Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Lasarte

Aplikazio habiaratuak

Menu prensa

Aplikazio habiaratuak

Aktualitatea

Atzealdea Lasarteoriatarrek Euskal Jaia gustuko dutela erakutsi dute

2026-10-01

2025 urteko Euskal Jaia jendetsua eta arrakastatsua izan bazen, aurreko larunbatekoa are jendetsuago eta arrakastatsuagoa izan dela esan daiteke; horrela berretsi dute Agustin Valdivia alkateak, Estitxu Alkorta Euskara saileko arduradunak eta Mikel Izquierdo Ttakun Kultur Elkarteko ordezkariak balorazio prentsaurrekoan.

"Lasarteoriatarrek Euskal Jaia gustuko dutela erakutsi zuten larunbatean”, esanez abiatu du prentsaurrekoa Agustin Valdivia alkateak. “Goiz goizetik, herriko eragileek eta herritarrek bat egin dute ospakizunarekin eta jendetsuak izan dira antolatutako ekimenak, bai parte hartzeari dagokionez, baita ikustera gerturatu diren herritar kopuruari dagokionez”.

Partehartzaile kopurua ematea zaila den arren, 250 herritar baino gehiago izan dira egitarauak jasotzen zituen ekimenetan parte hartzen, eta, ikusle modura, jende asko gerturatu da ekitaldi ezberdinetara. Alkatearen esanetan, ezaugarri horrek “herri-izaera eta nortasuna eman dio ospakizunari, eta, Euskal Jaia antolatzeko herriko eragileen partehartzea ezinbestekoa dela erakutsi digute. Etorkizunean bide-lagun izaten jarraitzea gustatuko litzaiguke, eta, nola ez, eragile gehiago inplikatzea. Gure aldetik, saiakera egingo dugu egitaraua antolatzeko garaian guztientzako tokia egiten”.

2026ko Euskal Jaiaren egitaraua aurreko ediziokoa baino osatuagoa zetorrela nabarmendu zuten aurkezpen prentsaurrekoan. Goizeko 9:30ean hasi zen txistularien dianarekin eta Auskalo erromeria taldearekin bukatu zen goizaldeko ordu batak aldera. Tartean, hamalau jarduera izan ziren. Estitxu Alkortak herri-bazkaria eta Okerra eta Oztaran Harrien Sariketak nabarmendu ditu. 

"Bazkarian 200 lagun elkartzea lortu genuen, kontuan hartzeko kopurua. Aurreko edizioko kopurua bikoiztu dugu, eta, kopurua baino, giroa nabarmenduko nuke. Oso giro jatorra sortu zen bazkarian eta bertaratu zirenek Andoni Ollokiegiren kantu-saio zirraragarriarekin gozatzeko aukera izan zuten. Okerra eta Oztaran Harrien sariketa aipatu nahiko nuke era berean. Sariketa ofiziala izan da lehenengoz, eta, harrijasotzaileek marka bikainak ezarri zituzten. Gizonezkoetan, Xabier Aranburuk irabazi zuen 140 kiloko Okerra harriari 11 altxaldi emanez eta, nesketan, Olaia Esnaolak 9 altxaldi eman zizkion 88 kiloko Oztaran harriari. Marka bikainak dira biak ala biak, gainditzeko zailak. Harrijasotzaileen erronka hori izango da, marka haustea, eta, gurea berriz, sariketari segida ematea”. 

Nortasuna, kultura eta hizkuntza

Euskal Jaia ospakizun festa izan bada ere, euskal nortasuna, kultura eta euskara sustatzeko helburua ere izan du. Urriaren 17an eta 18an ospatuko den Euskal Maratoiak hiru ezaugarri horiek betetzen ditu eta Euskal Jaiak-eko antolatzaileek aitortza egin zioten Maratoiari eguerdian. Okerra Harriaren erreplika bat jaso zuen ekimenak (Harrijasotzaile sariketako eta Proba Mistoko irabazleek ere erreplika bana jaso zuten) eta herritarren txalo zaparrada jaso zuen. 

Balorazio prentsaurrekoan Mikel Izquierdo Ttakun Kultur Elkarteko ordezkariak jakinarazi duenez, hemendik aurrera elkarte, eragile edo norbanako batek jasoko du aitortza ekitaldia Euskal Jaian. “Euskararen sustapenean nabarmentzeagatik egingo diogu urtero aitortza ekitaldia norbaiti. Ekitaldi xumea da, baina, guretzako esanahi handia duena”.

Prentsaurrekoa amaitu aurretik, datorren urteko Euskal Jaiaren data aurreratu dute: urriaren 16a. “Aurtengoa aurreratu egin dugu Euskararen Maratoiarekin bat egin ez dezan, baina, datozen hiru edizioak, 2027, 2028 eta 2029koa urriko hirugarren astean antolatuko dira”.