Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria, haur eta gazteentzako ehunka nobedaderekin
2025-12-04

Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria abian da. Euskal Herriko udal eta mankomunitateetako 100 Euskara Zerbitzuk baino gehiagok, tartean Lasarte-Oriakoak, indarrak batu dituzte, beste urte batez, haur eta gazteei zuzendutako euskarazko produktu sorta zabala eskaintzeko. Aurtengoa katalogoaren 27. edizioa da dagoeneko.
Estitxu Alkorta Lasarte-Oriako Euskara zinegotzi eta bigarren alkateordeak tresna honen garrantzia azpimarratu du: «Katalogoak gogorarazten digu, urtez urte, euskarazko eskaintza oso zabala eta kalitatezkoa dagoela. Familiei, eta baita tokiko merkataritzari ere, proposamen erakargarriak aurkitzea errazten die, haurrek eta gazteek aisialdian ere euskaraz goza dezaten».
Data hauek seme-alabei edo gertuko pertsonei euskarazko liburuak, musika, jostailuak eta jokoak erosi eta oparitzeko une aproposak direla kontuan hartuta, katalogoa barrutik eta kanpotik berritu da. Bai webguneak katalogoa.eus, bai paperezko edizioak irudi berria estreinatzen dute, eta edukiak bi multzo handitan antolatzen dituzte: batetik, 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuak, eta, bestetik, 12-16 urte bitarteko gazteentzat.
Paperezko edizioan 50.000 ale inprimatu dituzte, eta egunotan banatuko dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Azken urteetan bezala, katalogo fisikoak azal bikoitza du: alde batetik, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako produktuetara sartzen da, eta, bestetik, 0 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eta familientzat pentsatutako materialetara. Aurkezpen honek bilaketa errazten du eta adin-tarte bakoitzari nortasun propioa ematen dio.
Katalogoak ez ditu webgunean agertzen diren erreferentzia guztiak biltzen, baizik eta atalen arabera antolatutako aukeraketa bat: musika, filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailuak eta jokoak, eta baita gurasoei zuzendutako materialak ere. Lasarte-Orian, paperezko katalogoa postaz bidaliko zaie 16 urtetik beherako biztanleei, eta, gainera, ikastetxeetan, udal-eraikinetan eta udal-liburutegian egongo da eskuragarri, kontsultatzeko.
Euskara zinegotziaren hitzetan, «gure helburua da, opari bat aukeratzeko unea iristen denean, euskara beti lehenengo aukeren artean egotea. Euskarazko liburu, joko, film bakoitza ere inbertsio txiki bat da hizkuntzaren etorkizunean».
Bestalde, webgunea katalogoa.eus etengabe eguneratzen da: merkatura ateratzen diren produktu berriak gehitzen ditu, eta katalogotik ateratzen direnak ezabatzen ditu; hala, katalogo digitala “bizirik” mantentzen da urte osoan. Gaur egun 8.274 produktu inguru biltzen ditu, 0-12 eta 12-16 urteko bi multzo handietan berdin antolatuak.
Atal bakoitzak bere direktorio propioa du, eta, horri esker, bilaketa aurreratu eta erosoagoak egin daitezke. Produktuak izenburuaren, argitaletxearen, egilearen, adin-tartearen edo prezioaren arabera kontsulta daitezke, besteak beste. Erabiltzaileak artikuluren bat interesatzen zaionean, argitaletxearen denda birtualera sar daiteke “non eskuratu / dónde conseguirlo” botoian klik eginez, eta han erosketa osatu.
Webguneak, gainera, buletin elektroniko batean harpidetzeko aukera eskaintzen du. Izena ematen dutenek urtean hamar buletin inguru jasoko dituzte argitaratutako azken produktuen erreferentziekin, eta horri esker, urte osoan zehar euskarazko nobedadeen jarraipena egin daiteke. Horixe da katalogoa.eus-ren helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko azken nobedadeak, modu erraz batean, herritarren eskura jartzea.
Udaleko Euskara Zerbitzuak gogorarazten du Euskarazko Produktuen Katalogoa tresna praktikoa dela Gabonetan euskarazko opariak aukeratzeko: liburuak, musika, zinema, jokoak eta jostailuak, entretenitzeaz gain, etxean eta aisialdian euskararen erabilera indartzen laguntzen dutenak. «Lasarte-Oriako familiak animatu nahi ditugu katalogoa kontsultatzera, liburutegira eta herriko merkataritzara hurbiltzera, eta aurtengo opariak ere euskaraz betetzera», amaitu du Alkortak.
