Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Eskolako Agenda 21 Foroak¸ orain Eskolako Agenda 2030 bihurtu denak, basoei buruzko bere proposamenak azaldu ditu

Aurten Lasarte-Oriako mila ikasle baino gehiago hasi dira garapen iraunkorraren helburuak lantzen, 15. helburutik abiatuta: lurreko ekosistemen bizitza. Gaia oso zabala denez, basoetan zentratu dira.

2021·06·17

Udalerriko ikastetxeetako ikasleen zenbait ordezkarik ikasturte honetan Lasarte-Oriako baso, parke eta zuhaiztiei buruz egindako lana eta jarduteko proposamenak aurkeztu dituzte udal ordezkarien aurrean.

Aurten, ekitaldia Kultur Etxeko hitzaldi-aretoan egin da, osasun-protokoloak bete ahal izateko. Bertan, 30 haur eta hainbat irakasle izan dira. Agustin Valdivia alkateak eta Maite Iglesias eta Nagore Duran Hezkuntza eta Herritarren Partaidetzako zinegotziek zuzendu zuten ekitaldia, eta egindako lana eta Udalari egindako proposamenak entzun dituzte.

Hainbat hitzaldiren bidez, ikasleen ordezkariek lan-prozesua eta egindako jarduerak kontatu dituzte, Froilan Elespe Parke botanikoa bereziki azpimarratuz. Besteak beste, Oztaran erreka, Donostiako Maria Cristina parkea, Andatza eta Buruntza mendiak eta Aralar mendilerroa bisitatu zituzten.

Ikasleek, basoak zaintzeko hartzen dituzten konpromisoak azaldu zituzten:

  1. Gure inguruneko birikak, hau da BASOAK, zaindu behar ditugu.
  2. Natura errespetatuko dugu, ez ditugu adarrak puskatuko, ezta landare eta loreak hartuko.
  3. Basoko animaliak hartzen baditugu, bere tokian utziko ditugu eta haien habiak edo etxetxoak ez ditugu apurtuko.
  4. Egunerokotasunean, gure ingurunea zaindu eta errespetatuko dugu.
  5. Gure eskolako berdeguneak denon artean garbituko ditugu eta bertako izaki bizidunak ezagutzen eta errespetatzen saiatuko gara.
  6. Prest gaude herriko baso edo naturgune baten garbiketa egiteko ere.
  7. Ez dugu zaborrik lurrera botako,  dagokien zakarrontzietara baizik,  eta lurrean dauden zaborrak jasotzen saiatuko gara.
  8. Ez dugu beirarik utziko mendian, suteen arriskua egon daiteke.
  9. Hondakinak murriztu eta kontsumoa gutxituz naturaren alde egingo dugu. Plastikozko bildukin gutxiago erabiliko ditugu.
  10. Bizikleta gehiago erabiliko dugu, ingurumenaren alde.

Ondoren, proposamen hauek egin zizkioten udalari eta herritarrei:

Berdegune, baso eta mendien zainketa

  1. Zuhaitzak ez moztu beharrezkoa ez bada, adibidez, Sasoeta eskolakoak.
  2. Eta ikastolako obra egiteko moztu zituztenak berriro landatu.
  3. Herrian lore eta zuhaitz gehiago landatu.
  4. Ez basorik suntsitu etxeak eraikitzeko.
  5. Babestutako guneak zaintzen direla kontrolatu. Esaterako, herrian bertan dugun parke botanikoa.

Herritarrei zuzendutako ekimenak

  1. Zaborra lurrera botatzeagatik isun handiagoak jarri.
  2. Gune baten garbiketa kolektiboa antolatu, ikasle zein herritarrei zuzendua.
  3. Zuhaitz eguna berreskuratu.
  4. Txutxeak erosteko telazko zorroak banatu.

Ekipamenduen inguruan

  1. Eremu berde gehiago sortu herrian, belazeak, zuhaitzak…
  2. Mendi eta basoetan informazio kartelak jarri, espezieak ezagutzeko eta aholkuak jarraitzeko.
  3. Froilan Elespe parke botanikoan dauden kartelak berritu.
  4. Sasoeta eskola ingurua ondo garbitu, dauden zabor, beira, botila… jasoz. Batez ere asteburuetan sortzen da arazo hau.
  5. Landaberri ikastolan obraren ondoren geratu diren burdinak jaso.
  6. Bidegorri bat egitea Landaberri ikastolara iristeko, horrela gutxiago kutsatuko genuke.
  7. Ikastolara doan bidean trafikoa hobeto bideratu, azken boladan kamioiak areagotu dira.
  8. Birziklatzeko edukiontzien bilketa egokia bideratu Landaberri ikastolan.
  9. Birziklatzeko zaborrontzi txiki gehiago herrian.

Alkateak eskerrak eman dizkie ikasle lasarteoriatarrei egindako lanagatik, eta puntualki erantzun die planteatutako gai guztiei. Adibidez, zenbait zuhaitz gaixo moztera behartzen duten arrazoiak, lorezaintza-kontratua luzatzea gure parkeen kontserbazioa hobetzeko.

Valdiviak datu batzuk eman zituen, hala nola landatutako 7.500 zuhaitzak, 23.800 zuhaixkak, 45.000 tulipan eta nartzisoak eta 2.800 lore-landareak. Era berean, azaldu zuen lore-zuhaixkak landatzen ari direla mantentze-lanak jasangarriagoak izan daitezen.

Bereziki azpimarratu zuen herritarrak kontzientziatu egin behar direla gure parkeak garbi eta behar bezala mantendu ahal izateko. Horren adibide gisa, Froilan Elespe Parke Botanikoko informazio-kartelak bitan birjarri behar izan dira.

Alkateak haien proposamenen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen, baita udal honek proposamen horiek egiteko duen asmoa ere, gaur egun eskuragarri dauden edukiontzien eredua aldatzekoa kasu, lehen hala egiteko eskatu baitzen.

Valdiviak bere egin zuen auzolanean gune bat garbitzeko egun bat antolatzeko asmoa, baina oraingoz ezin izango da Zuhaitzaren Eguna berreskuratu, Lasarte-Oria hain txikia denez, jada ez baitu lur publikorik landaketa bat egiteko.

 

 

Web edukia bistaratu

COVID-19 mapa. LASARTE-ORIA

Legenda
  Azken 14 egunetako kasuak 100.000 biztanleko
400 kasu edo gehiago
300 eta 399 kasu artean
60 eta 299 kasu artean
60 kasu edo gutxiago
Eraginik gabe edo 5.000 biztanle baino gutxiago udalerrian
 

 

*Datuen jatorria: OpenData Euskadi

**14 eguneko tasa 100.000 biztanleko. Tasak kalkulatzeko EUSTATen Biztanleen Udal-Erroldaren Estatistikan 2020ko urtarrilaren 1erako argitaratutako biztanleria hartzen da.