Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Irene Urruzolak eta Haizea Elvirak irabazi dituzte galdera-lehiaketako sariak
2024·06·23
Hiru astetan zehar gauzatu zuten, horietako bakoitzean toki-izenei buruzko hamar galdera eginda jokalariei. Den-denak asmatu zituztenen artean egindako zozketan, Irene Urruzolari egokitu zaio Nekatur Nekazal Turismo Elkartearen zerrendan daudenetako landetxe batean gaua igarotzea eta gosaltzea.
Bestalde, parte-hartzaile guztiei egindako ahalegina eskertzeko, Avenida taberna-jatetxeko bi menu ere zozkatu zituzten antolatzaileek, eta Haizea Elvirak irabazi ditu.
Sariak banatzeko ekitaldia Okendo plazan egin zuten, eta sustatzaileen izenean udaleko Euskara saileko zinegotzi Jon Antxordokik eta Txintxarri aldizkariko arduradun Iñigo Gonzalezek eman zizkieten sariak aipatutako bi herritarrei.
300 jokaldi baino gehiago
Antxordoki eta Gonzalez pozarren daude galdera-lehiaketa horrek herritarrengan izandako harrerarekin. Jakinarazi dute parte hartu duten herritarrek 300 jokaldi baino gehiago egin dituztela hiru astetan eta proiektuak jokalarien ahotan jarri duela Lasarte-Oriako toponimia, batez ere, galderen erantzunen bila ibili zirenean https://toponimia.lasarte-oria.eus/ atari digitalean.
Bidenabar, nabarmendu dute gisa horretako ekimen ludikoek toki-izenena bezalako jakintza-alorrak sustatzeko duten balioa, eta aurreratu antzeko joko bat prestatzen ari direla urrirako.
Lehiaketak ez ezik, beste eduki-mota batzuk prestatzen ari dira antolatzaileak, hala nola, eskuineko aldean irakur ditzakezuen artikulu bereziak, Toponimiaren txokoa deitutakoak. Lasarte-Oriako zenbait toki-izen nabarmentzen ari dira pieza horietan, hilabete bakoitzean herrian aurrera eramaten ari diren ekimen bereziei erreferentzia eginda. Aurrenekoan toponimiari buruzko azalpen orokorrak eman zituzten, eta, bigarrenean, Azkorteko ermitara joateko bidean dauden lekuengan jarri zuten arreta.