Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Amaitzear da «Lortzen ari gara. Lo estamos consiguiendo» birziklapen-kanpaina eta dagoeneko ia 1.000 laguni arreta eman eta 600 galdetegi baino gehiago jaso ditu
2026-10-21

Lasarte-Oriako Udalak sustatutako «Lortzen ari gara. Lo estamos consiguiendo» birziklapenari buruzko sentsibilizazio- eta informazio-kanpaina dagoeneko azken txanpan sartu da, herritarren parte-hartzearen balorazio positiboarekin. Urriaren 1ean abian jarri zenetik, ia 1.000 lagun hurbildu dira herrian jarritako informazio-guneetara, 600 galdetegi baino gehiago jaso dira eta 450 konpost-poltsa banatu dira.
Urriaren 31n amaituko den ekimenaren helburua da etxeetan hondakinen bereizketa hobetzen jarraitzea, birziklapenari buruzko ohiko zalantzak argitzea eta herritarrak gaikako bilketan parte hartzera bultzatzea. Horretarako, hilabete osoan zehar informazio-kanpaina egiten ari dira kalean, San Pedro parrokiaren ondoko informazio-gune finko batean eta Lasarte-Oriako auzoetan barrena dabilen beste gune ibiltari batean.
Herritarren zalantza eta proposamen nagusiak
Aholkularitza eskaintzeaz gain, informazio-guneek hondakinak behar bezala bereizteko zalantzak argitzeko eta proposamenak egiteko aukera ere ematen dute. Hondakinen bereizketari buruzko galdera ohikoenen artean daude plastikozko ontziei, sukaldeko olioari, hondakin organikoei, arropari eta gailu elektronikoei lotutakoak.
Jasotako proposamen nagusien artean hondakinen bilketa-maiztasuna handitzea, edukiontzien inguruko garbitasuna hobetzea, materia organikoa behar bezala bereizteagatik hobariak ezartzeko aukera aztertzea eta gizalegearen aurkako jokabideen aurrean kontrola eta zaintza indartzea daude. Edukiontziak irekitzeko txartel elektronikoen eta sistemen funtzionamenduari buruzko gaiak ere planteatu dituzte herritarrek.
Kanpainan parte hartzeko azken egunak
Kanpaina azken txanpan sartuta, Udalak herritarrei jakinarazi die oraindik badutela informazio-guneetara hurbiltzeko, zalantzak argitzeko eta beren proposamenak egiteko aukera.
Era berean, eskerrak eman dizkie dagoeneko hondakinak behar bezala bereizten dituzten herritar guztiei, eguneroko ohiturekin herriko emaitzak hobetzen laguntzen dutelako. Aldi berean, oraindik hondakinak behar bezala bereizten ez dituztenei ahalegin kolektibo horrekin bat egiteko deia egin die.
Edukiontziak behar bezala erabiltzeko gogorarazpena
Kanpainaren bidez, Udalak hondakinen bilketa-sistemak behar bezala funtzionatzeko oinarrizko zenbait jarraibide ere gogorarazi nahi ditu.
Txartel elektronikoa beharrezkoa da errefusaren edukiontzi grisa irekitzeko eta poltsa konpostagarriak jasotzeko. Edukiontziak Ireki deituriko doako mugikorretarako aplikazioaren bidez ere ireki daitezke. Aplikazio horrek txartel elektronikoa telefonoarekin lotzeko aukera ematen du, txartel fisikoa eraman beharrik gabe mugikorretik zuzenean erabiltzeko. Txartela galduz gero, berri bat eska daiteke Udalean, 5 euroren truke.
Era berean, hondakinak beti edukiontzien barruan uztearen eta materia organikoa botatzeko poltsa konpostagarriak erabiltzearen garrantzia gogorarazi du Udalak.

