Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Zazpiak bat elkarlana etxetik hasten da lelopean abiatu da Udaltop

Markel Olanok, Bingen Zupiriak, Mikel Arregik, Igone Martinez de Lunak, Lorea Bilbaok, Jesus Zaballosek eta Jon Antxordokik ireki dituzte topaketak. Lehen egun honetan Euskal Herriko euskara zerbitzuen lehen fitxategia aurkeztu dute.

2019·05·16

Abian dira Udaltop jardunaldiak, Udaletako Euskara Zerbitzuen arteko topaketak, LasarteOriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Hamargarren urteurren bereziaren ondoren hamaikagarren edizioan barneratu dira jardunaldiak eta, aurten ere, hamaika kontu ikusi eta ikasiko dituzte parte hartzaileek elkarlanaren esparruan.

Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera… Ados? izenburupean, elkarlan eredu eta Gobernantza eredu berriak aztertuko dira gaur eta bihar. Euskaraldiak ere, aurreko bi edizioetan bezala, izango du bere protagonismoa.

Eta aurten, gainera, erabat sendotuta dator Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak osatzen zuten Antolamendu Batzordera Euskal Hirigune Elkargoa, Nafarroako Gobernua, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia batu direlako. Azken urteetan bezala Eudel, Euskadiko Udalen Elkartea, eta Uema, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, laguntzaile dira.

Bi egunez, 210 pertsona pasako dira Lasarte-Oriatik; Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiako, Nafarroako, Lapurdiko eta Nafarroa Beherako euskara teknikariak, arduradun politikoak, irakasleak, hizlariak eta beste hainbait esparruetako langileak.

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Mikel Arregik, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak, Beñat Arrabitek, Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikako arduradunak, Igone Martinez de Lunak, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatuak, Lorea Bilbaok, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako diputatuak, Jesus Zaballosek, Lasarte-Oriako alkateak, eta Jon Antxordokik, LasarteOriako Udaleko euskara batzordeko lehendakaria, abiatu dute edizio berri hau, Asier Odriozola kazetariaren gidaritzapean.

Gaur, gainera, Euskal Herriko euskara zerbitzuen lehen fitxategia aurkeztu dute eta, bertan, mapan zehar bidaiatuz udalerrietan geldialdia egin eta herri bakoitzeko euskara zerbitzuen datuak eskuratu daitezke. Momentuz, www.udaltop.eus webgunean egongo da ikusgai fitxategia.

Hasiera ekitaldia

Zaballosek ireki du Udaltop 2019. “Iaz ongi etorri berezia eman genizuen hamargarren edizioa zelako eta aurten ere berezia da eman nahi dizuedan ongi etorria. Lehendabiziko aldiz euskararen herri guztiak barne hartzen dituzuen erakunde guztiak gara Udaltopen antolatzaile. Honek esan nahi du elkarrekin ari garela lanean, elkar ulertuta. XXI. Mendean Europaren erdigunean, hizkuntza gutxitu bat biziberritu nahi baldin badugu, elkar ulertzetik hasi behar dugu eta elkarrekin lan egin. Euskaraldiak lekzio on eman eman digu esparru horretan, baina egia da baita ere, elkarlana gauzatzeko bide eta modu berriak bilatu behar ditugula”, adierazi du.

Jarraian Beñat Arrabitek, Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikako arduradunak, Eskoziatik agurtu ditu Udaltopeko parte hartzaileak; “Aurtengoa edizio berezia da; lehen aldiz, Euskal Herriko elkargo guztiek parte hartzen dugulako antolatzaile gisan. Guretzat plazer handia da. Urratsez urrats euskara lantzen ari gara gure politiketan eta horretarako Udaltop beharrezkoa da. Gure mugez haratago harremanak eraikitzea beharrezkoa da, batak besteari gure ikusmoldea emateko. Udaltopek hori eskaintzen digu guztioi”.

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuak, ere hartu du hitza; “Urte batzuk pasata, atzera begira jartzen garenean konturatzen gara zein garrantzitsuak izan diren azken urte hauek euskaren normalizazioaren alorrean. Hori horrela, ikusiko dugu erakunde bat sortu dela Iparraldean, aldaketa politikoaren ondorioz euskararen aldeko politikak bermatu direla Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan dinamika berriak eta lan egiteko modu berriak sortu direla. Espero dut elkarrekin hasitako bide honek jarraipena izatea. Etorkizunean ikerketa, pertsonak, mundu pribatua eta gizartearen atxikimendua izango dira giltzarri nagusiak”, azpimarratu du.

Jon Antxordokik, Lasarte-Oriako euskara batzordeko lehendakariak, ondorengoa nabarmedu du, “apal-apal hasi ginen eta pixkana indarra hartu du Udaltopek. Elkarlan hau oso positiboa da, orain arte ondo lan egin dugu eta hemendik aurrera hobeto egingo dugula ziur gaude”.

Markel Olanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, hartu du Antxordokiren testigua. “Euskalgintzatik bat zetorren hausnarketarekin bat egin genuen, euskara bidegurutzean zegoela. Hori horrela, bi ideia nagusi barneratu genituen, batetik, erakunde publikoek

bultzatu behar genuela elkarlana eta, bestetik, berrikuntza funtsezkoa zela. 2018an eman genuen urratsik garrantzitsuena, gobernantza eredua aldatu eta tresna bat jarri dugu martxan: etorkizunari eraikiz. Horrekin, etorkizuneko erronkei modu kooperatiboan, gizarte osoarekin partekatuz, aurre egin nahi diegu. Elkarlanak aldaketa kualitatiboak emateko aukera eskaintzen du eta hori da bidea”, azaldu du.

Mikel Arregik, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak, itxi du hasiera  ekitaldia; “Euskaraldiak eragin nabarmena izan du Nafarroan eta Nafarroan lan egiteko moduan. Gobernuan bi modutan gauzatu dugu Euskaraldiaren lankidetza; alde batetik, hitzarmen bat sinatu dugu Nafarroaren Topagunearekin, gure ustez erabilera bultzatzeko motorra delako eta, bestetik, Euskal Herri mailako koordinazio batzordean parte hartzea izan da. Etorkizuna oparoa ikusten dut, baina arrakasta lortzeko ezinbesteko da administrazio publikoak euskaraz egiteko aukerak eskaintzea. Lan handia egin dugu orain arte eta horretan lagunduko digu lankidetzak”

Ostegun oparoa

Osteguneko bidai luzea Mario Zubiagak hasiko du eta “Nola autogobernatu hobeto (herriko hizkuntza) komunitatea” izenburupean ponentzia eskainiko du. Jarraian, Arkaitz Bernaolak, Iratxe Goikoetxeak eta Miren Madariagak “eusGara: hizkuntza, balio erantsi Arratiako enpresen garapenean. Elkarlanaren emaitza” bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.

Goizeko atsaldenaldiaren ostean, Gartzen Garaiok eta Joeba Llanok hartuko dute hitza “Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua: elkarlana, nor izateko” ponentzia eskainita. Iban Arantzabalek eta Maria Ubarretxenak “Kudeaketan ezkonduak eta kazetaritzan dibortziatuak” izenburupean arituko dira. Goizeko azken saioko protagonista Iñigo Urrutia izango da “Euskalgintzaren lankidetza bideratzeko formula berrien bila” hitzaldiarekin.

Euskara teknikari, arduradun politiko, irakasle, hizlari eta hainbat esparruetako langileen tripa zorriak kentzeko asmotan Araeta Sagardotegira joango dira eguerdian. Beren artean egingo dituzten Udaltopak eta bazkariak bide emango die arratsaldeko jardunari, Eneko Bidegainen “Bagare ala ez gire? Guraizeetatik jostorratzetara” irakurketa kritikoari eta Iñigo Urrutiaren eta Xabier Lertxundiren “Elkarrizketa legelari eta kontu-hartzaileekin, lankidetza publiko-sozialerako formulez” ponentziari.

Ostiralean, talde lana

Topaketen bigarren eguna izango da ostirala. Gorka Espiauk emango dio hasiera ostiraleko jardunari “Zein izan behar dira euskalgintzaren baloreak XXI. mendean?” hitzaldia eskainita. Jarraian Estitxu Alkortak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, eta Jasone Mendizabalek, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak, “Euskaraldiko lankidetza esperientzia txarretatik ere ikas genezake?” gaia jorratuko dute.

Horiei testigua hartuko die Josune Zabalaren, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako hizkuntza ikerketa eta koordinazio zuzendariaren, eta Uxoa Anduagaren, Soziolinguistika Klusterreko teknikariaren, “Euskaraldia: mungimendu mintzoa (eta zer esan digute antolatzaileek?)” ponentziak.

Goizeko atsedenaldiaren ondoren talde-lanari ekingo diote Udaltopeko parte hartzaileek “elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera. Berrikuntza sozialerako plataforma bat diseinatzen saiatuko gara. Ados?” izenburupean. Azkenik, testigantzen txanda eta “Euskaraldiko elkarlanaz: Lehendakaritza, Bilbo, Amurrio eta Viana” esperientziaz arituko dira Asier Aranbarri, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako aholkularia, eta Begoña Arruabarrena, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako itzulpeneko eta normalizazioko teknikaria.

Hamargarren edizioak merezitako agur berezia izango du Pantxika Lamourren, Zirika Zirkus taldeko pailazoaren, eskutik. Umore ukitua izango du emanaldiak, baina ez du asko aurreratu nahi izan nola lortuko duen topaketara gerturatuko diren pertsonak irribarre batekin ateratzea. Aurtengoa irrifar handi batekin agurtuko da, energia berarekin datorrenari begira jarrita.