Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Lasarte-Orian elkartu da
2026-04-28

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Lasarte-Orian elkartu da gaur, legegintzaldi honetan egiten ari diren saio ibiltarien esparruan, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko eta horiekiko lankidetza estutzen jarraitzeko, baita herritarrei erakundearen jarduera hurbiltzeko ere.
Foru diputatuek, Eider Mendoza diputatu nagusia buru zutela, asteroko ohiko topaketa egin dute udaletxean, lurralde osoarekin lotutako zenbait neurri eta erabaki onartuz. Kontseiluaren bilkuraren aurretik, Eider Mendozak eta Agustin Valdivia Calvo Lasarte-Oriako alkateak lan bilera egin dute, hirian lantzen ari diren erronka eta proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko.
"Helburua lurraldeko eta udalerriko proiektuak eta estrategiak ezagutzea eta partekatzea da, baita herritarren kezkak eta ekarpenak biltzea ere", azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak. Eta gaineratu du: "Gipuzkoa osora irekita ari gara lanean, ahalik eta udalerri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin bilerak eginez. Gaurkoa bezalako topaketek aukera ematen digute udalarekin lankidetzan aurrera egiteko, partekatzen ditugun proiektuetan sakontzeko". Diputatu nagusiak honako konpromiso hau hartu du: "ildo berean aurrera egiten jarraitzea, lankidetza estutuz, politika publikoetan berrikuntza sustatuz eta pertsonen ongizate integralean eragina duten proiektuak babestuz".
Agustin Valdivia Calvo alkateak nabarmendu duenez, Lasarte-Oriarentzat “ohore bat eta aukera bat” da Aldundiko Diputatuen Kontseilua hartzea. “Bisita honek erakundeen arteko loturak indartzen ditu eta gure beharrak eta etorkizuneko proiektuak zuzenean helarazteko aukera ematen digu. Topaketa hau aprobetxatu dugu herrian bultzatzen ari garen erronka eta proiektu nagusiak partekatzeko. Lasarte-Oria oso herri dinamikoa eta potentzial handikoa da, eta Foru Aldundiaren babesa eta inplikazioa izatea funtsezkoa da ezarri ditugun erronka eta helburuetan aurrera egiten jarraitzeko”, adierazi du Valdiviak.

