Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Lasarte-Oriak bat egingo du martxoaren 25ean 24. Korrikarekin, kultur eta jai egitarau zabalarekin
2026-02-18

Martxoaren 25ean, Korrikaren 24. edizioak Lasarte-Oriako kaleak zeharkatuko ditu, bi urtean behin euskararen eta euskaltegietako ikaskuntzaren alde milaka pertsona mobilizatzen dituen AEK-k antolatutako ekimen honen baitan.
Estitxu Alkorta Euskara zinegotziak azpimarratu du Korrika “aukera ezin hobea” dela “gure herriak euskararekiko duen konpromisoa erakusteko”. Ildo horretan, euskarak herritar guztien inplikazioa behar duela gogorarazi du: euskaraz hitz egiten dutenena, ikasten ari direnena eta, jakin ez arren, euskararen erabileraren aldeko jarrera dutenena.
Egunerokotasunean hizkuntzarekiko jarrerak duen garrantzian jarri nahi izan du azpimarra Alkortak: “Euskaldunok eskertzen dugu euskaraz zuzentzea, hitz gutxirekin bada ere. Eta norbaitek euskaraz ez dakienean, errespetuz eta naturaltasunez adieraztea ere baloratzen dugu”. Aurtengo edizioko leloaren ildotik, zera gaineratu du: “Euskara gara. Euskara guztiona da, eta bere etorkizuna elkarrekin eraiki behar dugu, kilometroz kilometro”.
Lasarte-Oriako Udalak aktiboki parte hartuko du ekimenean, kilometro bat erosiz eta Korrikaren inguruan antolatutako ekintzei babes ekonomikoa emanez.
Aurkezpen ofiziala eta Korrika Kulturala
Ainara Elicechea Kultura zinegotziak iragarri duenez, 24. Korrikaren aurkezpen ekitaldia martxoaren 13an izango da, 18:30ean, Kultur Etxeko auditorioan. Bertan herriko kultur eragile ezberdinek hartuko dute parte, Xumelak, Erketz, Kukuka, Alboka eta Jalgunek, besteak beste. Galan zehar petoak banatuko dira eta, ondoren, Oriarteko patioan gazteei zuzendutako DJ festa egingo da.
Horrez gain, Korrika Kulturalaren baitan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte kultur etxean:
- IKIMILIKILIKLIK vol.2, otsailaren 26an, 19:00etan, txalaparta, pianoa, kantua eta antzerkia uztartuko dituen esplorazio eta esperimentazio artistikorako proposamena, Intza Alkain herriko aktorearen parte-hartzearekin.
- Magma Miaren “Jo”, martxoaren 7an, 20:00etan, Beatriz Egizabal eta Anduriña Zurutuza interpreteen parte-hartzearekin.
- “AA Aita”, Jon Plazaolak aitatasunari buruz egindako bakarrizketa, martxoaren 14an, 19:00etan.
Martxoaren 25eko programazioa
Bestalde, Andoni Salsamendi AEK Muntteri eta Korrikako arduradunak gogorarazi du ekimen hau 1980an sortu zela, euskararen aldeko kontzientzia piztu eta euskaltegiei babesa emateko asmoz, eta geroztik herri mugimendu indartsu gisa finkatu dela.
Korrikak hiru helburu nagusi ditu: eguneroko bizitzan euskararen erabilera sustatzea, euskaltegien lana indartuz helduek ikasteko aukera bermatzea, eta konpromiso kolektibo baten inguruan herritarrak aktibatzea.
Lasarte-Orian, martxoaren 25ean ondorengo programazioa garatuko da:
- Goizean, Korrika Txikia herriko ikastetxeetako ikasleekin.
- 12:55 aldera, Korrika herritik pasatuko da, Errekaldetik sartuz Usurbilerako norabidean.
- 17:00etan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen haurrentzako ikuskizuna Okendo plazan.
- 18:30ean, Erraldoi eta buruhandiak (LOZET), izango dira txarangarekin batera herriko kaleetan zehar.
- Korrikaren astean, haurrentzako marrazkien erakusketa Mercero gunean.
Programazio honekin, Lasarte-Oria Korrikaren edizio berri bat euskararen aldeko ospakizun kolektibo handi gisa bizitzeko prestatzen ari da, instituzioen eta herritarren konpromisoa indartuz euskararen erabilerarekin eta sustapenarekin.
