Lasarte-Oriako Udalak dei egiten die herriko denda, taberna eta negozioei “TicketBAI” sistema euskaraz erabil dezaten
2022·03·25
TicketBAI hiru foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean partekatutako proiektua da. 2022. urtetik aurrera, egoitza fiskala EAE osoko negozio guztiek erabili beharko dute TicketBai, fakturak sortzeko. Jarduera ekonomiko bat egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek fakturazio-software jakin bat erabili beharko dute.
TicketBAI sistemak euskararen normalizazioan beste urrats bat egiteko aukera ematen du, fakturak eta tiketak ere euskaraz sortuz. Jakina, horretarako, erabiltzen diren aplikazio informatikoak euskaraz lan egiteko gai izan behar du.
Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuak TicketBai euskaraz jartzera animatzeko kanpaina bat jarri du abian aste honetan. Udaletik gutun bat bidali zaie Lasarteko komertzio eta taberna guztiei, TicketBAI sistemak euskararen normalizazioari zer onura dakarzkion jakinarazteko, eta bide batez, euskaraz lan egiten duen aplikazio bat instalatzera animatzeko.
Euskara Batzordeko lehendakariak, Jon Antxordokik, gogorarazi du herriko negozioetan euskara txertatzen laguntzeko dirulaguntzak eskaintzen dituela Lasarte-Oriako Euskara Zerbitzuak urtero, eta hemendik aurrera TicketBAI sistema euskaraz instalatzea ere diruz lagunduko dela, 300 €-ko mugarekin. Gai horri buruzko informazio gehiago nahi duenak Euskara Zerbitzura 943376184 telefonora deitu dezake hitzordua jartzeko eta zalantzak argitzeko.
Argazkia: Txintxarri Aldizkaria