Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

%85eko bekarekin, “Emaiozu buelta bat zure munduari euskararekin”

Euskara ikasteko edota hobetzeko aukera oso ona eta ia-ia dohainik eskaintzen dute herriko bi euskaltegietan.

2020·09·08

Herriko bi euskaltegietako zuzendariek eta Jon Antxordoki Euskara Batzordeko lehendakariak lagundurik, herritarrak gonbidatu dituzte euren euskara-gaitasuna hobetzeko aukera paregabeaz baliatzera.

Ia-ia dohainik

Jon Antxordokik azaldu du euskara ikasten aritzen diren herritarrek matrikula-prezioaren %85 arteko beka jaso dezaketela Udaletik. Zehaztasun eta baldintza guztiak etxebizitza guztietara banatu den diptikoan daudela gogorarazi du.

Eskaintza berri horri erantzuteko, 2020ko aurrekontua 60.000€koa du Udalak. Irizpide horiekin 2019-20 ikasturtean 146 beka eman berri ditu.

Udal euskaltegian ordainketa 10 zatitan

Udal euskaltegiko zuzendaria den Jesus Mari Asurabarrenak gogorarazi zuen matrikulatzeko epea irailaren 23an amaituko dela eta, epe horren barruan matrikulatzen diren ikasleek matrikula hamar zatitan ordaintzeko aukera izango dela. Eta horretaz gain, Gazte txartela dutenek %10eko hobaria izango dute eta beste udal zerbitzuetan bezala, hobaria (%25, %50 edo %75ekoa) edo salbuespena izateko eskubidea dutenek, euskaltegiaren matrikulan ere izango dute.

Era berean, urtero moduan, eskolak goizean, arratsaldean eta iluntzean izango dira eta maila guztiak eskainiko dituzte. Aurrez aurreko eskoletara etorri ezin dutenentzat, berriz, on-line bidezko autoikaskuntzako eskaintza ere badutela gogorarazi dute.

Muntteri-AEK euskaltegia

Garazi Zinkunegii, Muntteri-AEK euskaltegiko zuzendariak adierazi du herrian matrikulatzeak abantaila handiak dituela, besteak beste, jendea ezagutzen, herriko harreman-sareetan txertatzen eta herrian egiten diren gauzetan parte hartzen laguntzen duelako.

Euskaltegiko eskaintzari dagokionez, ordutegi guztietan eta maila guztiak eskaintzen dituztela gogorarazi du eta aurrez aurreko klaseetara joan ezin dutenentzat autoikaskuntzaren eskaintza ere badutela adierazi du.

Udal euskaltegian bezala, irakasle prestatuak dituztela euskaltegian eta zerbitzuaren kalitatea bermatuta dagoela esanaz, herritarrak matrikulatzera gonbidatu ditu. Epea irailaren 25ean amaituko da.

Emaiozu buelta bat zure munduari

Amaitzeko, Jon Antxordokik gogorarazi du herrian dauzkagun bi euskaltegien eskaintza eder hori eta beka-sistema indartsua tresna paregabeak direla bidaia bat egiteko.

Bakoitzaren abiapuntua eta helmugak desberdinak direla eta hala izan behar dutela esan zuen euskara batzordeburuak. Batzuetan titulu bat behar dugu eta horretan ahalegintzen gara. Beste batzuetan ingurukoak ulertu nahi ditugu eta helburu hori lortzeko euskara ikasteak errespetuzko jokabidea ere adierazten du. Pertsona bakoitzak komeni zaion bidaia egin behar du.
 

Dekargatu liburuxka

Ondo Ibili [pdf]