Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Lasarte-Oriak urriaren 28an irekiko du 2026ko Kirol Sarietarako hautagaitzak aurkezteko epea
2026-10-26

Lasarte-Oriako Udalak 2026ko Kirol Sarien edizio berria aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Sari horien bidez, kirol ibilbidean nabarmendu diren pertsonak eta herriko kirolaren garapenean ekarpen esanguratsua egin dutenak aitortu nahi dira. Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 28an irekiko da, eta azaroaren 11n amaituko da. Epe horretan, kirol ibilbideagatik edo Lasarte-Oriako kirolaren garapenari egindako ekarpenagatik nabarmendu diren adin nagusiko pertsonen hautagaitzak aurkeztu ahal izango dira.
Aurkezpenean azaldu dutenez, hiru kategoriatan banatuko dira sariak: emakumezko kirolari onena, gizonezko kirolari onena eta kirol ibilbidea. Hala, norbanakoen kirol ibilbideak ez ezik, herriko kirol arloan zeregin garrantzitsua bete duten pertsonen lana eta dedikazioa ere aitortu nahi dira.
Hautagaitzak aurkezteko bi bide jarri dira eskura. Batetik, udalaren webgunearen bidez aurkeztu ahal izango dira proposamenak. Bestetik, aste honetan etxez etxe banatzen ari diren txartelak erabili ahal izango dira. Txartel horiek horretarako prestatutako postontzietan utzi beharko dira, honako leku hauetan: Maialen Chourraut kiroldegian, udaletxean, Emakumeen Etxean, Kultura Etxean eta Gaztelekuan.
Bozketa prozesuaren egutegia ere jakinarazi dute. Hautagaitzak aurkezteko epea amaitutakoan hasiko da: azaroaren 16an, Kirol Sailak hautagaien zerrenda eta botoa emateko fitxak bidaliko zaizkie Lasarte-Oriako kirol elkarteei eta Udal Kirol Batzordeko kideei. Azaroaren 25era arte izango dute botoa emateko aukera. Kategoria bakoitzean, hiru, bi eta puntu bana banatuko dituzte proposatutako hautagaien artean.
Irabazleen izenak abenduaren 2an jakinaraziko dira, prentsaurreko batean. Aitortza publikoa, berriz, abenduaren 18an egingo da, Lasarte-Oriako Kultura Etxean ospatuko den 2026ko Kirol Sarien Galan. Ekitaldi horretan, herriko kirola sustatzen laguntzen duten pertsonen ahalegina, dedikazioa eta ibilbidea aitortuko dira.

