eta Internet bidez zabaldu zen, eta Donostiako, Gasteizko eta Bilboko udalek eta Oarsoaldea Garapen Agentziak hartu zuten parte. Aurten jauzi kualitatibo bat eman nahi izan da kanpainan eta herri gehiagotara iristeko apustua egin. Horretarako, eragile ugarirekin aritu da lankidetzan Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta EAEko udalei ere parte hartzeko gonbita luzatu die, tartean, Lasarte-Oriako Udalari. Guztira, EAE osoko 60 udalek hartuko dute parte.
Euskarri ezberdinak erabiliko dira kanpaina osoan zehar: telebistarako spota, irratirako iragarkia, kartelak, bannerrak, prentsa idatzirako iragarkiak, posterrak markesinetan, erreportajeak Txintxarrin… Datozen bi astean, Udal langile bat materiala banatzen ibili da dendariei eta ostalariei, eta dendetan kartelak jartzeko gonbidapena ere egingo die. Era berean, kanpainaren mezuarekin bat egin eta bezeroekin ahal den guztietan euskaraz egin dezaten ere eskatuko die merkatariei eta ostalariei.
Kanpainak abenduaren 31ra arte iraungo du, eta Lasarte-Oriako Udalak herritar, merkatari eta ostalariak parte hartzera animatzen ditu.