Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Lasarte

Aplikazio habiaratuak

Menu prensa

Aplikazio habiaratuak

Aktualitatea

Atzealdea Hastera doa kirol-jardueren ikasturtea Udaleko Kirol-Zerbitzuan

2020-09-25

Irailaren 28an hasiko da Maialen Chourraut kiroldegian Udaleko Kirol-Zerbitzuak antolatutako kirol-jardueren kurtso berria, COVID-19aren pandemiarengatik normaltasun berrira egokituta

Lasarte-Oriako alkateak, Agustín Valdiviak, eta kiroletako zinegotziak, Txus Alonsok, Udalaren kirol-jardueren ikasturte berria aurkeztu zuten.

Uretako jarduerak (aqua gyma, igerian ikastea, igeriketa gidatua, kirol egokitua, uretako jolasak haurtxoekin, uretako ludoteka, igeriketako teknifikazioa) nahiz lehorrekoak (mantentzeko gimnastika, kirol egokitua, zumba, body pumpa, indoor txirrindularitza, pilatesa, stretchinga, body zumba, gazte eta txiki zumba, kirol-ludoteka) barne hartzen ditu programak, eta adin guztietako pertsonei zuzendua dago (haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak).

Eskaintzaren barruan, kirol-aholkularitzako zerbitzu bat dago muskulazioko eta kardioko geletan. Zerbitzu horretan, erabiltzaileei orientazioa ematen zaie kirol-aparatuak behar bezala erabiltzeko, eta entrenamendu-gida bat eskaintzen zaie. Horrezaz gain, hala kontratatzen dutenei, entrenamendu-programa edo plan pertsonalizatua emango zaie.

Adinekoentzat, irailaren 29tik aurrera, asteartero, 10:30ean, Kontzejutxiki plazan (Loidibarrengo frontoiaren parean), aholkularitzako zerbitzua dohainik eskainiko da han instalatutako ariketa fisikoko makinak erabiltzeko.

Edozein jardueratan parte hartu nahi dutenek kiroldegira deitu beharko dute (943 376182) izena emateko tramiteak hasteko.

Matrikula egiteko epea zabalik egongo da eskainitako plazak bete arte.

Udaleko Kirol-Zerbitzuak protokolo espezifikoak diseinatu ditu igerilekurako, haurrentzako eta gainerako jardueretarako, argibide zehatzekin, jarduera bakoitzean parte hartuko duten pertsonen segurtasuna babesteko eta covid-19arekin kutsa ez daitezen. Protokolo hori parte-hartzaile bakoitzari emango zaio, jardueran izena eman duela baieztatu ondoren.

Beraz, bereizi egiten dira eremu hezerako protokoloak, non dutxa nahitaez erabili behar baita aldageletan, eta eremu lehorrerakoak, non ez erabiltzeko ahalegina egingo baita.

Aforoa gutxitu denez gero, batez ere aldageletan, eremu hezean 15 minutuko denbora-tartea emango da aldatu ahal izateko. Horrela, hurrengo taldea sartu ahalko da, gehienezko aforoa 22 pertsona ingurukoa baita bi aldagelen artean.

Eremu lehorrean egiten diren gainerako jardueretan, aldagelak ez erabiltzea gomendatzen da, eta erabiltzaileak etxetik aldatuta joan daitezela eta jarduera amaitutakoan etxean dutxatzea. Hala ere, nahi duenak aldagelak eta dutxak erabiltzeko aukera du, baina aforoa murriztuarekin.

Kirol-Zerbitzuen Departamentuak ulermena, erantzukizuna eta kolaborazioa eskatzen die instalazioen erabiltzaileei, guztien artean egoera ahalik eta ondoen eraman ahal dadin, jabetzen baitira 15 minutu gutxitxo izan daitezkeela arropa aldatzeko, baina zaila da ordutegi eta jarduera guztiak aforo-mugarekin ondo egokitzea.

Era berean, departamentuak erabiltzaileak lasaitu nahi ditu, jarduerak segurtasun osoz egiteko protokolo guztiak beteko baitira.