Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Jarduera ugari gaurtik aurrera Mugikortasunaren Astearen harira
2024-09-20
Agustin Valdivia alkateak, Itziar Gurrutxaga ingurumeneko teknikaria eta zerbitzua adjudikatua duen Artelatz enpresako Eli Gondat lagun zituela, Mugikortasunaren Asterako prestaturiko jarduerak aurkeztu zituen.
Irailaren 22a autorik gabeko Munduko Eguna dela eta, mugikortasunaren astea data horretatik gertu antolatzen da beti.
Aurtengo leloak, "Konbinatu eta mugitu!" izenekoak, joan-etorriak egiteko erabil daitezkeen garraio-modu jasangarriak azpimarratzen ditu, hala nola oinez ibiltzea, bizikletaz ibiltzea eta garraio publikoa baliatzea.
Helburu nagusia gure herrian egunero egiten ditugun joan-etorriak oinez edo bizikletaz egitea da. Horregatik, bizikletaren garrantzia azpimarratu nahi izan da, gure egunerokoan gure airea garbi mantentzeko tresnarik onena eta eskuragarriena baita.
Bestalde, ez dugu garraio publikoa ahaztu behar, garraio publikoaren erabilera sustatzeak eta areagotzeak sare publiko osatuagoa sortzen lagunduko baitigu.
Mugikortasunaren asteko programa
Irailaren 20an, ostiralarekin
Manttangorri hiribusak urteko gainerako egunetan bezala funtzionatuko du, baina egun horretan dohainik erabili ahalko da. Animatu eta probatu garraio publikoa!
Irailaren 23an, astelehenarekin
"Jarri bizikleta prest Mugirekin", Okendo plazan, 16:00etatik 20:00etara.
Furgoneta mugikor bat egongo da bizikletari oinarrizko konponketak egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak antolatutako jarduera da. Horretarako, MUGI pertsonalizatua aurkeztu beharko da.
Irailaren 27an, ostiralarekin
- 11:00etan, Ondo Ibili, udaletxeko arkupeetatik abiatuta.
Batez ere adinekoei zuzendutako jarduera honen helburua oinez ibiltzeko ohitura osasungarria sustatzea da. Jarduera ostiralean hasiko dute eta astero errepikatuko dute.
- Bizikleten bigarren eskuko azoka, Okendo plazan, 16:30etik 20:00etara.
Egoera onean dauden bigarren eskuko bizikletak eta patineteak onartuko dira. Bizikleta edo patinetea prezio onean erosteko aukera aproposa.
Bizikleta saldu nahi duenak adin nagusikoa izan behar du, eta aldez aurretik izena eman behar du www.merkabi.eus/lasarte-oria webguneko formularioa betez (karteleko QR kodea eskaneatuta) edo 943 670 249 telefonora deituz. Izena ematearekin batera, bizikleta eramateko hitzordua aukeratuko da.
Bigarren eskuko bizikleten merkatuaren bidez, bizikleten berrerabilera eta mugikortasun iraunkorra sustatzen dira.
- 17:00etatik 19:30era, jolasak Okendo plazan eta inguruetan. Besteak beste, bizikletarekin jolastea (zirkuituak, zinta-jokoak, trebetasun-probak...), aisialdiko jolasak, ludoteka... Kale Nagusiko 1-30 tartea itxita egongo da 16:30etik 20:00etara.
- 17:00etatik 19:00etara, bizikleten gurpil-ganberak berrerabiltzeko tailer bat egingo da. Beste jarduera batean, lasterketak egingo dira scalextric zirkuitu batean. Zirkuitu horretan parte hartzen duten pertsonek pedalei eragiteak sortutako energia berriztagarriarekin funtzionatuko du.
- 17:00etan, bizikleta-martxa Okendo plazatik abiatuta. Kaskoa erabiltzea nahitaezkoa izango da.
- 18:30ean, martxa nordikoa Okendo plazatik abiatuta, Ostadar SKTren laguntzarekin.
Herritar guztiei zuzenduta dago, eta aukera egokia da jarduera arrakastatsu hau probatzeko. Nabarmentzekoa da inklusiboa dela, itsuek ere parte har baitezakete.