Aplikazio habiaratuak
Eduki publikatzailea
Atzealdea Amaitu da Hipodromo etorbideko etxebizitzak eta garajeak adjudikatzeko prozesuaren 1. fasea
2023·08·04
Irekitzeko prozesuak bi ekitaldi publiko izan zituen. Lehenengoa uztailaren 20an izan zen, udaletxeko bulegoetan, eta orduan egiaztatu zen aurkeztutako eskaintza guztiek betetzen zutela ondasunen besterentzea arautzen duten baldintza-agirietan deskribatutako legezkotasuna. Guztira, 116 eskaintza aurkeztu ziren presentzialki udaletxeko erregistroan, eta 4 eskaintza elektronikoki Euskadiko kontratazio-plataforman. Aurkeztutako eskaintza guztien artetik, bederatzi lizitatzaileri eskatu zitzaien akatsak zuzentzeko, eta zuzendu egin zituzten. Eskaintza guztiak, denera 120, gai deklaratu ziren eduki ekonomikoko bigarren gutun-azala irekitzeko.
Gutun-azalak irekitzeko bigarren ekitaldia uztailaren 28an egin zen, Manuel Lekuona kulturetxeko auditorioan, eta herritar ugari etorri ziren. Udaleko idazkari juridikoak erregistroko fede publikoa emanez, interesatuen eskaintza ekonomikoak zeuzkaten gutun-azalak ireki ziren.
Prozesu hori 9:00etan hasi zen eta 17:30ean amaitu, eta 120 gutun-azalak ireki ziren, eskaintza bakoitza irakurtzeko. Besterendu beharreko ondasunetarako, guztira 957 eskaintza aurkeztu ziren, interesatu bakoitzak lehentasunaren arabera eginak.
Behin 957 eskaintzak irakurri eta ziurtatutakoan, Lasarte-Oriako Udalaren web orrian eta kontratatzailearen profilean argitaratu dira behin-behineko emaitzak.
Ahalik eta lasterren ekingo zaio behin-behineko adjudikaziodunak izendatzeari eta haiekin kontaktuan jartzeari, eta dagokion publikazioa egingo da, kontsultatu ahal izateko, eta alegazioak egiteko legezko epea irekiko da.
Udalbatzarrak etxebizitzak eta lokalak adjudikatutakoan, prozesuaren 2. fasea ebatziko da, garajeak besterentzeari dagokiona.
Hori egindakoan, Udalak amaitutzat emango du jabetza munizipaleko 39 etxebizitza, 39 garaje eta 4 lokal lehiaketa bidez besterentzeko prozesua, kiroldegi berriaren eraikuntza finantzatzeko baliabide ekonomikoak lortze aldera.
Kiroldegi munizipal berria, beharrezko azpiegitura eta herritarrek eskatua, atera da lizitaziora, guztira 19.439.551 euroko zenbatekoan. Instalazio hori jauzi esponentziala izango da herritarrek kirola egin dezaten. Instalazio modernoa da, parte hartzeko egindako prozesuaren eskariak jasotzen dituena eta nazioarteko passive house estandarra betetzen duena, zeinak bermatzen baititu efizientzia energetikoa, konforta eta barruko airearen kalitatea, energia-kontsumo oso txikiarekin edo nuluarekin.
Udalaren ondarezko ondasunak besterentzearen baldintzetako bat da lortutako baliabideak inberti daitezela Udalarentzat berarentzat ondarezko ondasun berriak erosteko. Hori dela eta, Udalak etxebizitza eta garaje horien salmentarekin lortuko dituen 12 milloi euroak, udal kiroldegi berriaren proiektua finantzatzeko erabiliko dira.
Besterentzeko prozesu hori ekainaren 5ean hasi zen, eskaintzak aurkezteko azken eguna uztailaren 17a izan zelarik, eta kiroldegia finantzatzeko behar diren baliabide ekonomikoen parte handi bat hornituko dio Udalari.
Udal honek eskerrak eman nahi dizkie interesatuei nahiz lizitatzaileei beren inplikazioagatik eta prozesu osoan egin duten lan egokiagatik.