Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Aktualitatea
Atzealdea Martxoaren 6tik aurrera beharrezkoa izango da txartela edo mugikorra erabiltzea zaborrontzi grisa irekitzeko
2024-03-04
Lasarte-Oriako alkate Agustín Valdiviak eta Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek martxoaren 6an hasiko den kanpaina berria aurkeztu dute.
Valdiviak adierazi du datorren martxoaren 6an itxiko direla errefusatzeko zaborrontziak (zaborrontzi grisa). Neurri horren bidez, birziklatze-portzentajeak hobetu nahi dira, gutxienez hondakinei buruzko Europako direktibek eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak eskatzen dituzten mailetara iristeko, horien arabera hondakinen prestaketak eta birziklatzeak % 55era iritsi behar baitu 2025ean, % 60ra 2030ean eta % 65era 2035ean, eta, era berean, Lasarte-Oriako Etxeko eta Merkataritzako Hondakinei buruzko Ordenantzak jasotzen duena betetzeko.
Errekuperatu ezin diren hondakinen (errefusa) kopurua murriztea da helburua, horiek baitira udalerriarentzat tona bakoitzeko ingurumen-kostu eta kostu ekonomiko handiena duten frakzioa.
Kontainer horiek (zaborrontzi grisa) ireki ahal izateko, iaz zure postontzira txartel bat iritsi zen, eta haren bitartez desblokeatuko da itxiera. Irekiera errazteko asmoz, zure txartelak duen QR kodea eskaneatu eta IREKI aplikazioa deskarga dezakezu. Horren bitartez, sarraila zure mugikorraren bidez desblokeatuko da, txartela zerorrekin eraman beharrik gabe, eta, gainera, bizikide-unitateko kide guztiek ireki ahal izatearen abantaila du.
Irekitzeko egunak ez daude mugatuta; beraz, ez dago arazorik asteko edozein egunetan zaborra botatzeko, betiere horretarako ezarritako ordutegiak errespetatuz.
Irailean, lortutako emaitzen balorazioa egingo da, eta ezarritako helburuak lortzeko aurrera eraman beharreko hurrengo ekintzak zehaztuko dira.
Mateosek adierazi zuen hainbat edukiontzi-uhartetan informazio-olanak jarriko direla, herritarrei egoera berri horretara egokitzen laguntzeko:
- Adarra
- Ola kalea
- Zirkuitu ibilbidea (tenis pista)
- Hipodromoa (Jalgi)
- Goikale (parkea)
Hondakinen politikan beti hitz egin da murrizketaz-berrerabiltzeaz-birziklatzeaz, orain, ordea, prebentzioa, birziklatzeko prestaketa eta berrerabilpena esaten zaio.
Zinegotziak uste du zoriontzekoa dela Lasarte-Orian biztanleko 0,94 kg hondakin sortzea, batez bestekoaren azpitik, eta beheranzko joerarekin duela bi urtetik hona.
Hondakinen gaikako bilketaren tasari dagokionez (birziklatzeko prestatzea), urteko guztizkoa % 48,3 da. Ehuneko 3,4 puntuko igoera 2022ko datuekin alderatuta.
Udalaren ustez, datu horiek martxotik ekainera bitartean egindako kanpainaren eragina dira, zeinak maiatzean eta ekainean eman baitzituen emaitzarik onenak, lehen aldiz % 50etik gorako tasarekin, maiatzean % 51,4ko maximoarekin. Nabarmentzekoa da 2023an hileko ehuneko guztiek gainditu dituztela 2022koak (2023ko otsailean izan ezik).
Hondakinen tipologiari dagokionez, biohondakinen bilketan hobekuntza oso garrantzitsua lortu da, pertsona gehiagok bereizten baitute hondakin hori. Datu gordina hartuta, badirudi Lasarte-Oriako biztanle bakoitzak urtean 10Kg biohondakin baino gehiago bereizi dituela; hala ere, hobetzeko tarte handia dago.
Bestalde, biek adierazi zuten pozik zeudela Lasarte-Orian bildutako hondakin organikoaren kalitatearekin; izan ere, araztasunaren karakterizazioa % 96,14koa zen 2018an, eta % 99,59koa, berriz, 2021ean. Horrek esan nahi du edukiontzi marroiaren erabilera handitzearekin biohondakin gehiago sortzeaz gain, kalitate hobeagokoak sortzen ditugula.
Amaitzeko, alkateak herritarrak animatu zituen gure aztarna ekologikoa murriztera eta gure hondakinen murrizketa, bereizketa eta birziklatze indizeak hobetzera, zaborra zaborrontzietan sartzeaz gain, Lasarte-Oria garbiago batez gozatu ahal izateko.