"Denboraren makina", 2020ko Inauterien gaia. Laguntzen deialdia zabalik
2019·11·18
Lasarte-Oriako Udala eta herriko konpartsak dagoeneko lanean hasi dira, otsailaren 23an hasiko diren 2020ko Inauteriak ahalik eta dibertigarrienak eta atseginenak izan daitezen herritar guztientzat.
Aurtengo honetarako aukeratutako gaia hauxe da: denboraren makina. Gai honekin, irudimen-ariketa bat egitera animatu nahi dituzte herriko kuadrilla guztiak. Denbora-makina horri esker, denboran zehar bidaiatu ahalko dugu. Konpartsa bakoitzak erabaki ahalko du iraganerantz edo etorkizunerantz bidaiatuko duen. Inauteria nola bizi nahi duten hautatzeko aukera bat.
Konpartsak eta karrozak egiteko dirulaguntzak eskatzeko epea dagoeneko zabalik dago, eta abenduaren 20an amaituko da. Informazio gehiago nahi dutenak Festen departamentura etorri edo kontaktuan jar daitezke, Manuel Lekuona kulturetxean.
Laguntzak 2020ko Inauteriekin zerikusia duten jarduerak garatuko dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiek eskatu ahalko dituzte, bai eta Inauterietako konpartsek ere. Guztira 12.425 euro bideratuko dira programa honetarako.
Bete beharreko baldintzak dira dirulaguntzen eskatzaileen erregistro orokorrean alta emanda egotea eta behar bezala betetzea dirulaguntzaren eskaera-orria, zehatz-mehatz azalduz garatuko duen programa eta gastu-sarreren aurrekontua.
Balorazioko irizpideak honako hauek dira:
- Parte-hartzaileen kopurua, 20 puntu.
- Programak edo jarduerak egina duen ibilbidea eta errotze-maila, 10 puntu.
- Antzeko proposamenekiko koordinazioa, 10 puntu.
- Programaren aurrekontua, 40 puntu.
- Entitatearen edo konpartsaren jarraikitasuna eta fidagarritasuna, 5 puntu.
- Programaren edo jardueraren finantzazio-tasa, 15 puntu.