Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Ekintza ugari irailaren 20tik aurrera Mugikortasun astearen harira
2022·09·17
Agustin Valdivia alkatearekin batera, Itziar Gurrutxaga Ingurumeneko teknikaria eta Eli Gondat Artelatzeko enpresa esleipenduna izan ziren. Alkateak Mugikortasun Asterako aurreikusitako jarduerak aurkeztu zituen. Valdiviak adierazi zuen aurtengo gaia «konexio hobeak» direla eta garraiobide iraunkorren erabileraren onurak zabaltzea duela helburu.
Mugikortasunaren Europako Astea da Europako Batzordeak hiri-mugikortasun iraunkorrari buruz egiten duen sentsibilizazio-kanpaina nagusia. Mugikortasun aktiboaren, garraio publikoaren eta beste garraio-irtenbide garbi eta adimentsu batzuen aldeko jokabide-aldaketa sustatzen du. Aurten irailaren 16tik 22ra ospatuko da Mugikortasunaren Europako Astearen 22. edizioa. Aurtengo gaia “konexio hobeak” da, eta garraiobide iraunkorren erabileraren onurak zabaltzea du helburu.
Urtero legez, Lasarte-Oriako udalak egitarau berezia antolatu du ekitaldi honen inguruan. Egitaraua irailaren 20an hasiko da, Okendo plazan 16:00etatik 20:00 bitartean Jarri Prest Zure Bizikleta furgoneta ibiltaria egongo da, bizikleten oinarrizko konponketak eta apaintzeak egiteko. Ekintza hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentuak antolatua da.
Bestalde, irailaren 22an izango dira gainontzeko ekintzak. Lehenik eta behin, Muittu mantangorri hiribusa dohainik izango da egun guztian zehar. Gainera, arratsaldeko 16:00etan Okendo plazatik abiatuta bizikleta martxa egingo da herrian zehar. Edizio honetan tarteko martxa bat baino ez da egingo parte hartu nahi duten 8 urtetik gorako pertsona guztientzat, haurrentzako martxa bat eta helduentzako beste bat egin beharrean. Kaskoa eramatea derrigorrezkoa izango da.
Jarraian, 17:00etatik 19:30 bitartean jolasak antolatu dira Okendo plazan eta inguruetan, besteak beste, bizikleta jolasak, herri kirolak, aisialdiko jolasak…
Bitartean, Ostadar SKT taldearen eskutik, arratsaldeko 18:30ean Ipar-martxa abiatuko da Okendotik eta herriko plazak zeharkatuz egingo dute ibilaldia; edozein herritarrek parte hartu dezan. Gainera, berrikuntza modura, ikusmen-arazoak dituen jendeak parte hartu ahal izateko gailu bereziak eramango dituzte.
Arratsalde berean bizikleten bigarren eskuko azoka egingo da Okendo plazan, 16:30etik 20:00etara. Egoera onean dauden bigarren eskuko bizikletak eta patineteak onartuko dira eta prezio onean bizikleta zein patinetea erosteko aukera ezin hobea da. Salmentan parte hartu nahi duenak adin nagusikoa izan behar du eta aldez aurretik izena eman behar du diptikoko QR eskaneatuz, www.merkabi.eus/lasarte-oria webguneko formularioa betez edo 943670249 telefonora deituz. Izen ematearekin batera, bizikleta eramateko hitzordua hautatuko da. Bigarren eskuko bizikleta azokaren bidez, bizikletak berrerabiltzea eta mugikortasun jasangarria sustatzea dira helburu.