Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Zinema (h)abian programan parte-hartzaileen harrera

Alkateak harrera egin zien Cinema en curs – Zinema (h)abian programako arduradunei eta Oriarte Institutuko 11 ikasleei. Programaren helburuak esplikatu eta ikasleek bizitako esperientziak azaldu ondoren, haiek egindako eszena batzuk erakutsi ziren.

2019·05·20

Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak eta Maite Iglesias kulturako zinegotziak batzar-aretoan errezibitu zituzten Cinema en curs – Zinema (h)abian programako arduradunak eta Oriarte Institutuko ikasleak, zinemaren munduan sartzen dituen programa horretan parte hartzen dutenak.

Sarean egindako proiektu bat denez gero, udalak 1.900 euro ingururekin finantzatuko du ekainaren hasiera aldean parte-hartzaileek Bartzelonara egingo duten bidaia, María Espinalt institutuan egin asmo den topaketarako. Egindako lanak ekainaren 3an, 4an eta 5ean proiektatzeko asmoa dago.

Tabakaleran programaren koordinatzailea den Lur Olaizolak Cinema en curs aurkeztu zuen. Haren ondotik, Mikel Gurrea zinema-zuzendariak hizketaldia hasi zuen ikastetxeko 10 ikasleekin. Parte-hartzezko hizketaldi horretan, proiektuaren barruko kontuen, egindako lanaren eta parte-hartzaileek bizitako esperientzia eta sentimenduen berri jakin ahal izan zen.

Programaren barruan sartzen da filmak ikustera ematea, haietan irudikatutako mezuak eta esanahia landuz. Ariketa praktiko moduan, ikasleek ekipamendu profesionalekin lan egiten dute hainbat taldetan, parte-hartzaile bakoitzak hainbat eginkizun hartuz: gidoilaria, kameraria, soinu-teknikaria... Lan horren emaitza gisa, parte-hartzaileek taldean lan egiten eta adostasunak bilatzen ikasten dute, bai halaber beren ingurunearen eta inguruko errealitatearen ezagueran sakontzen.

Cinema en Curs zinemako proiektu pedagogiko bat da, A Bao A Qu elkarte kulturalak sortua eta 2005-2006 ikasturteaz geroztik eskola eta institutuetan garatzen dena. Katalunian sortua, gaur egun proiektua lehen eta bigarren hezkuntzako zentro publikoetan garatzen da: Katalunian (23 zentro), Galizian (5 zentro), Madrilen (3 zentro), Berlinen (2 zentro), Brandenburgon (3 zentro) eta Txilen (7 zentro). 2019. urte honetan, proiektua bi zentrotan garatzen da. Alde batetik, Lasarte-Oriako Oriarte institutuan, DBHko 4. mailako talde batekin eta Mikel Gurreak lagunduta. Bestetik, Peñaflorida institutuko DBHko 3. mailako talde bat. Kasu honetan, proiektua Maide Oleaga zinemagilearekin ari da garatzen.

Cinema en Curs proiektuak bi helburu nagusi ditu: haurrek eta gazteek zinema arte moduan, sorkuntza moduan eta kultura moduan ulertua deskubri dezaten sustatzea. Eta zinemagintzak hezkuntzaren testuinguruan dituen ahalmen pedagogikoak garatzea.

Aurten, Tabakalera eta Elías Querejeta Zine Eskolaren eskutik eta A Bao A Qu elkartearen laguntzarekin, Zinema (h)abian ekimena sortu da. Zinema eta zinemagintza eskola-eremuan lantzea proposatzen duen eredua bere egin dute bi erakundeek, eta proiektua gure ingurura ekartzeko eta bultzatzeko konpromisoa hartu dute.

Joan den urtean, Lasarte-Oriako Oriarte Institutuan garatuko da Zinema (h)abian. DBHko lehen mailako 23 ikaslek parte hartzen zuten esperientzia honetan, eta Mikel Gurrea zuten irakasle. Gurrea zinema-zuzendaria da, eta gaur egun bere lehen film luzea garatzen ari da; 2016an artista egoiliarra izan zen Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak elkarlanean antolatzen zuten Ikusmira Berriak programaren barruan.

Cinema en Curs proiektuak bi ardatz nagusi ditu. Alde batetik, haurrei eta gazteei zinema, bere horretan, sorkuntza edo arte gisa deskubritzeko aukera eskaintzea. Eskoletan ohikoa izaten da filmen proiekzioa baliabide bezala erabiltzea ikasgelan lantzen diren kontzeptuak ulertzen laguntzeko. A Bao A Qu elkarteak zinema bera, musika, pintura edo beste arteen modura, sorkuntzazko ariketa bat delako ideia transmititu beharra planteatzen du.

Horretarako, ikasturte osoan zehar zinema ikusteko eta egiteko aukera izango dute ikasleek. Aldi berean ikusleak eta zinemagileak izango dira. Bide horretan laguntzeko, irakasleez gain, zinemagintzaren munduko pertsona bat izango dute berekin. Zinema pasioz maite duen norbait, zinema egiten duen eta egunero bizi duen norbait arduratuko da esperientzia honetako parte-hartzaileei zinema zer den eta nola egiten den esplikatzeaz. Aurreko edizioetan, esate baterako, Carla Simón, Jonás Trueba, Ángel Santos edo Nely Reguera izan dira ekimenean parte hartu dutenak.

Bigarren ardatza zinemaren bidez egindako pedagogia da. Zinema norberaren bizipenak, ikuspuntuak, norberaren barne-mundua sortzeko eta azaltzeko bidea ere badelako ideia. Barne-unibertso horiei balioa aitortu nahi die programa honek. Zinemagintzan aritzea norberaren izaera eraikitzen laguntzeko baliabide gisa ulertzen da hemen, talde-lana eta gelakideen arteko harremanak sustatzen dituena eta adostasunak lortzearen garrantzia azpimarratzen duena. Zinemagintza beti da elkarlanean egindako prozesu baten emaitza, eta horrek hezkuntzan funtsezko baloreak lantzeko eta transmititzeko parada ematen du.

Cinema en Curs proiektuarekin bat egiten duen leku bakoitzak programa bere ingurunearen ezaugarrietara egokituta garatzen du, eta hainbat ekarpen egiten dizkio. Euskadiren kasuan, Gipuzkoan zehazki, Tabakaleraren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren arteko elkarlanetik sortutako aukerak asko dira. Helburuetako bat da ikasleek Tabakalera erakina berea balute bezala sentitzea, eta eskaintzen dituen guneak eta baliabideak erabiltzea eta gozatzea. Tabakalerako bitartekari-ekipoak ere proiektuarekin bat egingo du eta bere esperientzia eskainiko du, eta Aitor Gametxo zinemagilea arduratuko da Euskadin Zinema (H)abian koordinatzeaz eta Cinema en Curs proiektuarekin zubi-lana egiteaz.