Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Ezkontzez gain, jadanik egin daitezke harrera eta hileta zibilak ere
2020-07-25
Erregelamenduak kasu bakoitzean zeremonia-mota bakoitzaren definizioak, baldintzak, ospakizun-egunak, espazioak edo nork eska ditzakeen zehazten ditu.
Orain artean, udalak ezkontza zibilak baizik ez zituen egiten, legearen arabera eta bakezko epaitegiaren delegazioz. Hala ere, egokitzat jo zen herritarrei bestelako zeremoniak egiteko aukera eskaintzea funtsezko beste bi unetan, hala nola jaiotzan edo heriotzan.
Ezkontza zibila ekitaldi publikoan zeremonia zibil bat egitea da, ezkongaiek eskatuta, zeremonia egiteko beharrezko baimena epaitegian tramitatu eta lortu ondoren.
Harrera zibila Lasarte-Oriako haur jaioberri bati komunitatera bere eskubide eta betebehar guztiekin egiten zaion ongietorriaren agerpen publiko gisa definitzen da, aitak, amak edo legezko tutoretza duenak eska dezakeelarik, eta balio sinbolikoa baizik ez du izango.
Hileta zibila, heriotzaren unean eta haren oroitzapena ohoratzeko, herritarrari bere komunitateak egiten dion laguntzaren agerpen publikoa da. Hileta zibilean, Udalak, familiartekoek hala eskatuta, komunitatearen dolua erakusten dio Lasarte-Oriako herritarrari.
Ezkontza zibila alkateak edo hark delegatutako zinegotziak zuzenduko du; hileta zibilaren eta harrera zibilaren kasuan, alkateak, hark delegatutako zinegotziak edo familiartekoek proposatutako edozein pertsonak zuzenduko du ekitaldia.
Eskaerak Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, aurrez aurre edo baliabide elektronikoen bidez, aplikatzekoa den araudiak xedatutakoari jarraituz, eta Alkatetzari zuzenduko zaizkio. Proposatutako ospakizuna egin baino gutxienez bi hilabete lehenago aurkeztu behar dira eskaerak, hileta zibilen kasuan izan ezik. Ospakizun azkarra edo intimoa egitea aukeratzen bada, gutxienez bi egun lehenago aurkeztu beharko dira.
Udalak lokal hauek ditu erabilgarri:
Ezkontza zibilak:
- Bista-aretoa: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara
- Udalbatzarren aretoa: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara
- Villa Mirentxu: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara
Harrera zibila:
- Bista-aretoa: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara
- Villa Mirentxu: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara
Hileta zibilak:
- Villa Mirentxu: astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara, eta astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara
- Hilerria: astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 12:00etara, eta astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:30era