Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Lasarte-Oriak VI. Kirol Gala ospatu zuen
2021-12-22
Agustin Valdivia alkatea eta Harkaitz Millan Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua buru zituen kirol-galaren VI. edizioa Kulturetxeko auditoriumean izan zen, eta horixe izan zen, hain zuzen, aurtengo nobedade handienetako bat, aurreko edizioak Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan egin baitziren.
Ekitaldian jende ugari bildu zen, besteak beste, udalbatzako kideak, Ramon Goikoetxea Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidentea, aurreko edizioetan sarituak izan ziren kirol-klubak eta lasarteoriatarrak, ez baitzuten ekitaldia galdu nahi izan, senide eta lagunekin batera, aurtengo irabazleak babesteko:
- Urteko kirolari nabarmenena: Naroa Furundarena Urkola (Atletismoa)
- Urteko kirolari nabarmenena: Alex Saleta Atorrasagasti (Errugbia)
- Kirol-ibilbidea (berdinketa teknikoa):
- Carlos Rodriguez Gobernado (Arrantza)
- Francisco Puertas Soto (Errugbia)
LOKE kirol taldeak gimnastika erritmikoko emanaldiarekin hasi zen, gala bildutako pertsonak animatzeko. Ondoren, David Sanchezek Lasarte-Oriako kirolari buruz egindako iragarkia proiektatu zen. Bideo honetan, udalerriko kirol mota ugaria islatu nahi izan da, batez ere udal instalazioetan egin daitekeena.
Agustin Valdiviak, saridun bakoitzari hitz batzuk eskaini zizkionak, hau adierazi zuen: “Azpimarratu nahi dut zenbaterainoko balioa duen egunero zuen joko-zelaira, pistara, itsasora... , hain zuzen ere zuen kirol-diziplina praktikatzeko tokira, ateratzeko egin behar duzuen ahalegina. Ez dio axola eguraldiak, batzuetan ez dio axola minak, ez dio axola zer gogo duzuen … diziplina hori duzue oztopo horiek gainditzeko eta hobetzen jarraitzeko, aurrera egiteko. Horixe da zuen indarra, eta horixe da gaur aitortu nahi dizueguna.”
Sarituek plaka oroigarri bat eta lore sorta batzuk jaso zituzten, eta haiekin irribarretsu jarri ziren udalbatzarekin batera argazkia ateratzeko.
Irteeran, jarritako photocall-etik igaro ziren, eta han ere zoriontsu geratu ziren senide eta lagunekin, unea betikotzeko.