Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak

Web edukia bistaratu

Lasarte-Oriaren historia

Hastapenak

Lasarte-Oriako udalerriaren hastapenak Erdi Aroan data daitezke, San Pedro ermitaren inguruko kokaleku batean, Donejakue bidearen hainbat ibilbidek bat egiten duten lekuan, gaur udalerriaren erdigunea izango litzatekeen lekuan. Lasarte familiaren etxe-dorrearen babespean (denbora igaro ahala, Oquendo familiak bereganatu zuen), Erdi Aroaren amaiera aldera hiribilduaren lehen populazio-nukleoa sortu zen, haren lehen bi industriekin batera: errota eta burdinola. Oria auzoaren izena haren ondotik igarotzen den ibaiari dagokio. Lasarte izenaren jatorriari dagokionez, ez dago adostasunik, baina jatorria Lasarte familian izan dezake. Hain zuzen ere, Lasarte familiaren ezkutua agertzen da udalerriaren ikur gisa.

1180an, Lasarte Donostiaren barneko nukleo bat zen, Nafarroako erregeak, Antso Jakitunak, hiribildua fundatzean eman zuen foruaren eraginez. Gero, eta hainbat fundaziotan oinarrituz, Donostiarengandik banatu ziren hainbat udalerri: 1371an, Usurbil; 1380 inguruan, Hernani; eta, askoz beranduago, 1615ean, Urnieta. Gero eta nukleo garrantzitsuagoa izan arren, Lasartek ez zuen independentziarik lortu, eta Hernaniren jurisdikziopean geratu zen lehenengo, eta Urnietaren menpe −zati bat− 1615ean.

Hiribildua 1736. urtean onartu zuten, lehenengoz, banandutako nukleo gisa. Izan ere, Hernaniko Udalak Lasarterako auzo-alkate bat izendatzea erabaki zuen, hura Hernaniko alkatearen mendekoa izan arren. Horrela, bada, XIX. mende erdialdera aldera, mendeko bi auzok osatzen zuten Lasarte, bata Hernaniren jurisdikziopean eta bestea Urnietaren jurisdikziopean, eta horien alkateek izendatzen zuten beti beren auzo-alkatea. Auzo horiek Mendaro errekak banatzen zituen.

Hiribilduko industrializazioa 1848. urtean abiarazi zela esan genezake, Brunet familiak 200 langile baino gehiago enplegatzen zituen ehun-fabrika bat martxan jarri zuenean. Gero, hainbat fabrika eta galdategi ezarri ziren. Horrela, Lasarte-Oriak landa-izaera izateari utzi eta industria-herri bihurtu zen pixkanaka eta, denbora igaro ahala, herritar-kopuruak nabarmen egin zuen gora.

1860ko erroldaren arabera, hau da, industrializazioa hasi eta pixka batera, Lasarte-Oriak 583 biztanle zituen (450 Hernaniko zatian eta 133 Urnietako zatian), mende horren hasieran erdira ere ez iritsi arren.

Bestalde, lan-baldintzak oso gogorrak zirela azpimarratu behar dugu. Ehun-fabrikak, adibidez, 8 eta 75 urte arteko langileak enplegatzen zituen, eta jardunaldiak 14 eta 16 ordu artekoak izaten ziren.

Independentziara aldeko bide luzea

1867an, Lasarteko bizilagunek auzo-alkateek babestutako proposamen bat egin zuten bildutako zergak administratu ahal izateko. Hernaniko eta Urnietako udalek ezetsi egin zuten proposamena, baita Lasarteko bizilagunek egindako eskaerak eta kexak ere, baina Foru Aldundiak oso jarrera pasiboa mantendu zuen egoera horren aurrean. Hori dela eta, Lasarteko bizilagunek eskutitz bat idatzi zioten Isabel II.a erreginari, eta barruti independente bat sortzea eskatu zioten haren bitartez. Dena den, Gorteetan ez zuten gaia jorratu, 1868ko gatazka politikoak zirela eta. Dena den, lasartearren ahaleginak ez ziren hor geratu. I. Errepublika eragin zuen iraultza “loriatsuaren” babespean, Lasarten batzar iraultzaile bat sortu zen eta hark udal-barruti independente gisa aitortu zuen hiribildua, 1868. urteko urriko akordio bidez. Nolanahi ere, eta Urnietako Udalak egindako protesten aurrean, gobernadore zibilak Urnietako Udala eta Lasarteko Udala desegitea erabaki zuen hilabete bat beranduago, eta alkate bakar bat izendatu zuen Urnietako hiribildurako eta Lasarte auzorako. Urte horretako abenduan, Urnietako Udalak erreferendum bat deitu zuen Lasarteko eta Oriako zatietan eta, desanexioaren aldeko botoek nabarmen irabazi arren, ez zen erreferenduma kontuan hartu. Denak lehen bezala jarraitu zuen.

Hurrengo hamarkadetan, Urnietako eta Hernaniko udalek bertan behera utzi zituzten autonomia handiagoa edo segregazioa lortzeko saialdi guztiak.

Lasarte-Oriak migrazio-bolada sendoak jaso zituen 1950 eta 1970. urteen artean ─bost aldiz handitu zen biztanle-kopurua─ eta horrek ezinezko egin zuen Hernanik eta Urnietak osatzen zuten diarkia ankilosatu moduko hura mantentzea. Horrela, Lasarte-Oria udal izatearen aldeko herri-oinarri sendoko gestora bat sortu zen 1975ean. Hark udal-proiektu berri baten bideragarritasuna lortzea zuen helburu, eta udalerri independente bat izatearen aldeko 5.000 sinadura baino gehiago bildu zituen. 1979ko lehen udal-hauteskunde demokratikoen ondoren, Lasarte-Oriako Behin Behineko Udala eratu zen, Lasarten bizi ziren Hernaniko eta Urnietako zinegotzi hautetsiekin. 1982an, Foru Aldundia Lasarteko Udala osatzearen alde agertu zen, eta gauzatzen ari ziren espedientea lehenbailehen amaitu zezatela eskatu zuen.

Azkenean, udalerri independentea

1985eko urtarrilean, Lasarte-Oriako Behin Behineko Udalak herri-kontsulta bat deitu zuen. Abstentzioa oso altua izan zen, Andoainekiko, Hernanirekiko eta Urnietarekiko desanexioa bakarrik jasotzen baitzuen, eta etorkizunerako utzi zituen Usurbilekin eta Donostiarekin egin beharreko akordioak. Dena den, 4.740 pertsonek udalerri bihurtzearen BAIEZKO botoa eman zuten eta 75ek, berriz, EZEZKOA. 1985. urte amaieran, Urnietako, Hernaniko eta Andoaingo Udalbatzarrek Lasarte-Oriaren desanexioa adostu zuten. 1986ko otsailaren 15ean, Lasarte-Oriako Udalaren Batzorde Kudeatzailea eratzeko bilkura egin zuten, eta Ana Urchueguía andrea izendatu zuten lehendakari. Lasarte-Oria udalerri independente bihurtu zen azkenean.