Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Lasarte-Oriako Xumela koruak 20 urteko ibilbidea ospatuko du kontzertu berezi batekin igande honetan, azaroaren 8an
2026-11-04

Lasarte-Oriako Xumela koruak 20 urte bete ditu, eta igande honetan, azaroaren 8an, ospatuko du urteurrena, Manuel Lekuona Kultur Etxean egingo duen kontzertu berezi batekin. Emanaldia 12:00etan hasiko da, eta hainbat koru eta euskal kulturako artista batuko ditu. «ZORIONAK» lelopean, herritarrekin partekatu nahi du ospakizuna, baita sortu zenetik egindako ibilbidea gogora ekarri ere.
Oholtza gainean, Xumela koruarekin batera ariko dira Zarauzko Montetxio eta Hondarribiko Olagarro koruak. Hainbat diziplinatako artistek ere parte hartuko dute, tartean Aiora Zulaikak, Anoeta Eskolako ikasle talde batekin batera; Olaia Inziarte abeslariak; Ramon Agirre aktoreak; Jon Maia Soria bertsolariak; eta Serigne Lo musikariak. Hala, kantagintzak eta euskal kulturako beste hainbat adierazpidek bat egingo dute ospakizunean.
Kantuan elkartutako herritar talde baten ibilbidea
Xumela korua elkar bistaz baino ezagutzen ez zuten Lasarte-Oriako herritar batzuen ekimenez sortu zen. Kantuan elkartzen hasi ziren, eta, denborarekin, hasierako talde hura handituz joan da. Gaur egun, 60 kide baino gehiago ditu, eta presentzia aktiboa du herriko kultur bizitzan.
Ibilbide horretan, Josu Txapartegi «Txapas» koruko zuzendariak eta bultzatzaile nagusietako batek berebiziko garrantzia izan du. 60 urte zituela hasi zen korua zuzentzen, eta duela gutxi 80 urte bete ditu. Gaur egun ere, astelehenero Zarauztik etortzen jarraitzen du, borondatez. Kontzertuan omenaldia egingo diote, Xumelari eskainitako urteetako lana aitortzeko.
Herritar guztiei irekitako ospakizuna
«Herritar guztiei irekitako ekitaldia da, eta horregatik gonbidatzen ditugu lasarteoriatarrak gure ospakizunarekin bat egitera», adierazi dute Xumelatik.
Auditorioaren edukiera mugatua denez, kontzerturako doako gonbidapenak dagoeneko Manuel Lekuona Kultur Etxean jaso daitezke.
Kontzertua antolatzeko, Ttakun Kultur Elkartearen lankidetza estua eta Lasarte-Oriako Udalaren babesa izan ditu Xumela koruak.

