Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Jalgunek bere urteroko Jaialdia ospatuko du Kultur Etxean abenduaren 2an

Alkatea eta udalbatzako hainbat kide lagun zituela, Jalgune Elkarteko Pili Bermejok abenduaren 2an 18:00etan Kultur Etxean ospatuko den jaialdia aurkeztu zuen “Jotadun-en pertsonen eguna!” lelopean.

2023·12·01

Jaialdira joan nahi dutenek Kultur Etxera joan beharko dute gonbidapena jasotzera.

Duen interesagatik, banatutako komunikatua berridazten dugu:

Urtero lez, abenduaren 3a elkarrekin ospatzera gonbidatu nahi zaituztegu. Egun horretan, aniztasun funtzionala duten pertsonen nazioarteko eguna ospatzen da. Bide batez, kontuan izan behar dugu, Nazio Batuen Erakundeak data hau 1992an aitortu zuela, gure sorrera eta urtebetera. Agian, ospatzera behartuta sentitu ziren, Lasarte-Oriatik zehozer zetorrela somatu zutelako.

Abenduaren 3an, zein pertsonaren eguna ospatzen da? Jalgune osatzen dugun pertsonen eguna. Aniztasun funtzionalaz gain, J duten koalitateak ditugun pertsonen eguna.

Jaia gustokoa dugu. Jende gaztea edo gazte-jendea, batzuk diotenez (jakingo balute zer nolako ajeak eta jenio izaten ditugun batzutan). Jargoi berezia omen dugula diote batzuek, tarteka ez gaituztela ulertzen esaten baitute, eta baten batek, noizbait, buruko mina eragiten diogula ere adierazi digu. Hori bai ajea! Horrelako jokaerek, guri ere buruko mina sortarazten digute, bai! Gure beste koalitateetako bat justuak izatea da, edo behintzat saiatzea, eta badira gauza asko justuak ez direnak eta horiengan pentsatzeak eta aldatzen saiatzeak ere min dezente eragiten digu. Baina hau, bizitzaren jokoaren parte omen da. Eta gu, partehartzaileak gara.

Horrek ez du J, ezta? Beno ba, jokozaleak, jostariak, jolakari onak eta jokalari txarrak gara. Irabazi ala galdu, gutxienekoa dela esan genezake…beno..ezta ere, irabaztea gustatzen zaigu noski! Baina gehien gustatzen zaiguna jatea da, jokatzea diot.

Konpainia onean bada, ezinhobeto, eta zorionez Lasarte-Orian onena dugu. Herri jaizalea garela esan daiteke. J-tadun herria gara beraz!

Hori dela eta, hasieran esan dugun bezela, denok elkarrekin ospatzera animatzen zaituztegu. Elkarrekin, ez du J, ezta? Juntu ospatzera animatu nahi zaituztegu. Jende jatorraren eguna ospatzera, hain zuzen.

Abenduaren 2an, larunbata, gure Jaialdia egingo dugu. Arratsaldeko 18.00etan, Manuel Lekuona Kultur Etxean izango da. Semblante Rocioero koruaren eta LOKE gimnasia erritmikoko taldeen laguntza izango ditugu. Jaizaleak, jostariak, jakintsuak, jatunak, jeniodunak, …J-otadun pertsonen eguna ospatzera dei egin nahi dugu. Juntu jarrai dezagun jatortasunez ospatzen!

Hori baita jarrera!