Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Lasarte

Habiaratutako portletak
Aktualitatea
Atzealdea

Udalak eta Ttakunek 2019-20 ikasturterako lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Urteroko egitasmoak jasotzen dira hitzarmenean eta 2020an Euskaraldia elkarrekin antolatzeko lanak ere bai.

2019·10·10

Udalaren izenean, Jesús Zaballos alkateak eta Euskarako Batzordeko lehendakaria den Jon Antxordokik hitzarmen honen garrantzia azpimarratu zuten. Herriko elkarteekin sinatzen diren hitzarmenen artean handiena da bera: 178.015,84 €. Diru-kopuru horrekin, ordea, herritar askoren hizkuntza-ohiturak astintzen dituen zazpi programa handi antolatuko ditu Ttakun Kultur Elkarteak eta, gainera, diru-kopuruak hala eskatzen duelako, bi auditoria eginez likidatu beharko ditu diru-kontuak elkarteak datorren urtean, bata diruz lagundutako programei dagokiena eta elkartearen diru-kontu guztiena bestea.

Diru-kopuruaz gain, ordea, hitzarmenaren filosofiak adierazten duena azpimarratu zuen Jon Antxordoki Euskara Batzordeko lehendakariak, izan ere, Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak elkarrekin landu dituzte Lasarte-Oria euskalduntzen jarraitzeko lan-lerro nagusiak eta programa zehatzak. Ez da soilik programa batzuk egiteagatik diru-laguntza emate soil bat. Filosofia horrekin ari dira elkarlanean herriko euskalgintzako erakunde guztiak eta urrats honek berretsi besterik ez dute egiten harreman-modu hori.

Erronka handiak

Ttakun Kultur Elkartearen izenean hango lehendakari berria den Mari Karmen Ormazabal Ansak sinatu du hitzarmena. Ormazabal andreak Tomas Arrizabalaga ordezkatu du karguan, eta adierazi du Udalaren eta Ttakun kultur elkartearen arteko hitzarmena eredugarria dela, bai kopuruarengatik, baina baita ere bi erakundeen artean herrian egiten ari den lanarengatik ere.

Sinatutako hitzarmenean jasotako diru-kopuruaren trukean, Ttakun Kultur Elkarteak zazpi programa handi garatuko ditu. Hedabideen alorrean Txintxarri paperezkoa eta digitala, aisialdiaren alorrean Gazte-kluba eta Amaraun kluba haur eta gaztetxoentzat, eta Kuadrillategi programa 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. Helduen euskalduntzearen harira, Solaskide programarekin eta Gurasolandia eta Gurasolagun programekin jarraituko du, eta Kulturgintza euskararen eskutik programaren barruan Euskal Jaia, udaberriko bertso-saioa eta beste hainbat ikastaro antolatuko ditu, eta, azkenik, datorren urteko Euskaraldiko lanak ere egiten hasiak daude Udalarekin hitzartutakoari jarraituz.


Web edukia bistaratu

COVID-19 mapa. LASARTE-ORIA

Legenda
  Azken 14 egunetako kasuak 100.000 biztanleko
500 kasu edo gehiago
300 eta 499 kasu artean
60 eta 299 kasu artean
60 kasu edo gutxiago
Eraginik gabe edo 5.000 biztanle baino gutxiago udalerrian
 

 

*Datuen jatorria: OpenData Euskadi

**14 eguneko tasa 100.000 biztanleko. Tasak kalkulatzeko EUSTATen Biztanleen Udal-Erroldaren Estatistikan 2019ko urtarrilaren 1erako argitaratutako biztanleria hartzen da.