Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Baserriko Produktuen XI. Azokak zaporez beteko du Okendo plaza
2025-11-10

Agustin Valdivia alkateak, Nuria Fernandez Sozioekonomia zinegotziak eta Mikel Zendoia Behemendi Landa Garapenerako Elkarteko ordezkariak Baserriko Produktuen XI. Azoka aurkeztu dute gaur goizean. Azoka azaroaren 15ean izango da, 9:00etatik 14:00etara, Okendo plazan.
Gipuzkoako hainbat herritako hamabost bat ekoizle bilduko dira bertan, eta baserriko produktuen eskaintza zabala izango da: barazkiak, gazta, eztia, ogia, loreak, haragia, pateak, jogurtak eta gozogintza, besteak beste. Lasarte-Oriako bertako produktuak ere ez dira faltako, hala nola barazki freskoak eta hazi ekologikoak.
Azokak irauten duen bitartean, umeentzako egurrezko jolasak ere jarriko dira, sarrera librekoak, jardunaldia familia giroko eta aisiako hitzordu bihurtzeko, tokiko produktuaren eta landa bizitzaren inguruan.
Nuria Fernandez Sozio-ekonomiako zinegotziak nabarmendu duenez, “horrelako azokek balio handia dute baserritarren lanari ikusgarritasuna emateko, produktuak herritarrei hurbiltzeko eta landa-munduaren eta hiri-munduaren arteko loturak sendotzeko”. Bestalde, Mikel Zendoia Behemendiko ordezkariak azpimarratu duenez, “aparteko azoka hauek aukera ematen dute tokiko merkatuen tradizioa bizirik mantentzeko eta ekoizle eta kontsumitzaileen arteko topagune berriak sortzeko”.
Agustin Valdivia alkateak “parte hartzen duten pertsona guztien konpromisoa” eskertu nahi izan du, gogoratuz “tokiko produktua babestea eredu ekonomiko jasangarriago eta hurbilago baten alde egitea dela, gure inguruan aberastasuna sortzen duena”.
Baserriko Produktuen XI. Azoka zuzeneko salmenta eta hurbileko produktuen kontsumoa sustatzeko udal-programaren barruan kokatzen da, lurraldeko lehen sektoreari eta landa-garapenari ematen zaion laguntza sendotuz.


