46 elkarte, denda eta enpresak Euskaraldian izena ematen ari dira
2022·09·26
Maratoialdiak 3 fase izango ditu: Sentitu, Maratoiarekin lotutakoa; Prestatu, Euskaraldirako prestatzeko ahalduntze-saio umoretsuekin lotutakoa; eta Ekin! Euskaraldiarekin lotutakoa.
Euskaraldian, pasa den edizioan bezala, Ahobizi eta Belarriprest dinamikan parte hartzea proposatuko zaie herritarrei, eta entitatei, hau da, enpresei, elkarteei, herri-mugimenduei… ariguneak identifikatu eta aktibatzea, 15 eguneko ariketan euskaraz hitz egiteko gune seguruak sortzeko.
Une hauetan, entitateen izen-emate kanpaina bete-betean da. Entitateek izena emateko bi aukera dituzte: alde batetik, joan den edizioan izena eman bazuten, https://ariguneak.euskaraldia.eus/ webgunean sartu eta beren datuak eguneratu behar dituzte; eta parte hartuko duten lehen edizioa bada, https://ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea/ webgunean sartu eta izena eman behar dute. Lasarte-Orian jada 46 entitatek eman dute izena edo berretsi dute beren parte hartzea, eta arlo guztietako entitateek parte hartuko dute Euskaraldian:
Establezimendu komertzialen eta zerbitzuen artean, hauek dira izena eman dutenak: Amaraya, Berasategi Kafeak, Bikain diseinua, Electricidad Arregui, Eli Lasa farmazia, Maite Erkizia ile-apaindegia, Oihana Estetika, Orbela belar-denda, Ormazabal loradenda, Plan B kafetegia, Saltogela psikomotrizitatea, Suria Zentroa eta Urruzola mertzeria.
Elkarteak: Asunak, Dinbi Banda Aisialdi Elkartea, Erketz EDT, Intza KE, Kukuka, Lasarte-Oriako Bilgunea, Lasarte-Oriako irakurle txokoa, Lasarte-Oriako transmaribollo kolektiboa, Ostadar SKT, Sorgin Jaiak, Xirimiri, Xumela eta Zabaleta Auzolan Elkartea.
Enpresa eta erakunde handiak, berriz, hauek: Aldaz Hortz Klinika, Aldika, BBVA, Caixabank, Eroski, Gureak, Kutxabank, Laboral Kutxa, Matia Fundazioa, Setalde eta Telesonic.
Horietaz gain, Lasarte-Oriako Udalak, Ttakun Kultur Elkarteak eta irakaskuntza alorreko eragile hauek guztiek: Andre Joakina haurreskola, Sasoeta-Zumaburu ikastetxea, Landaberri guraso elkartea, Landaberri ikastetxea, Muntteri-AEK euskaltegia eta Oriarte institutua.
Zer dira ariguneak?
Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak direla. Edozein erakundek, enpresa, denda, zein elkartek, erabaki dezake arigune bat osatzea. Baldintzak dira, ariguneko kideak izango diren guztiek euskaraz ulertzea eta gehienak (%80a) ados egotea arigune bezala aritzeko Euskaraldian.
Orain arte izena emandako 46 entitate erreferenteek arigunea(k) osatu dituzte eta Euskaraldiak iraungo dituen bi asteetan zehar euskaraz arituko dira ariguneko kideen artean, batzuk ahobizi eta besteak belarriprest izanez.
Gonbidapena gainerako entitateei
Entitateen izen-emateak martxan jarraitzen du eta, horregatik, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko arduradunak, Jon Antxordokik, eta Ttakun Kultur Elkarteko kideak, Andoni Anabitartek, eskerrak ematen dizkie jada parte hartzea erabaki duten entitateei eta dei egiten diete Lasarte-Oriako gainerako entitateei (enpresak, komertzioak, elkarteak edo beste edozein erakundek) Euskaraldian parte hartzera animatzeko. Edozein zalantza izanez gero, Udaleko euskara-zerbitzura (943-376184) edo Ttakun Kultur Elkartera (943-371448) dei dezakete. Kontsulta egin eta izena eman ere Euskaraldiaren webgunean egin daiteke: https://euskaraldia.eus
Entitateek izena emateko epea urriaren 31n bukatuko da.
Ahobizi eta belarriprest
Entitateez gain, herritarrek ere Euskaraldian parte hartzeko aukera izango dute, aurreko bi edizioan egin zen bezala. Herritarren izen-ematea irailaren 28an abiatuko da, eta https://euskaraldia.eus webgunean edo herrian zehar jarriko diren hainbat izen-emate puntutan eman ahal izango da izena.
Argazkia: Txintxarri Aldizkaia