Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Lasarte

Aplikazio habiaratuak

Menu prensa

Aplikazio habiaratuak

Aktualitatea

Atzealdea Lasarte-Oriak 2027rako ordenantza fiskalak onartu ditu, zergak eta tasak oro har % 2,9 igoz eta OHZa eta zabor bilketaren tasa izoztuz

2026-10-28

Udalak KPIaren azpitik eguneratuko ditu zergak eta tasak, zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeko eta udal kontuen orekari eusteko. Gainera, araudiak baimentzen dituen gehieneko hobariak mantenduko ditu, eta horiek eskuratzeko izapideak erraztuko ditu.

Lasarte-Oriako Udalak 2027rako ordenantza fiskalak onartu ditu asteazken honetan, urriaren 28an, egindako ezohiko osoko bilkuran. Ordenantzek udal zergak eta tasak oro har % 2,9 eguneratzea jasotzen dute, bi salbuespen nagusirekin: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) eta zabor bilketaren tasa izoztuta mantenduko dira.

Eguneratze hori prezioen igoeraren azpitik dago. Argitaratutako azken datuen arabera, 2026ko irailean Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) % 5ekoa izan zen Euskadin, eta % 4,3 Gipuzkoan. Beraz, Udalak onartutako igoera bi erreferentzia horien azpitik dago.

Erabaki horren bidez, Udalak herritarrei eskaintzen zaizkien udal zerbitzuen kalitateari eusteko beharrezko baliabideak bermatu nahi ditu, besteak beste, espazio publikoen mantentze eta garbiketa zerbitzuetan eta kultura, kirol eta gizarte zerbitzuetan. Hori guztia, udal kontuen oreka mantentzeko eta zergen eta tasen eguneratzeak familien ekonomian neurriko eragina izateko helburuz.

OHZa eta zabor bilketaren tasa izoztuta mantenduko dira

2027rako ordenantza fiskalen berritasun nagusien artean, Lasarte-Oriako familien ekonomian garrantzia duten bi kontzeptu izoztuta mantentzea nabarmentzen da.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (OHZ) dagokionez, Udalak egungo zerga tasak mantentzea erabaki du, Gipuzkoako Foru Aldundiak katastro balioak % 3 eguneratzea aurreikusi baitu. Horrela, Udalak ez du bere aldetik beste igoerarik ezarriko katastroaren berrikuspenaz gain.

Bestalde, zabor bilketaren tasa ere izoztuta mantenduko da 2027an, zerbitzuaren kostuaren eta lortutako diru sarreren artean oreka dagoelako.

Gehieneko hobariak eta izapide errazagoak

2027rako ordenantza fiskalek udal hobariak eta salbuespenak mantentzen dituzte. Aldi berean, administrazio izapideak sinplifikatzeko eta herritarrei zerga onura horiek eskuratzea errazteko hobekuntzak jasotzen dituzte.

Hala, Udalak kasu bakoitzean araudiak baimentzen duen gehieneko hobaria aplikatzeko irizpideari eutsiko dio.

Indarrean dauden hobarien artean, energia eraginkortasunarekin eta jasangarritasunarekin lotutakoak nabarmentzen dira. Esaterako, A energia kalifikazioa duten etxebizitzek % 50eko hobaria jaso dezakete OHZn, eta B kalifikazioa dutenek, berriz, % 30ekoa. Era berean, energia berriztagarriak aprobetxatzeko sistema jakin batzuk dituzten higiezinentzat % 50eko hobariak aurreikusten dira, baita eguzki energia aprobetxatzeko instalazio jakin batzuentzat Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan % 90erainoko hobariak ere, betiere ezarritako baldintzak betetzen badira.

Kalitatezko zerbitzu publikoak eta neurriko fiskalitatea

Ordenantza fiskal horien bidez, Lasarte-Oriako Udalak kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzeko konpromisoa berresten du, eta, aldi berean, herritarren gaineko zerga presioa ahalik eta txikiena izatea bilatzen du.

KPIaren azpitik dagoen % 2,9ko eguneratzeak eta OHZa zein zabor bilketaren tasa izoztuta mantentzeak agerian uzten dute udal zerbitzuen kalitatearen eta familien ahalegin ekonomikoaren arteko orekari eusteko borondate hori.