Lasarte-Oriako Udalaren informazioa koronabirusaren pandemiaren aurrean
2020·03·23
Lehenik eta behin, udalak lasaitasunerako mezua helarazi nahi die Lasarte-Oriako herritarrei, eta hedabideak baliatuko ditu aurrera eraman beharreko prebentzio-neurriak indartzeko, hartara kutsatze posibleak saihesteko.
Jarraibideak sinpleak eta aplikatzen errazak dira:
- Eskuetako higienea maiz: urarekin eta xaboiarekin garbitzea.
- Adineko pertsonen eta haurren kontrol termikoa, sintomaren bat ikusiz gero.
- Arnas arazoa edo sukarra bezalako sintomaren bat izanez gero, etxean egotea eta 900.20.30.50 telefonora deitzea.
- Jende-pilaketak saihestea, adineko pertsonena batez ere.
Izaera prebentiboko neurri horien helburua da populazioko kolektibo ahulenak babestea eta kutsatutako pertsonen kopuruari eustea. Hala ere, Lasarte-Oriako herritarrei lasaitasunerako mezua helaraztea berresten dugu, eta herritarrei eskatzen diegu ihes egin dezala gezur eta zurrumurruetatik eta informa dadila osasun-agintariek beren komunikabideetan edo komunikabide orokorretan emandako informazioaren bidez.
Informazio ofiziala esteka hauetan lor daiteke:
Osasunaren Munduko Erakundea: https://www.who.int/es/emergencies/diseases/novel-coronavirus-2019/advice-for-public/q-a-coronaviruses
Osasun Ministerioa: https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/ccayes/alertasActual/nCov-China/ciudadania.htm
Osakidetza: http://www.euskadi.eus/nuevo-coronavirus-covid-19/
Arrisku handia dago populazio ahulenentzat, hala nola adinekoen kolektiboak biltzen dituztenentzat, eta beharrezkoa da kutsatzeko arriskua minimizatzera bideratutako neurriak hartzea esparru askotan (sozialak, hezkuntzakoak, kulturalak, kiroletakoak...).
Udalak beharrezkotzat jotzen du hartutako neurrien maila handitzea eta neurri horiek adinekoen egoitza-ingurunera ez ezik komunitate-ingurunera edo adineko pertsonen biltzeko guneetara eta haien jardueretara ere hedatzea, horiek askotan bateraezinak izaten baitira arretazko neurri unibertsalekin. Antzeko zerbait gertatzen da haurrekin eta Hezkuntza Sailak ezarritako jarraibideekin.
Beharrezkoa da ekitaldi masibo edo jendetsuetara joatea mugatzea, eta horrek eragin zuzena izango du udalaren programazioan eta agendan.
Udalak bere eskumeneko gaietan orain artean hartutako neurriei dagokienez, eta osasun-agintariek emandako gomendioen arabera, honako hauek dira:
- 500.000 euro neurri-sorta baterako: Lasarte-Oriako Udalak 500.000 euroko gizarte neurrien plan berria onetsiko du, COVID-19 delakoaren ondorioz familiei (Tlfno: 636.148.998) eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu pertsonalei (Tlfno 628.694.138) laguntzeko.
- Gatazketan laguntzeko doako aholkularitza: Baketik-ek gatazketan laguntzeko doako aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzua eskaintzen du Covid19k eragindako konfinamenduan. Zerbitzua apirilaren 14tik aurrera egongo da erabilgarri.
- Eten digitala: Alkateak idazki bana bidali die Hezkuntza eta Enplegu sailei, beren etxeetan Interneterako sarbiderik ez duten eta eskola-adinean dauden seme-alabak dituzten edo Lanbideren aurrean prestazio bat bideratu behar duten familiei buruz.
- Lasarte-Oria Balkoietara!: Balkoietara! lehiaketa jarriko dugu martxan, etxeetan eta balkoietan egunero sortzen dugun kultura guztiaren omenez eta aitorpen gisa.
- Beterri-Buruntzako Arreta Zerbitzua: Koronabirusak sortutako krisi ekonomikoari aurre egiteko, Beterri-Buruntza eskualdeko enpresa eta autonomoen bidelagun izango da..
- Etxebizitzaren errenta: Dagoeneko eska daitezke COVID-19aren ondoriozko alarma-egoera dela-eta etxebizitzaren errenta pagatzeko laguntzak, Eusko Jaurlaritzaren publikoa nahiz pribatua izan.
- KZGunea: urrutiko zerbitzua eskaintzen du telefonoz eta posta elektronikoz, COVID-19k zentroak ixtearen ondorioz sortutako zalantza teknologiko guztiak argitzeko.
- Desinfekzioa: eremu batzuk desinfektatzeari ekin zaio, hala nola anbulatorioa, Atsobakar egoitza, edukiontziak … Hala ere, leku publikoetan heldulekuak erabiltzean kontuz ibiltzea gomendatzen da.
- Hondakinak: Gogorarazten da koronabirusa duten pertsonekin sortutako eta/edo kontaktuan egon diren hondakin guztiak, edota birusarekin kontaktuan egon ahal izan den materiala (eskularruak, maskarak…), poltsa zigilatuetan sartu behar direla eta errefuseko zabor-ontzietan bota behar direla, inoiz ez birziklatzeko.
- Udal liburutegia: Udal Liburutegira materiala itzultzeko epea maiatzaren 4ra arte luzatzen dela jakinarazten da.
- Zerga-arloko neurriak: udalak emandako zerbitzuengatik ordaindu beharreko zenbait tasa eta zergaren kobrantzak geroratzea.
- Etxean artatzeko zerbitzua: Udalak zerbitzu bat adostu du Gurutze Gorriarekin, 65 urtetik gorako pertsonei eta/edo dependentziadunei janaria eta botikak erosten laguntzeko.
- Manttangorri: zerbitzuak% 50era murrizten dira egoera horrek irauten duen bitartean. ohiko garbiketa areagotu egingo da, kontaktuko eremuak desinfektatzea ahalbidetzen duten produktu espezifikoekin. Autobusaren garbiketa areagotu egingo da zerbitzu-orduetan, eremu komunetan (barrak, sakagailuak, eskutokiak, heldulekuak…) produktu desinfektatzailea aplikatuz.
- Kultura eta Hezkuntza: itxi egingo dira Kulturetxea, Liburutegi Munizipala, Musika eta Dantzako Eskola eta Antonio Mercero Gunea. Bertan behera geratuko dira kultura-agendan aurreikusitako jarduera kultural guztiak, baita eskolak eta ikastaroak ere. HHIak ere ez du funtzionatuko.
- Zerbitzu Sozialak: Jubilatu-etxea itxi egingo da. Eten egin dira Ondo Ibili – Paseo Osasungarriak eta KoTenT-Tu programak. Prebentziozko neurriak hartuko dira Etxean Laguntzeko Zerbitzuan Villa Mirentxun, Zerbitzu Sozialetako bulegoek telefonoz emango dute arreta, eta betiere aldez aurretik hitzordua eskatuta (943.37.61.79).
- Sexuaren Berdintasunerako Emakume-Zentroa: itxi egingo da eta bertan behera geratuko dira ikastaroak.
- Kirolak: Itxi egingo dira Maialen Chourraut kiroldegi munizipala, Michelingo kirolgunea eta trinket munizipala.
- Gazteria: Itxi egingo dira Gaztelekua eta KZgunea, eta bertan behera geratuko dira jarduerak eta ikastaroak.
- Euskara: Euskaltegi munizipala itxi egingo da.
- Kontsumitzaileen Informaziorako Udal-Bulegoa: KIUB zerbitzua itxi egingo da.
- Asteroko kale-azoka: asteazkenetako kale-azoka bertan behera geratuko da.
- Terrazak: aldi baterako etenda geratuko dira ostalaritzako establezimenduetako terrazen lizentziak.
- Udaletxeko bulego orokorrak: publikoarentzat itxita egongo dira. Zerbitzua telefonoz (943.37.60.55) edo e-mailez (udala@lasarte-oria.eus) emango da. Egoitza Elektronikoan hainbat kudeaketa egin daitezke, hala nola idazkiak erregistroan aurkeztea eta errolda-ziurtagiriak lortzea. Aurrez aurreko zerbitzua beharrezkoa izanez gero, aldez aurretik hitzordua eskatuta bakarrik onartuko da.
- Kobrantza eta errentak: Udalari egin beharreko pagamenduak tramitazio elektronikoaren bidez (Nire Ordainketa On-line), Banka On-line edo banku entitateko kutxazainetan ordainduz egin beharko dira.
- Garbiketako zerbitzuak: areagotu egingo da instalazio munizipal guztien garbiketa arrunta produktu espezifikoekin, kontaktuko eremuak desinfektatu ahal izateko.
- Ezkontzak eta ehorzketak: Ezkontza zibiletan, ezkongaiei eta lekukoei bakarrik utziko zaie sartzen. Ehorzketetan saihestu egin behar dira jende-pilaketak, eta ahal dela beti distantziak mantendu.
- Udaleko bilkurak: Udaleko organo kolegiatuen bilkurak (batzorde informatiboak, aholku-batzordeak, gobernu lokaleko batzarrak eta udalbatzarraren osoko bilkurak), guztiz beharrezkoak badira, ateak itxita egingo direla ezartzen da.
Aurreko neurri horiek guztiak dekretua sinatzen denetik aurrera egongo dira indarrean, 15 egunez, eta luzatu ahalko dira baldin eta beharrezkotzat jotzen bada.
Azkenik, lasarteoriatarrei kolabora dezatela eskatzen zaie, gaixotasuna zabaltzeko aukerak murrizteko, eta uneoro aintzat har ditzatela osasun-agintarien gomendioak. Lasarteoriatar bakoitzaren ardura da herritarren artean kutsatzeko aukerak gutxitzen laguntzea, eta horregatik eskatzen zaie herritarrei beren jarduera soziala muga dezatela osasun-larrialdiko egoera honetan, horrela pandemiari eusten laguntzeko, espazio itxi eta jendetsuetara joatea saihestuz.