Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Kiroldegi berriaren exekuzio-proiektua idazteko lana, epai judizial baten zain

Lasarte-Oriako Udalak men egiten dio, baina ez dator bat Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak kiroldegi berriaren proiektuaren lehiaketari buruz emandako epaiarekin. Udalak dagoeneko badu kiroldegi berriaren oinarrizko proiektua.

2020·07·21

Lizitazioko prozesua eten ez denez gero —Arkitektoen Elkargoak ez zuen eskatu prozedura kautelaz eteteko—, udalak badu jada oinarrizko proiektua; beraz, kontratua deuseztatzeak exekuzio-proiektuaren idazketari baizik ez dio eragiten, eta berriro lizitatu beharko da. Udalaren helburua da Lasarte-Oriak hainbeste behar duen kiroldegi berriaren proiektua behar baino gehiago ez atzeratzea.

Udalak bi fasetan bideratu zuen kiroldegi berriaren proiektua kontratatzeko lizitazioaren prozesua:

Lehenengo fasean anonimotasuna bermatzen zen, eta proposamenen alderdi teknikoak baizik ez ziren baloratzen. Fase horretatik, lehiaketako bost irabazleak izendatu ziren, eta guztiek zuten irabazle gisa akzesita edo saria kobratzeko eskubidea. Bost hautagaitza horiek, ordura arte anonimoak, prozeduraren bigarren fasera igaro ziren, hau da, kiroldegiaren proiektua idazteko zerbitzu-kontratua adjudikatzeko fasera. Fase horretan, kontratuaren prezioak adjudikazioko irizpideen % 20a osatzen zuen.

Arkitektoen Elkargoak errekurtso berezia jarri zuen baldintza-agirien aurka, eta Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) Udalaren aldeko epaia eman zuen, prozedura bi fasetan banatzeak legezkotasuna betetzen zuela iritzita.

Ondoren, Arkitektoen Elkargoak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen KEAOren erabakiaren aurka. Oraingo honetan, EAEANak elkargoaren aldeko epaia eman du, eta prozedura baliogabetu du, haren iritziz proiektuen lehiaketaren kasuan anonimotasuna bermatu behar baita fase guztietan, eta prezioa ez baita kontuan izan behar baloraziorako irizpide gisa.

Udalak, epaiari men egiten badio ere, ez dago harekin ados, eta egokiagoa iruditzen zaio KEAOren epaia, ezen eta berez proiektuen lehiaketaren fasea zena haren bost irabazleak izendatzearekin eta akzesitak ematearekin amaitzen baitzen. Prozeduraren bigarren fasea kiroldegiaren proiektua idazteko zerbitzu-kontratua adjudikatzean zetzan. Fase horiek guztiak “proiektuen lehiaketa" izeneko baldintza-agiri bakarrean egotea ez da nahikoa, Udalaren iritziz, proiektuen lehiaketaren baldintza guztiak prozeduraren bigarren fasera hedatzeko, hau da, zerbitzu-kontratuaren adjudikaziora.

Gainera, Udalak azpimarratu nahi du prezioa ez dela erabakigarria izan kontratua adjudikatzerakoan, eta epaimahaiak teknikoki ongien baloratutako proposamena izan dela puntuazio global handiena lortu duena.

Azkenik, nabarmendu behar da EAEANak, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren ebazpenak sortzen zituen zalantzak ikusita, ez duela Udala kondenatu prozeduraren kostuak pagatzera, eta horrek agerian uzten du Udalak fede onez jokatu duela, baldintza-agiriek legea betetzen zuten segurantzian, Eusko Jaurlaritzako Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak ere interpretatu zuen bezala.