Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Eraso matxisten eta LGTBIQ+ erasoen aurkako protokoloa

Eraso matxisten eta LGTBIQ+ erasoen aurkako protokoloa aurkeztu da

2023·06·28

Lasarte-Oriako alkate Agustín Valdiviak, Zerbitzu Sozialetako zinegotzi Lourdes Acevedok, berdintasuneko teknikari Irati Olaetxeak, berdintasuneko kontseiluaren ordezkari Bea Egizabalek eta Sudergintza kooperatibako Zuriñe Rodriguezek jaietako protokoloa aurkeztu zuten.

Dosier hau lantzeko, gorago aipatutako aldeez gain, udaleko hainbat arlok, tabernetako jabeek, talde feministek, emakumeen zentroak eta abarrek ere parte hartu dute.

Dosier honen helburua da Lasarte-Oriako emakumeek eta jaietan udalerria bisitatzen dutenek ahalduntzeari, plazerari eta gozatzeko eskubideari buruzko narratibak sortzea. Tresna pedagogiko bat eskura izatea ere bai, herritarrek jakin dezaten zer den eraso bat eta zer-nolako jokabide matxistak ez diren toleratuko. Nahitaez bete beharreko konpromiso-gutun moduko bat da, udal-zerbitzuek zerbitzu integral eta koordinatu bat eman ahal izan dezaten indarkeria matxistaren eta LGTBIQ+ pertsonenganako bortizkeriaren kasuetan arreta emateko, jarraipena egiteko eta erantzuna emateko.

Valdiviak adierazi zuenez, “eraso matxisten eta LGTBIQ+ erasoen aurkako borroka guztion erantzukizuna da eta, horregatik, aurten Udalak, berdintasuneko departamentuaren bitartez, modu bateratuan eta partizipatiboan lan egin du. Lasarte-Orian bizi garenon eta gure herria indarkeriarik gabea nahi dugunon aldetik mezu uniforme bat helarazi nahi dugu, gure herriko bizikidetzan berdintasuna eta errespetua balio nagusiak izan daitezen. Festetara gai hau errespetatzeko asmorik gabe datorrena, zuzenean, ez da ongi etorria, ez dadila etorri.”

Bea Egizabal, bestalde, oso pozik agertu zen, oso prozesu interesgarria izan delako eta berdintasuneko kontseiluarekin protokoloaren ikuspegia eta gakoa integrala izatea lortzen delako.

Hautatutako leloa hau izan da: Lasarte-Oria, jaiak gureak dira! Lelo global horrekin batera, badira beste bost mezu garrantzitsu ere: kaleak gureak dira, gauak gureak dira, plazerak gureak dira, autodefentsak gureak dira eta erantzunak gureak dira.

Mezu horien bidez, arretaren erdigunea emakumeen eskubideetan jarri nahi da. “Baina gizonezkoei zuzendutako mezu bat ere bada, interpelazio zuzen bat, jaiak gureak direla, eta horrek esan nahi du erasotzen baduzu ez direla zure jaiak”, zioen Rodriguezek.

Protokoloak zehazten du zer den eraso matxista bat, eta zer egin behar den halakorik gertatzen bada. Erasoa jasan duen pertsonaren beharrak ere kontuan hartu behar dira, eta une oro errespetatu behar da zer nahi duen, lagundu egin behar zaio eta bere konfiantzako norbaiti abisu eman, hala nahi badu.

Baldin eta establezimendu baten barruan eraso matxista bat gertatzen bada, eta erasoa nolakoa izan den kontuan izanda, erasoa jasan duen emakumeak, betiere hala nahi badu, bertako langileengana jo dezake protokoloa abian jar dezaten. Argiak piztuko dira, musika itzaliko da eta erasotzaileari bertatik alde egiteko eskatuko zaio, horrelako jokabideak onartzen ez dituen lekua baita.

“Berdintasunaren oinarria da emakumeok aukera izatea modu librean eta autonomoan erabakitzeko, parte hartzeko, iritzia emateko eta are gozatzeko ere. Hain gauza sinplea”, zioen Acevedok.

Aurten, berritasun gisa, gune seguru bat prestatu da udaletxean, erasoa jasan duen pertsonak, urduri edo egoera zail baten aurrean badago, leku lasai bat izan dezan, bere konfiantzazko norbaitekin egon ahal izateko eta erabaki egokiak hartu ahal izateko, egoeraren arabera, dela salaketa jartzekoa, etxera joatekoa, festara itzultzekoa, etab., eta betiere erasoa jasandako pertsonak nahi duena lehenetsiz.

Hainbat kasuistikarengatik aktibatuko litzateke urgentziazko protokoloa, hala nola bortxaketaren edo hilketaren kasuan. Beste kasu batzuetan, Berdintasuneko Kontseiluak, berdintasuneko zinegotzigoarekin koordinatuta, egokia den ala ez aztertuko luke.

Aktibatuz gero, alkateak bozeramaileen batzorde bat deituko du, adierazpen instituzional bat egiteko eta elkarretaratze baterako deialdia egiteko, horrela erasoa gaitzesteko eta biktimari babesa emateko.

Bestalde, Udaltzaingoa egunero egongo da harremanetan Berdintasuneko Kontseiluarekin eta zinegotzigoarekin, gertatzen denaren berri emateko. Betiere konfidentzialtasuna mantenduz eta Datuak Babesteko Legea errespetatuz.

Estudioen arabera, eraso baten ondoren, lekutik alde egiten duena biktima da beti, baina kontua da erasotzaileak izan behar duela establezimendutik alde egiten duena, behar bezala jokatu ez duelako. Horregatik, argiak pizteko eta musika itzaltzeko protokoloa erasotzaileari adierazteko modu bat da, bera dela lekutik alde egin behar duena, haren ekintzak ez daudela baimenduta.

Horrekin lortu nahi da emakumeak senti dezala jaiak libreki bizi ditzakeela.

Azpimarratu behar da jaietarako agenteen kopurua areagotu egin dela, eta Ertzaintzaren lankidetza ere izango dutela, beti eskatzen baitzaie egun hauetan presentzia handiagoa izan dezaten.

Jaien ondoren, ebaluazioa egingo da protokoloa nola bete den egiaztatzeko, aktibatu behar izan den ala ez jakiteko, zer koordinazio-lan egin diren ikusteko, eta abar.