Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea ELE-MELEKA proiektuaren azterketa kualitatiboa aurkeztu dute Larrekoetxea Institutuan
2025-05-20
Atzo eguerdian aurkeztu zen Lasarte-Oriako Larrekoetxea Institutuan ELE-MELEKA proiektuaren azterketa kualitatiboa, Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean euskararen erabilera sustatzea eta nerabeei hizkuntza sozializazioaren prozesuan laguntzea helburu duen ekimena. Ikerketa institutuko ikasleen partaidetzarekin egin da eta Lasarte-Oriako Udalaren bultzada izan du, bere Euskara Zerbitzuaren, Ttakun Kultur Elkartearen, Oriarte BHI zentroaren eta Ebete erakundearen bitartez.
Ekitaldia Estitxu Alkorta Euskara zinegotziak hasi du, ikerketaren testuingurua kokatuz eta Lasarte-Oria bezalako inguru erdaldunetan euskararen erabilera indartzeko hausnarketa eta babes guneak sortzen jarraitzearen garrantzia azpimarratuz.
Ondoren, Jon Pello Artetxek ikerketaren esparru orokorra aurkeztu du, Asier Huegunek erabilitako metodologia azaldu du eta, azkenik, Iñaki Eizmendik lanaren emaitza eta ondorio nagusiak partekatu ditu.
ELE-MELEKA proiektua DBH eta Batxilergoko maila guztiei zuzendutako planteamendu integralean oinarritzen da, eta hainbat jarduera konbinatzen ditu: sentsibilizazio-saioak, talde-dinamikak, ikasleen arteko laguntza-programak (kidetzeak), ekintzaile gazteen batzordeak, Kuadrillategi eta Faktoria bezalako aisialdi-jarduerak, eta euskararen kale erabileraren neurketa. Ikerketak berretsi du ekintza horiek, epe laburrean eragin mugatua badute ere, nabarmen laguntzen dutela kontzientzia soziolinguistikoa sortzen eta gazte askok epe ertain eta luzera euskararekiko duten konpromisoa indartzen.