Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

LGTBIQ + harrotasunaren eguna

Udalak aho batez onetsi du deklarazio bat, LGTBIQ+ harrotasunaren eguna dela eta

2022·06·28

Horrela, Udalak herritarrei gogorarazi nahi die ez dagoela arrazoirik inor diskriminatzeko balio duenik. Eta kasu honetan, ezin dela sexu biologikoagatik, orientazio sexual-afektiboagatik, sexu-identitateagatik edo genero-rolagatik inor diskriminatu..

 

Onetsitako deklarazioa:

LGTBIQ+ PERTSONEN ASKAPENAREN ALDEKO NAZIOARTEKO EGUNA

Datorren ekainaren 28an Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen Nazioarteko Eguna ospatuko da; mundu osoan 1969ko ekainaren 28ko gauean New Yorkeko Greenwich Village auzoko Stonewall pubean gertatutakoak gogoratuko dugu. Gertakari horiek LGTBIQ+ pertsonen eskubideak onartzearen aldeko nazioarteko mugimenduaren katalizatzailetzat hartzen dira, eta 1970etik oroitarazten da memoria hori.

Stonewalleko gertaeretatik 10 urte geroago, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Antonio Vicente Santa Maria (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean, trabesti bat zelako. Ekainaren 28an, LGTBI pertsonak eta kolektiboak kalera atera ziren Euskal Herrian, beren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzeko exijituz.

Egun honek aniztasunean biziko diren eta LGTBIQ+ pertsonen eskubide urratuak betetzea sustatuko duten gizarte toleranteagoak eraikitzen jarraitzearen garrantzia gogorarazten digu. Jardunaldi hau genero aniztasunekiko errespetua duen gizarte anitz baten alde mobilizatzen jarraitzeko jardunaldia da, gorrotoa eta diskriminazioak desagerrarazteko gai izango dena; demokrazian eta haien eskubideetan sakontzen jarraitzeko.

Erabateko tolerantzia, askatasun eta berdintasunezko mundu baten alde lan egin behar dugu. Aurrera egin da, baina ahaleginean jarraitu behar da, eta horrek denbora, ahalegina eta iraunkortasuna eskatzen ditu; LGTBIfobia salatu behar da, baita kaltegabeko dibertimendu edo kultura-tratu onartu gisa aurkezten bada ere. Diskriminazioa da, eta horren aurka borrokatu behar dugu eragile arduratsu gisa, udalerri adiskidetsu, aske eta berdintasunezkoa eraikitzen ahalegintzeko.

Erakundeok LGTBIQ+ pertsona guztien eta haien familien benetako berdintasuna bermatu behar dugu, gizarte-aurrerapenerako eta -garapenerako bizikidetza on baten funtsezko elementu gisa. Gure betebeharra da aspaldidanik entzuten diren gorrotoaren diskurtsoak geldiaraztea, harresi bat eginez gizartea kontzientziatzeko, pertsona guztiek, beren identitate edo orientazio sexuala kontuan hartu gabe, eskubide osoko herritar gisa dagozkien ahalmen eta eskubide guztiak erabili ahal izan ditzaten, beldurrik eta errespeturik gabe.

Udalak gara, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, eta, beraz, berdintasunaren eta bizikidetzaren defentsaren aldeko tokiko ekintza argia bermatzen dutenak, arraza, sexua, erlijioa, iritzia edo beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo sozial kontuan hartu gabe.

Konpromisoa hartu behar dugu, inoiz baino gehiago, eta konpromisorik gabeko adierazpenak alde batera utzi. Erakundeok pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta bereziki zaintzeko LGTBIQ+ bezalako kolektibo ahulenek eskubide horiek izan ditzaten.

Lasarte-Orian LGTBIQ+ pertsonen premiei eraginkortasunez erantzuteko politika eraldatzaileak eta baliabide nahikoak bermatu behar ditugu; krisiaren ondorio negatiboak iraultzeko premiazko politikak eta politika emantzipatzaileak, sexu-orientazioagatiko edo genero-identitateagatiko mendekotasunik eta hierarkiarik gabeko gizarte-eredurantz, errespetuzkoagoa, bidezkoagoa, duinagoa eta askeagoa den gizarte baterantz igarotzeko aukera emango digutenak.

Urtero bezala, ekainaren 28an LGTBIQ+ kolektibo eta pertsonen borroka luze eta ordainezina aitortu nahi dugu: garai zail hauetan pertsonen eta gure herriaren emantzipaziorako erreferente direla erakusten jarraitzen dute.

Era berean, berretsi nahi dugu Lasarte-Oriako Udalak urteko egun guztietan LGTBIQ+ pertsonen eskubideekin duen konpromiso politikoa.

Horregatik guztiagatik, Lasarte-Oriako Udalak honako hau adierazi du:

  1. Berretsi egiten dugu giza eskubideekiko eta, ondorioz, sexu-aniztasunarekiko dugun konpromisoa, bai eta pertsonak sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik ez diskriminatzeko dugun konpromisoa ere, esparru horretan egindako aurrerapenak aitortuz, eta, aldi berean, berretsi egiten dugu gaur egun oraindik bizirik dauden oztopoak gainditzeko bidean aurrera egiteko dugun erabaki irmoa.
  2. Egiaztatzen dugu beharrezkoa dela sexu-aniztasunaren aldeko politiketan inbertitzea eta pertsonak sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik ez diskriminatzea, arreta, informazio, prestakuntza, sentsibilizazio eta kontzientziazioko programak eta proiektuak garatuz, gure herriak sexu-aniztasunaren adierazpen guztietarako gune seguru bihur daitezen.
  3. Gure udalerrian LGTBIQ+ pertsonekiko edozein eraso mota gaitzesten dugu, indarkeria fisikoa nahiz ahozkoa, umiliazioa eta mespretxua barne, eta honako konpromiso hauek hartzen ditugu:
  • Sexu-askatasunen alde lan egiten duten kolektibo eta elkarteei laguntzen jarraitzea, zehazki, LGTBIQ+ kolektiboei eta berdintasunaren arloan lan egiten duten elkarteei.
  • LGTBIQ+ lan-mahai bat sortzea, sexu- eta genero-aniztasuna politika publikoetatik garatzeko diagnostikoa egiteko eta ekintza-plan bat egiteko.
  • Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak bultzatzen jarraitzea herritar guztientzat.
  • Ekainaren 28ko ospakizuna ikusaraztea, ortzadar bandera jarrita, udaletxeko balkoian, eta LGTBIQ+ kolektiboaren eskubide eta askatasunen alde lan egiteko jarduerak urterik urte batuta.
  • Espazio gehiago gaitzen jarraitzea LGTBIQ+ kolektiboa identifikatzen duten sinboloak ikusarazteko, Lasarte-Oriarren eguneroko paisaiaren parte izan daitezen eta, horrela, aldarrikapen hori urte osora zabal dadin.
  • Egun honen testuinguruan LGTBIQ+ mugimenduak egindako deialdietan aktiboki parte hartzeko deia egitea eta herritarrak deialdi horietara gonbidatzea.