Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Euskararen X. Maratoialdia bueltan da! 6 urteren ondoren, Lasarte-Oriako euskararen jairik handiena itzuliko da

Aurten egoera hobera doala ikusita, Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak X. Maratoia ez ezik, X. Maratoialdia ospatzea erabaki dute, Euskaraldia ere barne hartuta.

2022·05·18

2016an ospatu zen azken Maratoia, eta Maratoiaren ondoren 40 egun euskaraz egiteko erronka egin zuten lasarteoriatarrek. Erronka horretarako sortu ziren Ahobizi eta Belarriprest figurak, eta 2018tik nazio mailan bi urterik behin ospatzen den Euskaraldiak bere egin zituen. Badituzte harro egoteko arrazoiak lasarte-oriarrek, bai horixe!

Maratoia 2020an ospatzekoa bazen ere, Koronabirusaren pandemia dela-medio, antolaketak bertan behera uztea erabaki zuen pena handiz.

Aurten, ordea, egoera hobera doala ikusita, Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak X. Maratoia ez ezik, X. Maratoialdia ospatzea erabaki dute, Euskaraldia ere barne hartuta.

6 urtez itxaroten aritu ondoren, ilusio eta gogo handiz ari dira prestatzen Maratoialdia. Zortzikotea ere martxan da, eta jada zenbait sorpresa prest ditu lasarteoriatarrentzat. Aurtengoa ospakizun berezia izango da eta Maratoialdiaren aurkezpena ere bai. Horregatik, aurkezpena herritar guztientzat irekia izango da.

Aurkezpenean Maratoialdiaren xehetasunak, abestia, bideoklipak eta irudiak aurkeztuko dira, eta, nola ez, Zortzikoteko kideak ere bertan izango dira, denok tarte dibertigarri bat pasatzeko.

Bea Egizabal artista izango da ekitaldiaren aurkezlea, eta Zortzikoteko kideekin batera, zalantzarik gabe, barreak eta ezustekoak ziurtatuta.

Mari Karmen Ormazabalek, Ttakuneko lehendakariak, lasarteoriotar guztiei luzatu die gonbita: “aurtengoa X. Maratoialdia da eta asko dugu ospatzeko. 9. ediziotan milaka momentu gogoangarri sortu dira, eta aurten ere, beste horrenbeste sortzeko ilusioz gabiltza lanean. Beraz, aurtengo edizioa nolakoa izango den eta Maratoialdian nola parte hartu ahal izango den jakin  nahi baduzue, etorri aurkezpenera, bertan denaren berri jasoko baituzue, eta primeran pasatu ere bai”.

Jon Antxordokik, Euskara Batzordeko lehendakariak, berriz, adierazi du: “Euskararen Maratoia tradizio handiko jaia da lasarteoriatarrentzat. Bertan egindako lanak Euskal Herri osora zabaldu ziren Euskaraldiaren bidez, eta horrek erreferentziagune bihurtu du Lasarte-Oria euskalgintzaren esparruan. Pandemiagatik ezin izan dugu X. edizioa 6 urtean ospatu eta, murrizketak arindu direla ikusita, aurtengo edizioa are bereziagoa izatea nahi dugu. Horrez gainera, Euskaraldiaren urtea ere badenez, ekitaldi biak uztartu nahi izan ditugu. Horregatik, udazken honetarako lasarteoriatarrentzako eskaintza berezia ari gara prestatzen Udala eta Ttakun elkarlanean. Baina xehetasun gehiago jakin nahi baduzue, etorri maiatzaren 18ko aurkezpenera, ongi pasako dugu!”.

Maratoialdiaren aurkezpena maiatzaren 18an 19:00etan izango da Manuel Lekuona kulturetxeko Auditoriumean. Aurkezpenaren ondoren, gerturatzen diren guztientzako lunch goxoa eskainiko da kulturetxeko kafetegian.

Animatu eta etorri!

Argazkia: Txintxarri Aldizkaia