Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Barruko horrien irudia

Lasarte

Aplikazio habiaratuak

Menu prensa

Aplikazio habiaratuak

Aktualitatea

Atzealdea Bea Egizabalen «Gregoria» bakarrizketarekin hasiko da gaur Kukukaren 25. urteurreneko egitarau berezia

2026-10-22

Emanaldia 19:00etan izango da, Manuel Lekuona Kultur Etxean, eta Lasarte-Oriako antzerki eta dantza eskolaren 25. urteurreneko ospakizunei emango die hasiera. Maiatzera arte luzatuko den egitarauak tailerrak, ikuskizunak, dokumental emanaldiak eta kultur topaketak bilduko ditu, Lasarte-Oriako Udalaren babesarekin.

Lasarte-Oriako Kukuka antzerki eta dantza eskolak 25 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko egitarau berezia antolatu du, 2026ko urritik 2027ko maiatzera bitartean. Hilabete horietan, arte eszenikoekin eta euskal kulturarekin lotutako tailerrak, ikuskizunak eta topaketak izango dira, herritarrek ere ospakizunean parte hartzeko aukera izan dezaten. Egitarauak Lasarte-Oriako Udalaren dirulaguntza jaso du, urteurreneko jarduerak antolatzeko.

Duela 25 urte sortu zen Kukuka, antzerkiaren eta dantzaren bidez euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Urteotan, ikasteko, sortzeko eta elkartzeko gune bihurtu da, eta hainbat belaunalditako kideek bertan izan dute sormena lantzeko, adierazteko eta esperientziak partekatzeko aukera. Herriko kultur bizitzari estu lotuta egin du bere ibilbidea eskolak, eta urteurrena baliatu nahi du antzerkia eta dantza herritarrengana hurbiltzeko.

Egitarauko lehen hitzordua gaur, urriaren 22an, izango da, 19:00etan, Manuel Lekuona Kultur Etxean, eta Bea Egizabalek Gregoria bakarrizketa eskainiko du. Azaroaren 7an, bikoizketa tailerra egingo dute, eta abenduaren 19an, berriz, bi jarduera izango dira: goizean, dantza tailerra dantza gelan, eta arratsaldean, ikuskizun bat Okendo plazan.

2027an ere izango du jarraipena egitarauak. Urtarrilaren 23an barre-terapia tailerra egingo dute, eta otsailaren 5ean Anarru dokumentala emango dute. Martxoaren 13an, berriz, Bizipoza ekimena izango da auditorioan, herriko eragileen parte-hartzearekin.

Apirilean, antzerkia eta dantza herriko hainbat txokotara iritsiko dira. Hilaren 10ean, goizean, antzerki topaketa, Magia en Zapatillas magoaren emanaldia eta kale antzerkia izango dira. Arratsaldean, berriz, antzerki emanaldia eskainiko dute auditorioan. Apirilaren 29an dantzak hartuko du lekukoa, Okendo plazan egingo den topaketarekin. Egitaraua maiatzaren 8an amaituko da, dantza mugimendu terapiarekin.