Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Toponimia, Lasarte-Oriaren ondarea
2024-03-20
Argazkia: Txintxarri
Herri bateko leku izenek edo toponimoek informazio ugari ematen digute bertako hizkuntza, bizimodu, ohitura, gertaera historiko edota sinesmenei buruz. Horiek ezagutu, zaindu eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen laguntze aldera, egitasmo bat prestatu dute Lasarte-Oriako Udalak eta TXINTXARRI aldizkariak, elkarlanean, erakunde horrek 2019an estreinatutako webgunea ardatz hartuta. Bertan nabigatzen duten lasarteoriatarrek alfabetikoki ordenatutako eta geolokalizatutako 700 toki izen eta 500dik gora argazki topatuko dituzte, baita alor horren lanketari buruzko zenbait datu historiko ere. Hau, adibidez: Aranzadi Zientzia Elkarteak aurrera eraman zuela gure herriko toponimiari buruzko aurreneko lana, 1989. urtean.
Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordokik eta TXINTXARRI aldizkariko arduradun Iñigo Gonzalezek eman dute elkarlanean ondutako ekimen horren berri, Ama Brigitarren komentuan. Eraikin sinboliko hori 1675. urteko uztailaren 21ean inauguratua izan zela azaldu du Antxordokik eta historian zehar hiru modutan agertu izan dela dokumentatuta nagusiki: Brijidak, Brijiden konbentua eta Lasarteko konbentua. Horrelako datu eta bitxikeria askoz gehiagoren berri izango dute lehen aipatu atari digitala kontsultatzen dutenek.
Abendura arteko egitasmoa
Toponimiari buruzko artikuluak irakurri ahalko dituzue Txintxarri-k datozen aste eta hilabeteetan argitaratuko dituen aldizkarietan nahiz atari digitalean; horiek biak izango direlako jakintza alor horri buruzko edukiak zabaltzeko euskarriak. Hilabete honetan hasiko da gure herriaren ondarearen parte hori ikusarazteko kanpaina eta abenduan bukatuko da.
Dibulgazio lan horri kutsu ludikoa emate aldera, galdera eta argazki lehiaketa bana aurrera eramango dituzte jardueraren antolatzaileek, maiatzean eta urrian, hurrenez hurren. Horiei buruzko informazioa aurrerago emango dute arestian aipatutako baliabideen bitartez eta baita herri aldizkariaren sare sozialen bidez ere. Herritar guztiek parte hartu ahalko dute.
Antxordokik eta Gonzalezek balioan jarri dute elkarlanean prestatutako egitasmo hori eta herritarrak animatu dituzte gure herriko toki izenei buruz webgunean saltseatzera, batetik, eta datozen hilabeteetako lehiaketetan parte hartzera, bestetik.
Ahozko lekukotzetatik, izendegi ofizialera
Aranzadi Zientzia Elkarteak 1989an egindako lan horretan ahozko lekukotzak jaso zituen, gehienbat. Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko 2001eko ordenantzaren arabera, udalerriko toponimia guztiarekin izendegi edo nomenklator ofizial bat eratu beharra ezarri zuen.
Lan horri heldu zion Lasarte-Oriako Udalak eta 2016an Ikermap enpresari enkargatu zion azterketa toponimiko bat egitea, izendegi ofizial hori prestatu ahal izateko. Bi urte geroago argitaratu zuen erakundeak nomenklator hori, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. 289 leku izen eta 109 kale izen ofizial bildu zituen dokumentu horretan.
Harremanetarako:
- 688 68 35 10
- txintxarri@ttakun.eus
Geltoki kalea 4, behea. Bulegoko ordutegia: 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Astelehen goiz eta ostiral arratsaldeetan, itxita.