Kezka Lasarte-Orian COVID-19ak eragindako kasu positiboen gorakadagatik
2020·09·02
Lasarte-Oriako alkatea, ikasturtearen hasiera honetan, kezkatuta agertu da herrian COVID-19aren kasu positiboak areagotu direlako. Alde horretatik, lasaitasunerako deia egin du, baina baita erantzukizunerako ere, eta herritarrei eskatu die kasu egin diezaietela osasun-agintarien gomendioei, maskara erabiliz, eskuak garbituz eta distantzia mantenduz, jende-pilaketak eta festa pribatuak saihestuz.
Valdiviak, Lasarte-Oriako osasun-zentroak eskaintzen dion informazioaren jarraipena egiten ari delarik, beharrezkotzat jotzen du herritarrek neurriak ez lasaitzea, norberaren erantzukizuna baita gainerako pertsonen osasunaren alde modu solidarioan aritzea. Abuztuko azken bi asteetan kasuek izandako gorakadarengatik zenbait egunez nolabaiteko kezka izan ondoren, azken hiru egunetako datuarekin lasaiago agertu zen, eta nabarmendu zuen abuztuaren 31n egindako proba guztiek negatibo eman zutela.
Pandemia osoan zehar Lasarte-Oria kutsatuen kopuruari dagokionez Gipuzkoako batez bestekoaren azpitik egon bada ere, kontua da abuztuaren erdialdetik aurrera nolabaiteko gorakada izan duela kasu positiboen kopuruak, beharrezkoa izan baita udalerrian egiten diren PCR probak dezente gehitzea. Gaur egun, egunean 50etik 60ra PCR proba egiten dira.
Alkateak jakinarazi zuenez, joan den astetik Osakidetzaren esku jarri dute Mercero Gunea PCR probak egiteko, eta, probak masiboki egin beharra gertatzen bada, Loidibarrengo frontoia prestatuko dute horretarako. Helburua da ez nahastea osasun-zentrora ohiko probak egitera doazen pertsonak eta PCR probak egiteko deitutakoak.
Valdiviak aitortu du martxotik aurrera COVID-19aren pandemiak eragin handia izan duela herriko bizimoduan eta, ondorioz, udalaren jardueran. Sortzen ari ziren eta udalak aurre egin ziezaiekeen premiei erantzuna ematea izan da helburua.
Ildo horretan diseinatu ziren pandemiak gogor jotako familientzako eta zerbitzuen sektorerako laguntzak. Nabarmentzekoa da COVID-19 bulegoak egindako lana, orain artean 214 bizikide-unitateri eman baitie arreta (horietako 91ri onetsi zaie laguntza, 111.000 euroko zenbatekoarekin, eta beste 9 ebazteke daude), eta 237 establezimenduri, berriz, sozioekonomiako laguntzetarako (229.600 euro banatu dira).
Laguntza horiei gehitu behar zaizkie eman gabeko zerbitzuengatik tasetan aplikatutako hobariak eta murrizketak, edo terrazen tasan aplikatutako % 100eko hobaria. Erantzuna eman diogu, halaber, Eusko Jaurlaritzak gaueko aisialdiko ostalaritza ixteko aginduz ateratako dekretuari, udalaren ustez 23 establezimendu biziraupen konplexu batera kondenatzen baititu. Ondorioz, 2. taldeko gisa funtzionatzeko baimena eman zaie, hartara egunez irekita egon ahal daitezen.
Une honetan, eskolen hasiera da erronka, eta, horretarako, Hezkuntza Sailak egindako eskaerari erantzun dio Udalak, ikasgela gisa eta kirolerako erabiltzeko guneak eskainiz, ikasturtea modu presentzialean hasi ahal izan dadin.
Egoera epidemiologikoaren eboluzioa ikusita, 2020ko abuztuaren 19an argitaratutako agindu berriak ezartzen du ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta elkarte gastronomikoetako establezimenduek eta zerbitzuek goizaldeko 01:00a baino lehen itxi beharko dutela, eta 00:00etatik aurrera ezingo dela bezerorik sartu, ez eta kontsumiziorik jarri ere. Lokalak itxita egon beharko du jendearentzat, eta ezingo da berriro ireki 06:00ak baino lehen. Neurri horiek asteko egun guztietan dira aplikatzekoak, jaiegunak barne.
Gainera, eta arau orokor gisa, establezimendu guztietan bermatu beharko da 1,5 metroko distantzia fisikoa mahaien artean. Distantzia hori mahai batetik bestera hurbilen dauden pertsonen artean neurtu beharko da.
Herritarrei gomendatzen zaie ohiko bizikide-taldetik kanpoko elkartze sozialak murriztea, bai eta elkartze sozial horiek gehienez 10 lagunenak izatea ere.
Beilatokietan gehienez 30 pertsona bildu ahalko dira, bizikideak izan ala ez, eta gehienezko aforoa % 60koa izango da leku itxietan. Beilatokietara inolaz ere ezingo dira sartu esandako pertsona-kopuru hori baino gehiago, aldi berean etorri ez badira ere. Ehorzketetan ere gehienez 30 pertsona izango dira sartu ahalko direnak.
Gainera, debekatu egiten da edozein jarduera egitea gazteen lonjetan eta antzeko lokaletan.
Lantokietan ez da maskara nahitaez erabili beharko langileak beren lanpostuetan eserita daudenean, haien artean 1,5 metroko segurtasun-distantzia egon beharko delarik. Baina maskara nahitaezkoa izango da baldin eta langileak beren lanpostuetan eserita ez badaude eta espazio komunak partekatzen badituzte, korridoreetan barrena badabiltza, bileretara badoaz edo antzeko edozein egoeratan badaude, non elkarrengandik hurbil egon bailitezke elkarrekin bizi ez diren langileak. Ez da halakorik eskatuko baldin eta lanaren tipologia edo kondizio bereziak direla-eta lan-osasuneko zerbitzuek maskara ez erabiltzea gomendatzen badute.
Osasun-agintariek ezarritako jarraibideak sinpleak eta aplikatzen errazak dira:
- Maskara erabiltzea (nahitaezkoa).
- Segurtasun-distantzia mantentzea.
- Eskuetako higienea maiz: urarekin eta xaboiarekin garbitzea.
- Kontrol termikoa, sintomaren bat ikusiz gero.
- Norbaitek COVID-19arekin bateragarriak diren sintoma ohikoenetakoren bat izanez gero, hala nola sukarra, hotzikarak, eztula, aire-faltaren sentsazioa, usaimena eta dastamena gutxitzea, eztarriko mina, muskuluetako mina, buruko mina, ahultasun orokorra, beherakoa edo botalarria, etxean geratu beharko du eta ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio osasun-zerbitzuari. Era berean, etxean bizikideak baditu, ez du haiekin kontakturik izan beharko, eta, ahal dela, logela esklusiboa erabili beharko du, harik eta osasun-zerbitzuaren jarraibideak jaso arte.
- Jende-pilaketak saihestea.
Informazio ofiziala esteka hauetan lor daiteke:
- Osasunaren Munduko Erakundea: https://www.who.int/es/emergencies/diseases/novel-coronavirus-2019/advice-for-public/q-a-coronaviruses
- Osasun Ministerioa: https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/ccayes/alertasActual/nCov-China/ciudadania.htm
- Osakidetza: https://www.euskadi.eus/covid-19-koronabirus-berria/