Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Erribera eta Oria arteko bidegorria lotuko duen zubia instalatu dute

Erribera kaleko etxabeen eta Oria aldearen arteko bidegorria lotzeko zubia instalatu dute. Etxabeak berrurbanizatzeko obrak erritmo onean doaz, eta uztailean amaitzea aurreikusten da.

2024·01·29

Lasarte-Oriako alkatea, Agustin Valdivia, eta Ibon Rosales udaleko arkitektoa Erribera kaleko etxabeetako obrak bisitatzera joan ziren. Oriaren ibaiertzeko bidegorriaren iparraldea eta hegoaldea lotuko dituen zubiaren instalazioa izan zen bisitaren arrazoia.

Alkateak adierazi zuen moduan, inguruko bizilagunek gogotik espero zuten obra bat da; izan ere, etxabeen urbanizazioa nabarmen hobetzen du, ingurua behar bezala garbitzea errazten du, eta gure udalerria alderik alde zeharkatzen duen bidegorria konektatzen du, Oriatik bizikletaz kiroldegi berrira joateko aukera emanez.

Valdiviak adierazi zuenez, bisita honetan obraren hainbat fase ezagut daitezke. Hasi azken zoladura amaitzen ari den fasetik hasi eta garabiak zubia instalatzen duen uneraino. Alkateak jakinarazi zuen obra erritmo onean doala eta uztailean amaitzea espero dela, aurreikusita zegoen bezala, obran lanean ari diren lantalde berriei esker.

AURREKARIAK

Proiektuaren esparrua Erribera kaleko 1. ataritik 11.era bitarteko arkupeei dagokien eremuan zehaztua dago, bai eta udalerriko gainerako tokiekin dituen konexioetan ere, batez ere Ola kalearekin eta Kotxeras A18 HIEarekin.

Aipatutako arkupeek ez zuten inolako eraikuntza-erabilerarik (atariak izan ezik), eta degradazio-egoera nabarmena zuten, bai eraikuntza-mailan, arkupeen azpiko lokaletan hezetasunak agertu baitziren euri-ura filtratzearen ondorioz, forjatuak inpermeabilizaziorik ez zuelako, bai maila funtzionalean, eremu horiek udalerriko gune marjinal bat osatzen baitzuten. Izan ere, arkupe horien erabilera bakarra etxebizitzetako bizilagunek udalerritik beren etxeetara joatea edo alderantziko bidea egitea zen.

Bestalde, Lasarte-Oriako udalerrian oinezkoentzako pasealeku bat eta bidegorri bat gauzatu dira Oria ibaiaren erriberaren ondoan, denboran zehar egindako hainbat jarduketaren bidez. Bi elementu horiek Bruneteko fabrika zaharretik Michelineraino modu jarraituan garatuta daude, eta Erribera kaleari dagokion tartean baizik ez dira eteten.

Eremuko arazoak konpontzen saiatu dira, eremu hori herritarren oinezko ibilbideen barruan integratuz, hartara Oria ibaiaren ertzeko pasealekuaren parte bihurtuz.

PROIEKTUAREN XEDEA

Lasarte-Oriako Udalak Erribera kaleko arkupeak eraberritzeko proiekturako ezarritako helburuak honako hauek dira:

  • Eremu hori egokitzea, erriberako pasealeku eta bidegorri gisa erabiltzeko aukera eman dezan eta, horrela, azpiegitura horrek jarraitutasuna izan dezan udalerrian Oria ibaiaren erribera osoan zehar.
  • Eremuaren urbanizazio-egoera hobetzea, gainerako bizilagunen kondizioetara egokituz.
  • Argiak berritzea, oraingo argien ordez LED teknologiako beste batzuk jarriz, horrela lortuko den argitasunak arkupeak leku seguru bihur ditzan.
  • Arkupeetako forjatuaren estruktura sendotzeko soluzio bat gauzatzea, hartara erabilerako gainkarga 300 kg/m2 ingurukoa izan dadin, eta, aldi berean, atarien azpiko lokaletako ur-filtrazioei konponbidea ematea, forjatuari inpermeabilizazio egokiaz emanda.

KOKALEKUA ETA PROIEKTUA

Proiektuaren eremua Lasarte-Oriako udalerriaren mendebaldean dago, eta 6250 m2 inguruko azalera hartzen du, 300 metroko luzerarekin eta 16 metroko zabalerarekin.

Proiektuaren eremua, haren analisirako, hiru motatako jarduketetan banatzen da:

  • Ola kalearekin, Isla plazarekin eta Zumaburu kalearekin lotzea.
  • Erribera kaleko 1. ataritik 11.era bitarteko arkupeak.
  • Zumaburu kaleko 18. zenbakiko garaje-eraikinaren plataformarekin lotzea.

Ola kalearekin, Isla plazarekin eta Zumaburu kalearekin lotzea

Proiektuak arkupeetarako sarbide guztiak birmoldatzea aurreikusten du; hala, Ola kalean oinezko sarbiderako eskailera arrapaladun berri bat egingo da, eta bizikletentzako arrapala bat gauzatuko da, udalerriko bIdegorriaren ibilbidea osatzeko.

Isla plazan, arkupeetarako bi sarbideak birmoldatuko dira, arkupeen sestra berrietara egokitzeko.

Zumaburu kaleko sarbideak. Zumaburu kaletik arkupeetara iristeko bi sarbideak birmoldatuko dira, orain dauden eskailerak birmoldatuz, bai eta Zumaburu 14-16ko arrapala ere, luzatu eta irisgarri egingo baitira eta Zumaburu 2-4 aldean beste arrapala irisgarri bat egingo baita.

Erribera kaleko 1. zenbakitik 11.era bitarteko arkupeak.

Proiektuak arkupeak birmoldatzea aurreikusten du, honako lan hauek eginez:

  • Arkupea osatzen duten estrukturen sostengu-ahalmena hobetzea. Horretarako, estruktura indartu egingo da, 300 kg/m2-ko zamari eusteko gai izan dadin.
  • Arkupe guztien inpermeabilizazioa egitea, asfaltozko xafla bikoitzaren bidez. Horrekin, atarien azpian dauden lokalak babestu nahi dira, eta, aldi berean, eremuko etxebizitzen estrukturari iraunkortasun handiagoa eman.
  • Zoladura orokor berri bat egitea, gaur egungo diseinu moderno batean oinarrituta.
  • Arkupeetan bidegorri bat egitea, ibai-ertzean egina dagoen bidegorriari jarraipena emateko.
  • Inguruko argi guztiak aldatzea, LED motako luminariak jarriz eta eremuaren argiztapen-maila handituz.
  • Azkenik, arkupeen mugetan baranda berriak egitea aurreikusten du proiektuak.

Zumaburuko parkearekin lotzea.

Bidegorriari jarraipena emateko eta arkupeei beste erabilera bat emateko, proiektuak oinezko zubi-pasarela bat egitea aurreikusten du, arkupeak eta Zumaburuko parkearen eremua lotuko dituena, garai bateko Liberto Aizpuruaren galdategiaren inguruan.

AURREKONTUA

Proiektuko obren aurrekontua 3.895.170,51 eurokoa da. Obra 2022an lizitatu zen, eta 2023ko martxoan adjudikatu zitzaion Erribera ABEEari, zeina Campezo Obras y Servicios SA eta Jaizubia Obras y Servicios SL enpresek osatzen baitute. Adjudikazioko aurrekontua 3.580.533,18 eurokoa izan zen, eta gauzatzeko epea 15 hilabetekoa da.

OBRAREN EGOERA

Gaur egun, arkupeen luzera osoan dago garatuta obra, eta tarte bakoitza fase ezberdin batean dago. Hala, Erribera 1-2 zolaketaren azken fasean dago, eta argiztapena eta burdin lanak egiten hasia.

Erribera 3, 4 eta 5 tartea zolaketaren hasieran dago, gainazala inpermeabilizatu ondoren.

Erribera 6, 7 eta 8 tartea gainazala inpermeabilizatzeko fasean dago.

Erribera 9, 10 eta 11 tartea zoladura zaharra eraisteko fasean dago.

Ola kalearekiko, Zumaburu kalearekiko eta Isla plazarekiko lotuneak egiten ari dira, eta Zumaburu 2 eta 4rekiko lotura gauzatuta dago.

Erribera 9, 10 eta 11 tarteko eraiste-lanak behin amaituta, blokeen artean dauden terrazetan jardungo dute.

Zumaburuko parkearen eremuarekiko komunikazioari dagokionez, pasarela ipintzen ari dira, eta zoladura jarriko zaio.