Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Lasarte

Aplikazio habiaratuak

Menu prensa

Aplikazio habiaratuak

Aktualitatea

Atzealdea Lasarte-Oriak 2027ko Inauterietako gaia aukeratzeko bozketa irekiko du

2026-10-29

Urriaren 30etik azaroaren 12ra bitartean, herritarrek 5 proposamen izango dituzte aukeragai: munduko jaiak, Greziako eta Erromako jainko-jainkosak, 1920ko hamarkada / Belle Époque, kirolak eta zirkua. Botoa udalaren webgunearen bidez edo aurrez aurre eman daiteke, udalerriko hainbat eraikinetan jarritako parte-hartze postontzietan.

Lasarte-Oriako Udalak 2027ko Inauterietako gai nagusia aukeratzeko parte-hartze prozesuaren azken fasea aurkeztu du. Ostiral honetatik, urriaren 30etik, azaroaren 12ra bitartean, herritarrek bost proposamen artean bozkatzeko aukera izango dute. Proposamen horiek Inauterietako egitarauan parte hartzen duten konpartsek hautatu dituzte, herritarrek aurrez egindako proposamenetatik abiatuta. 

Bozketara aurkeztuko diren bost gaiak honako hauek dira:

  • Munduko jaiak
  • Greziako eta Erromako jainko-jainkosak
  • 1920ko hamarkada / Belle Époque
  • Kirolak
  • Zirkua

Boto gehien jasotzen dituen proposamena izango da Lasarte-Oriako 2027ko Inauterietako gai nagusia.

Nola eta non bozkatu?

Parte hartzeko bi bide jarri ditu Udalak herritarren eskura, bakoitzak gustukoen duen gaia aukeratzeko.
Batetik, udalaren webgunearen bidez eman daiteke botoa, www.lasarte-oria.eus helbidean.
Bestetik, bozka fisikoki eman nahi dutenek udalerriko bost eraikinetan jarritako parte-hartze postontzien ondoan eskuragarri izango dituzten boto-txartelak erabili beharko dituzte:

  • Maialen Chourraut udal kiroldegia.
  • Udaletxe zaharreko arkupeak.
  • Manuel Lekuona kultur etxea.
  • Gaztelekua.
  • Emakumeen Etxea.


Oraingo honetan, boto-txartelak ez dira etxeetara banatuko, bozkatzeko guneetan bertan egongo baitira eskuragarri. Aurrez aurre emandako botoa baliozkoa izan dadin, txartela behar bezala bete beharko da, gai bakarra markatu eta parte-hartzailearen NAN zenbakia adierazita.

Bozkatzeko epea urriaren 30ean, ostiralean, hasi eta azaroaren 12an, ostegunean, amaituko da, bi egunak barne.

142 proposamenekin abiatu zen parte-hartze prozesua

Bozketa Udalak sustatutako parte-hartze prozesuaren hirugarren eta azken fasea da. Ekimenaren helburua da herritarrak eta konpartsak hurrengo Inauterietako gai nagusiaren aukeraketan inplikatzea.
Lehen fasean, herritar guztiei 2027ko Inauterietako mozorroak proposatzeko aukera eman zitzaien. Epe horretan, 142 proposamen jaso ziren, eta, horiek aztertu eta multzokatu ondoren, 68 gai desberdin osatu ziren.

Bigarren fasean, proposamen horiek Inauterietako egitarauan parte hartu ohi duten konpartsei helarazi zitzaizkien. Konpartsa bakoitzak bost gai aukeratu zituen barne-hautaketa baten bidez, eta, ondoren, guztien artean adostu zituzten orain herritarren bozketara aurkeztu diren bost aukerak.
Horrela, prozesua azken fasera iritsi da, eta herritarrek izango dute berriro azken hitza.

Ekimen honen bidez, Udalak herritarren parte-hartzea sustatu nahi du Inauterien antolaketan, jaietako gai nagusia elkarlanean egindako prozesu baten emaitza izan dadin. 
Bozkatzeko epea amaitu eta botoak zenbatu ondoren, babes gehien jasotzen duen gaia aukeratuko da Lasarte-Oriako 2027ko Inauterietarako.

Udalak azken fase honetan parte hartzera animatu ditu herritarrak, botoaren bidez datorren urteko Inauteriak nolakoak izango diren erabakitzen laguntzeko.