Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Irune Erauskin Mirasolain da Lasarte-Oriako aurtengo Gidabaimena euskaraz sariaren irabazlea
2024·06·22
Ekainaren 14an 400€-ko bederatzi sari zozketatu dira Usurbilgo Potxoenea Kultur Etxean. Oxkar Santamaria Pikabea Usurbilgo Euskarako zinegotzia eta Jon Antxordoki Lasarte-Oriako euskarako zinegotzia izan dira ekitaldian, Gidabaimera euskaraz egitasmoaren Buruntzaldeako udaletako ordezkari gisa.
Buruntzaldeko sei udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) egitasmo bateratua jarri zuten abian, 2009. urtean, gidabaimenaren atal teorikoaren azterketa euskaraz prestatzea sustatzeko. Orduz geroztik, eskualdeko autoeskolekin lankidetzan gauzatzen den egitasmoa honen bidez, Buruntzaldeko herritarrei, batez ere gazteei, atal teorikoa euskaraz ateratzeko aukera dutela jakinarazten zaie, eta pizgarri moduan, azterketa gainditzen duten Buruntzaldeko pertsonen artean 400 euroko sariak zozketatzen dira.
Eskualdeko honako autoeskoletan presta daiteke gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz:
- ANDOAIN: Bengoetxea eta Vallina Cap
- HERNANI: Hernani, Lagunak, Otamendi
- LASARTE-ORIA: Mugica eta Vallina Cap
- URNIETA: Solozabal
- USURBIL: Solozabal
Egitasmo honen hartzaileak gazteak dira nagusiki, D ereduan ikasi duten herritarrak. Hain zuzen ere, euskararen biziberritze prozesuaren baitan, ezinbestekoa delako belaunaldi horiei euskaraz eskaintzea eskolaz kanpoko eta helduen munduarekin lotura duten jarduerak.
Bestalde, balioan jarri behar da autoeskoletako prestatzaileen lana; izan ere, erronka handia izan da formazio hori euskaraz eskaintzea eta ahalegin handia egin dute hala izan dadin.
Urte hauetan guztietan 1.000 lagun baino gehiagok atera dute gidabaimena euskaraz; datu ona da, eremu erdalduna dela kontuan hartuz. Zehazki, 2010etik 1310 lagunek atera dute atal teorikoa euskaraz.
Berriki, kalitatezko eskaintza bermatzeko gerora datuetan eragina izango duen aurrerapausoak eman dira, zehazki, honako bi lan ildo landu dira:
- 2022-23 ikasturtean, Errenteriako Don Bosco ikastetxean, Goi Mailako D ereduko ziklo bat eskaintzen hasi ziren, autoeskolako irakasleak prestatzeko. Klase teorikoak eta praktikoak euskaraz emateko formazioa jaso dute bertan irakasle gaiek. Orain aterako da lehen promozioa, 2024ko ekainean.
- EAEko Autoeskolen Federakuntzak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, gidabaimena euskaraz ateratzeko material berria argitaratu du, eskuliburu teorikoak, bideoak eta azterketa egiteko materiala barne. Materiala ordenagailuz zein mugikorrez ere erabili ahal izango da, horrela, nahi den garaian eta tokian ikasteko aukera emanez.
Orain arteko bilakaera datuek erakusten dute 2019z geroztik beherantz egin duela euskarazko eskoletan izena amandako ikasle kopuruak. Azken berrikuntzekin, ordea, aukera polita izango dute gure gazteek, inolako oztoporik gabe, azterketa euskaraz prestatzeko. Buruntzaldeko udalek, behintzat, gure hondar alea jarriko dugu hala izan dadin.
Aurrerapausoak emateko eta euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko jarrera irmoa dugu, eta argi dugu Buruntzaldeko herritarrak gidabaimena ateratzeko orduan ere euskararen aldeko hautua egitera bideratzeko lanean segituko dugula.
Baztertu aurreiritziak eta hautsi inertziak! Gidabaimena euskaraz!