Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Lasarte-Oriako euskaltegietan 2025-2026 ikasturterako matrikulazio kanpaina
2025-09-09

Estitxu Alkorta Euskara zinegotziak eta Ana Isabel Labaka teknikariak 2025-2026 ikasturte berriari dagokion matrikulazio kanpaina berria aurkeztu dute.
Lasarte-Oriako Udalak euskararen erabilera bultzatu nahi du udalerrian, gaur egun % 18 ingurukoa baita. Horretarako, euskara menperatzen ez duten herritar guztiak herriko bi euskaltegietako batean ikastera animatu nahi ditu, bia udal euskategian bai AEKko Muntterin ere. Iaz, bien artean 200 ikasle inguru izan zituzten.
Matrikulazio epeak zabalik daude bi euskaltegietan:
- Udal euskaltegia irailaren 1etik 19ra.
- AEK Muntteri irailaren 2tik 24ra.
Euskaltegi bakoitzean modalitate, ordutegi, maila eta abarren berri emango dute. Ikastaroa bertan edo urrutitik egiteko aukera egongo da, eta, gainera, Ttakun Kultur Elkartearen Solaskide programaren bidez, euskara ikasten ari direnek herriko euskaldunekin elkarrizketa saioak egiteko aukera izango dute.
Euskara ikasteko dirulaguntzak
Lasarte-Orian erroldatu baldin bazaude eta herriko euskaltegiren batean euskara ikasteko matrikulatzen bazara, matrikularen % 85eko dirulaguntza eskuratu dezakezu. Udalak 72.160, 00 euro bideratzen ditu zeregin honetarako.
Horretaz gain, HABE erakundearen berrikuntzen artean dago euskararen hasierako mailetan (A1 edo A2) ikasteko matrikulatuz gero, matrikula ia doan izango da. 300 eur ordaindu beharrean 70 euro ordaindu beharko dituzte. Eta, horretaz gain, 16-18 urte bitarteko gazteentzat eta langabeentzat ere eskaintza bereziak daude.
Beraz, ez dago euskara ikasten ez hasteko aitzakiarik.
