Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Lasarte

Aplikazio habiaratuak

Menu prensa

Aplikazio habiaratuak

Aktualitatea

Atzealdea Lasarte-Oriako udazkeneko kultur agenda berriak hiru hilabeterako kultur proposamenak batzen ditu, herritar guztiei zuzenduta

2026-10-02

Udalak argitalpenaren formatua aldatu du, eta lehen aldiz hiruhileko egitaraua aurkeztu du, urria eta abendua bitarteko jarduerak jasoz. Agenda berria Lasarte-Oriako etxe guztietara banatuko da datozen egunotan, kultur proposamenak herritarrei gerturatuz. 

Lasarte-Oriako Udalak 2026ko udazkeneko kultur agenda berria aurkeztu du, berrikuntza nagusi batekin: oraingoan, ohiko hilabeteko egitaraua hiruhileko formatura pasa da eta, horrenbestez, agenda berriak urria eta abendua bitarteko kultur proposamen guztiak batzen ditu. 

Formatu berri horri esker, kultur-egitarauaren ikuspegi osatuagoa eskainiko da, eta herritarren parte-hartzea erraztuko da. Gainera, lehen aldiz, agenda Lasarte-Oriako etxe guztietara banatuko da, kultur jarduera zein ekintzen hedapena zabalduz eta kultur-informazioa herriko etxe guztietara hurbilduz. Argitalpena elebiduna izango da, euskarari lehentasuna emanez, eta hiru hilean behin kaleratuko da; hurrengo alea abenduan aurkeztuko da.

Agustin Valdiviak, Lasarte-Oriako alkateak, kultura herritarrengana hurbiltzearen garrantzia azpimarratu du. "Hiruhileko formatu berri honekin, beste urrats bat ematen dugu herritarrek udalerrian garatzen diren kultur proposamen guztiak aldez aurretik ezagutu ahal izan ditzaten. Gainera, agenda etxe guztietara banatzeak herritarrengana zuzenean iristeko aukera emango digu, baita kultur eskaintza lasarte-oriatar guztientzat eskuragarriagoa izatekoa ere", adierazi du.

Bestalde, Ainara Elicecheak, kultura zinegotziak, hurrengo hilabeteetarako diseinatutako programazioaren aniztasuna nabarmendu du. "Udazkeneko kultur agendak publiko oso ezberdinarentzako proposamenak batzen ditu, familia ikuskizunetatik hasi eta antzerki, musika, zinema, literatura edo erakusketetaraino. Pertsona bakoitzak bere intereseko jarduerak aurkitzea eta kultura elkartzeko, parte hartzeko eta gozatzeko gune izaten jarraitzea nahi dugu", azaldu du. 

Egitarau anitz bezain zabala publiko guztientzat

Udazkeneko egitarauak era askotako proposamenak batzen ditu publiko ezberdinei zuzenduta, udalerriko hainbat kultur zein gizarte eragileren partaidetzarekin. Hiru hilabete hauetan, besteak beste, musikarekin, antzerkiarekin, dantzarekin, zinemarekin, literaturarekin, erakusketekin eta familia-ikuskizunekin lotutako jarduerak izango dira Lasarte-Orian.

Ekintza eta jarduera horien agertoki izango dira, besteak beste, Manuel Lekuona Kultur Etxea, Antonio Mercero kulturgunea, Okendo Plaza, Sasoeta auzoa edo liburutegia, baita udalerriko kale eta bestelako espazioak ere. 

Aurreikusitako proposamenen artean familia- eta umore-ikuskizunak, musika, antzerki zein zinema emanaldiak, literatura-topaketak, erakusketak eta euskarari eta herritarren parte-hartzeari lotutako jarduerak daude. Haurrentzako eta familientzako egitarauak ere garrantzi handia izango du, besteak beste, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore eta Txirri, Mirri eta Txiribitonen ikuskizunekin, zinema saiekin eta familian gozatzeko pentsatutako beste hainbat jarduerekin. 

Musika arloan hainbat estilotako kontzertu eta emanaldiak eskainiko dira, hala nola, Xumela Abesbatzaren XX. urteurreneko jaialdia, Uran-Zu proposamena Nazioarteko Akordeoi Jaialdiaren baitan edo Aretha Gospel ikuskizuna, baita XXIV. Nazioarteko Akordeoi Jaialdia ere. Horrez gain, antzerkia, dantza eta formatu desberdinetako proposamenak izango dira, askotariko publikoentzat. Umoreak ere izango du bere lekua Bea Egizabal eta Mikel Bermejo bezalako bakarrizketariekin. 

Agendak, halaber, tokiko talde eta elkarteekin batera bultzatutako hitzorduak jasotzen ditu, hala nola, Euskararen Maratoia edo tokiko kulturari eta elkarteei lotutako jarduerak, kultura, partaidetza eta herritarren topaketa uztartzen dituen programazioa indartuz. Jalguneren jaialdiak XX. edizioa ospatuko du azaroaren 28an, gizarte-inklusioaren aldeko programazioaren barruan. 

Azaroan, gainera, berdintasunarekin lotutako hainbat proposamen izango dira Indarkeria Matxisten aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Horien artean daude Bertha Gaztelumendiren Volar bideoforuma eta Luminiscentes erakusketa, 63 emakumeren istorioak biltzen dituena egiturazko indarkeria matxistak ikusarazteko. 

Zinemak ere presentzia nabarmena izango du. Okendo Zinema Taldeak hilean bi saio antolatzen jarraituko du Manuel Lekuona Kultur Etxean, eta igandero saio bikoitza izango da: 17:00etan haurrentzako emanaldia eta 19:30ean publiko guztientzakoa. 

Liburutegiaren programazioak ere hainbat hitzordu jasotzen ditu: urriaren 24ko Liburutegien Eguna, Ibon Martínek urriaren 27an egingo duen Bajamar eleberriaren aurkezpena, euskarazko eta gaztelaniazko literatura-solasaldiak, 7 eta 8 urteko haurrentzako zientzia-tailerrak eta 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako Liburu Baby Kluba, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. 

Horrela, udazkeneko kultur agenda berriak udalerriko kultur jardueraren irudi osoagoa eskaini nahi du, herritarrek eskuragarri dituzten proposamenak aldez aurretik ezagutu ditzaten eta datozen hilabeteetan programazioaz gozatu ahal izan dezaten.