Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Euskaraldian izena emateko bide guztiak irekita daude
2020-10-27
Haur-eskolak, Landaberri ikastolak, Sasoeta ikastetxeak, Oriarte BHIk, UEGI lanbide heziketa ikastetxeak, HHI-EPAk, bi euskaltegiek, Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun kultur elkarteak, denak bat eginda, eta Euskararen Maratoiko zortzikoteko kideen laguntzarekin, Euskaraldia Lasarte-Orian abiatzeko lanak plazaratu dituzte.
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra Euskaraldiaren bigarren edizioa izango da. Milaka belarriprest eta ahobizik, 15 egunez, eguneroko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala egingo da.
Antolatzaileek adierazi duten bezala, zeuk ere euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin nahi baduzu, eta 16 urte edo gehiago badituzu, eta euskaraz ulertzen baduzu, eman izena.
Ariketa egiteko moduari dagokionez, berriz, aurreko edizioan bezala, belarriprest edo ahobizi izan daiteke izena ematen duen pertsona hori. Edozein kasutan, bi rol horietako bat aukeratzerakoan, gogorarazi zuten gakoa jokaeran dagoela, ez gaitasunean. Izan ere, Euskaraldian parte hartzen duten herritar askok nahasten dituzte ahobizi/belarriprest rolak hizkuntza-gaitasunarekin, alegia, euskaraz ondo dakienak ahobizi izan behar duela eta hain ondo ez dakienak belarriprest. Antolakuntzatik behin eta berriz azpimarratzen ari dira ez dela gaitasuna rola definitzen duena jokaera baizik. Ahobiziak euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten du uneoro. Eta belarriprestak, berriz, gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen du euskaraz noiz eta norekin egin.
Izena emateko bideak
Behin rola aukeratuta, izena emateko hainbat modu daude:
Informazio gune ibiltariak bost gune zeharkatuko ditu datozen asteetan: kiroldegia, kultur etxea, Okendo plaza, Andatza plazako azoka eta tren geltokia. Bertan izena eman ahal izango da diptikoa beteta, online edo QR kodearen bidez. Bizikletaren ondoan photocall bat jarriko da eta argazkiak egin eta sarera igo ahal izango dira! Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeburuak, Mari Karmen Ormazabal Ttakun Kultur Elkarteko presidenteak eta Xabier Matxain Ttakungo Kultura Saileko arduradunak aurkeztu dute proiektua ostegun arratsaldean.
Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute etxe guztietara banatu dela diptikoa, eta horretarako jarritako kutxetan utz daitekeela honako toki hauetan: Ostadar S.K.T., Jalgi kafe antzokia, Aldaz hortz-klinika, Setalde Group, M. Berasategi kafeak, Maya lentzeria, Noaua bidaiak, Orbela belar-denda, Orue farmazia, Pikabea aseguru artekaria, Saltogela psikomotrizitatea, Urbistondo farmazia, Urruzola mertzeria, Udaleko euskara-zerbitzua, Manuel Lekuona kulturetxea, Maialen Chourraut kiroldegia, Oriarte Institutua, Andrejoakina Haur-eskola, Helduen Heziketa Iraunkorra (HHI-EPA), Landaberri ikastola, Sasoeta-Zumaburu ikastetxea, Udal euskaltegia eta Muntteri-AEK euskaltegia.